X. ESKENA
Pertsonaiak: burrukan daudenak, autoestopista, andre zuria.
(Oihu, zarata, disparo-hotsak eta abar entzuten ari diren bitartean, eskenatokiko atzeko aldea iluntzen ari da. autoestopistak, keontzi eta gomazko piloetatik ihes egiten duelarik, aurreko ezkerraldea dago. Atzeko alaea astiro amatatatzen ari da, eta iluntasunaren erdian gerraren eskena projektatuak agertzen dira. Irudi hauek, eskenatokian burruketan ari diren pertsona batzuren itzalekin batera ikusten dira.)
AUTOESTOPISTA: Halajaina! Arraio guztiak! Hau infernu bat da!
(Korrika bailegoen dabil, tarteka marteka disparoetatik ihes egin eta lurrera erori. Apurka zalaparta motelduz eta projektagailuaren irudiak desagertuz doaz. Dena ilunetan, autoestopistaren eitea ez beste nabari da. Geratu egiten da, arnas hestuka eta atzerantza sarritan izuz begiraka. Ez dago inor, bera izan ezik. Auto-zaratak motelki entzuten hasten dira, haseran entzuten ziren bezala. Eta argi urdina emaro zabaltzen denerako, haserako kamino-eskena agertzen da: zoluan plastikazko tira zuri eta fluoreszentea, eta hondoan mendi, pinu eta anuntzioetaz marrazturiko oihala. Norbaitek kriseilu dotorea kendu eta alfonbra enroilatu.
Berriz ere autoestopista kaminoan dago.)
AUTOESTOPISTA: Azkenean kaminoaren bakea! Ea norbaitek hartzen nauen!
(Motxila kendu eta beraren alboan uzten du. Auto-stop egiten hasten da. Auto-zaratak gogotik, geratu egin gabe.
Honela egonez, berari ahuleria nabari zaio, zeren begiak hersten baititu. Oharkabez, haserako doinu ezaguna kantatzen du.
Nekatuta dagoelarik esartzen da, eta ahoan doinua txistuka, erdi lo geratzen da. Isiltasunean, autoestopistaren zurrungak soilik.
Hona heldurik bigarren eskenan bezalaxe gertatuko da: betiko musika emeki entzutean eskenatokia gaueko argi urdinean murgildurik dago, eta hondoko atetik andre zuria “auto” batetan agertzen da. Dena berdin, neskaren kolorea izan ezik: zuriegia izan ordez belztasun sotila dager bere aurpegiak.
neskak kotxea geraerazi du autoestopistaren parean. Baina loak harturiko mutilak, jaramonik ez. Orduan neskak kotxe turutan jotzen du. autoestopista esnatzen da; eserita jarri eta andre zuria izualdi batetan begiratzen du.)
ANDRE ZURIA: (Irribarrez.) Norbait itxadoten ari zara?
(autoestopistak, aho zabalik eta ikara aurpegian adieraziz, zerbait esan nahi du, alferrik. Hots ezezagunak soilik irtetzen zaizkio.)
ANDRE ZURIA: (mutila asaldatua ikustean, barre algaraka.) Neu itxadoten ninduzun, ezta?
AUTOESTOPISTA: (Atzerantza doalarik, beti ikara aurpegian.) Zergatik ez zara zuria?
ANDRE ZURIA: Zuria? Ah, babalore! Ez dakizu ezer modaz. Zuri egotea ez da eramaten, txo! Beltzaranak izan behar dugu andreok!...
AUTOESTOPISTA: Baina... Moda berria?
ANDRE ZURIA: Zein moda? Zerbait berririk asmatu dute, ala?
AUTOESTOPISTA: Ezinestekoa da! (Etengabeki entzuten den doinu finoari darraio, eta haserako bertsoak errepikatzen ditu antzerkitokiko jendeari begira.)
“Hau ez ote da gero izango
amets zoragarriren bat?”
ANDRE ZURIA: (Aurpegi-hautsen kutxatila poltsikotik atera eta irtirinkeriaz ornitzen du aurpegia.) Honela bada, moda berriren bat sortu baldin bada, laster ezagutuko dut, oraintxe noa Parisera eta. Ez genuke besterik behar! (autoestopistari.) Ea, bazatoz nirekin?
AUTOESTOPISTA: Ez dut zutaz ezer jakin nahi, zu Andre zuria zara!
ANDRE ZURIA: Parka nazazu, baina norabait joan nahi izango zenuelakoan gelditu natzaizu, baina nondik atera duzu ni andre zuria naizela, edo zergatik deitzen nauzu horrela?
AUTOESTOPISTA: Begira, zurekin edonora joan ninteke, benetan, oso gustora, baina ezagutzen zaitut eta badakit nora eramango nauzun, badakit zer gertatuko den.
ANDRE ZURIA: Aizu, nik ez diot inorik kalterik egiten, baina atzeratuta bizi nahi baduzu, hor konpon! Ez zara batere modernoa, mutiko!
AUTOESTOPISTA: Ez eta nahi ere, beraz zoaz behingoan!
(autoestopista neskaren autoa bultzatzera doa, eta honek kotxez alde egiten du alboko atetik. autoestopista, burua makur, goibeldurik gelditu da.)
(Azken bertsoak Doinua, “Ezkongaietan zerbait banintzan”.)
“Andre zuria, goizeko izar,
ustekabean sortua!
agertu zaidan arte bizitza
izan dut basamortua
maiteminaren minez ba daukat
bihotza suak hartua:
nahiago nuke izan ez balitz
irudimenak sortua.
Amerikarra, italiarra
ta hainbat gizon ilustre:
estilo berri, orijinalak
guretzat sortu dituzte,
ideiak ere inposaturik
nahiz ta guk hala ez uste:
Haiek komeni zaien modura
erabili nahi gaituzte.
“Pentsalari ta modagileok
ez dute hartzen atseden,
goian daudenok omen dakite
guretzat zer den hoberen;
hau ikustean konturatu naiz
zein mundutan bizi garen;
ez dakit dena egia ala
amets bat izan ote den.
Andre zuriak bere ondotik
sortu digu hainbat nahaste,
negozio ta joku zikinak
ezin sinesteko beste;
ikasi ahal izan dugunez,
kontuz ibili gaitezke:
hemen azaldu zaizkigun denak
benetan gerta litezke.
Hoiek alferrik ez dute galtzen
dirua eta denbora,
zuhur jokatuz asmatzen dute
azken estilo ta moda.
Gaurko saioa ahaztu gabe
aurrerantzean gogora:
beste edozein egun batetan
honela gertatuko da.
Tonto ustelak ez dira, gero,
modako merkatariak,
denon lepora lortzen dituzte
irabazi ugariak;
engainatzeko sekula ere
ez dira izan nagiak,
hoien parean usoak dira
txori harrapakariak.
“Azken modako pitxiak jantziz
badaukagu ikasterik,
askatasuna lortzeko ez da
beste gauza bat hoberik;
burua jarri digute denoi
amets faltsoez beterik:
hoien azpian gizona ez da
txinaurritxo bat besterik
Zabal zabalik ditugu denok
kontsumorako bideak,
atsegin handiz hartzen ditugu,
inon ez daude hobeak;
ardura gabe bizi gaitezen,
izan gaitezen libreak,
ezer pentsatu gabe jasorik
goitik datozen ideak.
Dirua eurrez dadukanari
boterea nola uka?
Agintaritza duen ezkero
bagauzka harrapatuta,
ideiak ere igarri gabe
inposatu dizkigu ta:
era hontako jokoen giltza
kapitalismoak dauka.
Beraz, gainean daukagu denok
piztitzar horren itzala;
nola jokatu behar genuken
bakoitzak pentsa dezala;
hemen denpora eman gaberik
ni banoa berehala:
ihes egingo diot agudo
izurriari bezala.
Egun libre bat helduko zaigu
noizbait, ekin eta ekin,
ta ez genuke ezer jakin nahi
gaurko modagileekin;
kapitalismo hau ez dugu nahi
guk askatasunarekin:
bestela ez da askatasunik
kapitalismoarekin.
Korapilo hau askatzeko nik
ez dut asmatzen modurik,
nahaste zikin honetan sartuz
ez dut galdu nahi bururik;
andre zuria ta bere ametsa
betirako ahazturik,
alde batera utziko ditut
neure bidea harturik.
(Auto-zaratak jo eta ke, doinuaren artean. Motxila hartu, eta oinak nekez narrazten dituelarik, beste aldera egiten du auto-stop keinua, aterantza joango bailitzan. Eskenatokiko hondoko atetik —andre zuria agertu den tokitik— alde egiten du.)
teloia
amaiera