Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
BAK, 1985

 

I. ESKENA

 

Pertsonaiak: etxezain nagusia, etxezain bat, beste etxezaina, autoestopista, yankiarra, frantsesa, italiarra.

 

(Teloia altxatzen denean egongela aberats eta zabal bat ikusten da, non jai bat hasiko baita. Zoluak, marmorezkoa dirudi eta kuadratu zuri eta beltzez egina. Eskenatokiko hondoan goiko pisura igoten den eskilara zuria marrazturik dago, palmera edo landare tropikalekin aldeetan. Kriseilu dotore eta haundi bat sapaitik zintzilik. Ertz batetan mahai txikia, txanpan botila eta kopekin. Espazio haundia beharko denez gero ez da gauza gehiagorik komeni.

Ezker eta eskumaldeko ateetatik hiru etxezainek gauzak prestatzen zeharkatzen dute: batek, kopa eta botilak daramatza, besteak kanape-erretilua, hurrengoak aulkiak...)

 

ETXEZAIN NAGUSIA: (Erlojua begiratuz) Hogei minutu besterik ez dugu jaia hasi orduko. Dena prest utzi behar da berehala.

ETXEZAIN BAT: Ia prest dago dena.

BESTE TXEZAINA: (Sartuz) Aizu, jauna, hor, atean, gazte bat daukat.

ETXEZAIN NAGUSIA: Gazte bat daukazula? Gonbidatua al da?

BESTE ETXEZAINA: Bai... baina...

ETXEZAIN NAGUSIA: Ez dago bainarik. Gonbidatua bada, sar erazi ezazu, hor kokilduta egon gabe.

BESTE ETXEZAINA: Baina, oso arraroa da, ez dator egoki jantzita.

ETXEZAIN NAGUSIA: Ah, gorbata falta zaio, ala zer? Nola dator jantzita, bada?

 

(autoestopista sartzen da, eskuan gonbite txartela eta sorbaldan motxila dakartzalarik.)

 

BESTE ETXEZAINA: (autoestopista seinalatuz) Honela, jauna.

AUTOESTOPISTA: Kaixo! Hemen al da jai zuria?

ETXEZAIN NAGUSIA: (Eskutik txartela hartu eta ongi miatzen duen artean) Joxe Perez jauna, ezta? (Mesfidantzaz autoestopistari.)

AUTOESTOPISTA: Bai. Etxean Pepe deitzen naute, baina lagunentzat Joxe naiz.

ETXEZAIN NAGUSIA: Eser zaitez, mesedez.

AUTOESTOPISTA: (Besteen harriduraz konturaturik) Nigatik segi ezazue lasai zeuen berriketa. Ni Andre zuriak gonbidatu nau. Haren laguna naiz eta hau ekartzeko agindu zidan. (Motxilatik kutxa bat atereaz). Ikus-entzuteko materiala da, badakizue, diapositibak eta hohetakoak.

ETXEZAIN BAT: Zerbait hartu nahi izango zenuke, jauna?

AUTOESTOPISTA: Eh? Ah, ez ez! (Kanape-erretilua begiratzen du.) Ah, gauzatxo horiek dohanik ematen dituzue?

ETXEZAIN BAT: (Harrotasun haundiz.) Jakina!

AUTOESTOPISTA: Orduan, zertxobait hartuko dut. (Kanapeak hartzen ditu eskuak bete arte.)

ETXEZAIN BAT: (Haserre antzera.) Nahiko hartu duzu, jauna?

AUTOESTOPISTA: (Eskuetan ez zaio gehiagorik sartzen.) Bai, bai! Oraingoz bai, eskerrik asko.

ETXEZAIN NAGUSIA: (Interesaturik.) Orduan ongi ezagutzen dukezu Andre zuria delako hori...

AUTOESTOPISTA: Noski, bai, laguna dut.

ETXEZAIN NAGUSIA: Filme horik gaurko jai honetan eta hitzaldietan erakusteko bide dira...

AUTOESTOPISTA: Bai, neronek atera ditut, zerbait ulertzen dut gauza hauetaz eta...

ETXEZAIN NAGUSIA: Hona hemen munduko gizon bat! (autoestopistari sorbaldan eskua ezartzen dio. Kanapeak apur bategatik erortzen zaizkio.)

AUTOESTOPISTA: (Alde guztietatik begira, nori esan dion ulertu ezinik.) Nori esan diozu, jauna?

ETXEZAIN NAGUSIA: Zeuri. Ez zara, ba, bidaiari amorratua?

AUTOESTOPISTA: Jakina! Autoestopista naiz eta.

BESTE ETXEZAINA: Eta zer da hori?

ETXEZAIN NAGUSIA: Auto-stop eginez leku guztietara doana. Esaidazu, gizon, Europatik zehar sasoi honetan ibili zara?

AUTOESTOPISTA: (Jan-bitxiak janez.) Bai, zoritxarrez.

BESTE ETXEZAINA: Zoritxarrez? Zer ikusi duzu hortik? Guk, hemen beti sarturik, ez dugu izan astirik mundua ikusteko. Gainera, moda berriaz dena zeharo aldatu dutela esan digute. Esaiguzu, gizon, zerbait berezirik edo ikusi duzu, azal diezaguzun?

AUTOESTOPISTA: Zerbait berezirik? (Barreka ari da. Barre tristez.) Dena da berezia. Mundua hankaz gora bihurtu da. Nahi duzue ikusi nola? Hementxe, egin ditudan filminetan ikus dezakezue ongi. (Eta motxilara doa, zinetresna txiki baten bila.)

ETXEZAIN BAT: Ederto! (beste etxezainari.) Ekar itzazu arin aulki batzu! Azkenean ezagutuko dugu mundua!

BESTE ETXEZAINA: Bai, oraintxe! Ai, ze urduritasuna! (Badoa. Aulkiak ekarri eta zalapartaz jezartzen dira.)

 

(Bien bitartean autoestopistak tresna prestatu du, eta orma zurian —eskileraren ondoan gelditzen den tokian— irudiak projektatzen ditu. Berak azalduko dituen gauzak filminetaz edo ikusiko dira.)

 

AUTOESTOPISTA: Hau, modan dagoen herri bat da. (Mendi baten argazkiak ikusten dira. Musika egokia.)

ETXEZAIN BAT: Oso toki malkartsu eta ederra dirudi. Eta zenbat zuhaitz!

ETXEZAIN NAGUSIA: Modan dagoela esan duzu?

AUTOESTOPISTA: Uf! Bai! Ez zegoen modurik sartzeko ere. Halako jendetza zegoen!

ETXEZAIN NAGUSIA: Ya! Eta non dago jendetza hori? Ez da inor ikusten.

AUTOESTOPISTA: Argazki hauek goizean hartu nituelako. Guztiok lotan zeuden. Orain gauez ikusiko duzue (gaueko iluntasunean, eite zuriz beterik ikusten da. Jendearen zalaparta). Begira multzo zuriak. Horiek guztioriek pertsonak dira.

ETXEZAIN GUZTIAK: A!!

ETXEZAIN BAT: Guztiok goizez lo eta gauean irten! Horiek bai direla oporrak!

AUTOESTOPISTA: Oporretan ezik, hainbat tokitan egunero goizez ere lo egiten dute. Eta gauetan bizi. Hori dena da zuritasuna mantentzeagatik.

ETXEZAIN BAT: Orain ulertzen dut. Gauaz irtetzen badira, ez dute eguzki-izpirik hartuko, ezta? Hau azkarra!

ETXEZAIN NAGUSIA: Ya. Baina ez dudana ulertzen lo non egin ahal duten da. Urbanizatu gabe dago oraindik herri hori?

AUTOESTOPISTA: Bai zera! Luxo eta komodidade guztiak ditu!

ETXEZAIN NAGUSIA: Ba, ez dut ulertzen. Gaueko argazki hauetan ez da ezer ikusten, baina haserakoetan nik ez dut herririk nabari izan.

AUTOESTOPISTA: (Haserako argazkiak erakusten ditu. Mendi bat ez beste.) Hauetan diozu?

ETXEZAIN NAGUSIA: Bai. Non dago etxerik?

AUTOESTOPISTA: Hortxe.

 

(guztiok hurbiltzen dira eta ezer topatu ez.)

 

AUTOESTOPISTA: Ez dituzue zuloak ikusten? Horiek dira etxeak.

ETXEZAIN BAT: Zuloak? Zuloetan etxebizitza dute?

AUTOESTOPISTA: (Irribarrez.) Argi dago aspalditik ez zaretela hortik ibili. Oraingo etxebizitzak ez dira lehengoak bezalakoak. Jendeak, eguzki-izpietatik alde egite eta zuritasuna hobeto gordetzearren etxe ilunak maite ditu. Zenbat eta ilunago hainbat eta hobeto. Hemengo urbanizazioa, esate baterako, “Zirkilu” deitzen da. Eta mendi haitzuloetan egina dago.

ETXEZAIN BAT: Baina, honela geure arbasoak bizi ziren! Eta orain hori da modernoena? (autoestopistak buruaz baieztatzen du.)

BESTE ETXEZAINA: Bai estrainoak direla oraingo aberatsak! Baina segi, segi! Zer gehiago ikusi duzu?

AUTOESTOPISTA: Hemen, ilargitoki bat duzue.

ETXEZAIN BAT: Ez da ezer ikusten, hain ilun dagoenez...

BESTE ETXEZAINA: Zer da esan duzun toki hori?

AUTOESTOPISTA: Ilargitokia, ilargi-bainoak hartzeko tokia da. Eguzkitoki edo solariumaren antzerakoa.

ETXEZAIN NAGUSIA: Ya. Eta nola hartzen dute ilargia?

AUTOESTOPISTA: Oraintxe erakutsiko dizuet. Baina tresna hau ataskatu egin zait edo... (zine-tresna aurrera ez doala.)

BESTE ETXEZAINA: (Maltzurkeriaz, eskuak marruskatuz.) Orain datorkigu hoberena! Ikustekoak izango dira eder horiek larru gorritan!

AUTOESTOPISTA: Badago! (Zine-tresna aurrera doalarik, zuriz estaliriko eite zuriak erakusten ditu.) Hona hemen zeuen galantak!

ETXEZAIN BAT: Horiek andreak dira? Ez genekien mairuak zirenik!

AUTOESTOPISTA: Ez dago mairurik. Moda berria da eta.

BESTE ETXEZAINA: Bai hutsopila! Eta nola ahal dute ilargirik hartu?

AUTOESTOPISTA: Lehenengoz, krema babesgarriak soingainean jartzen dituzte, badaezpada zuritasun haundiegia hartzen duten. Geroxeago, zurigailu ugariz kutsatu, lehenbaitlehen margo aproposa lor dezaten. Eta hara doaz, mendi garaietara edo leize sakonetara, zuloetara... ilargia hartzera. Ilargi-izpi infrazuriak zuzen hartu beharrean, jakina, iluntasunean zehar hartu behar dituzte...

 

(etxezainak aho zabalik daude.)

 

ETXEZAIN NAGUSIA: Ya.

AUTOESTOPISTA: Bainua hartu ondoren, after-ilargi hartzen dute...

 

(Atetik yankiarra dator. Azkena entzun du.)

 

YANKIARRA: “After-moon”, “Af-ter-mo-on”! (Hitzak berrindartzen ditu.) Eta krema deshidratagarriak, larrua lehortzeko, “mister”. Salketa borobila egin dugu produktu hauetaz.

 

(etxezainak izuz jaiki eta beraien zereginetan urduri hasten dira.)

 

YANKIARRA: (etxezainei.) Lasai, lasai, “my dear misters”! Kultura eta zibilizazioa denontzat da gauza ona. (autoestopistari.) Jarrai, “please”, bildurrik gabe.

AUTOESTOPISTA: (Haserre.) Hau da dena. Bukatu egin dut. (Zine-tresna amatatzen du.)

YANKIARRA: “Ou, nou”. Hori da “imposible”! Hainbat datu interesgarri falta da. Zientziaren azken asmapenaz zerbait bildu duzu? Zuritasuna lortzeko gai berria bilatu dute: patata.

ETXEZAIN NAGUSIA: (Harritua.) Patata? (Aztoratua, sartu delako.) Oh, parka nazazue, jaunak! Baina oso arraroa iruditu zait. Neure denboretan belztutzeko azenarioa asmatu zutenez gero...

YANKIARRA: Eta zuritasun osoa ez da segurtatzen pekak eta orainenak kendu arte. Arazo hori tresna elektrikoaz garaituz doa...

AUTOESTOPISTA: (Haserre.) Eta zer diostazu moda berri honetaz gertatzen diren istripuetaz?

YANKIARRA: Ez dakit zeri buruz hitz egiten ari zaren, “my friend”. Ah, bai! Zenbait jende mendietan hil dela aipatzen duzu?

AUTOESTOPISTA: Ilargi-bainuak hartzerakoan sarritan basapiztiek klaskatu, suge harriskutsuek zizt egin, hotz eta hezetasunaz izozturik gelditu, iluntasunaz amildegietan jausi... Eta alditsuenak, azken kasketaldia ilargi-bainuak hartzeko itsas-hondoko haitzuloetara joatea izan denez, hainbat itto edota itsas-animaliek hilak izan dira. Zer diostazu horretaz?

YANKIARRA: O, “yes”! Zibilizazio eta aurrerapenak beti martiri eta heroiak ditu. Lauda ditzagun pertsona miresgarri hauek, betikoz! Goian beude! (Eta ilunki makurtzen du burua, isiltasunaren erdian.)

ETXEZAIN GUZTIAK: (Berdin eginez.) Goian beude!

 

(Antzertokiko jendea begiratzen du autoestopistak, bere ezintasunaz batera adierazteko.)

 

AUTOESTOPISTA: (Haserre.) Tresna hauek batzargelara eramatera noa. (etxezain nagusiari begira.)

ETXEZAIN NAGUSIA: Hemendik, jauna. (Eskumaldeko atea seinalatuz.)

ITALIARRA: (autoestopista sartzen denean bera sartu.) “Mamma mia”! (Erlojua begiratuz.) Garaia da eta geu, beste gonbidaturik ez da oraindik heldu!

YANKIARRA: “Come on”! Lasai zaitez! (Txistuka mahaira doa betiko koparen bila.) Denari utzi behar zaio heltzen, txirotasunari izan ezik. (Burrunbaz txanpan-botila zabaltzen du.)

ITALIARRA: (Zarataz asaldatzen da, beste aldera begira zegoelako.) Jesus, hau ikaraldia! “Ma”, nola nahi duzu lasai nadila, “si” zarata horiek egiten dituzu? Ah! Hau “desesperationea”! (yankiarra sutsuki edateko era nazkaz begiratzen du.) Eta edaten hasi zara besteak etorri baino lehen! Ez dut “kapiskatzen” zure portaera.

YANKIARRA: (italiarraren doinu eta esku keinuak imitatu eta irrigarri utziz.) Baina zer gertatzen zaizu, “amico mio”. Ez dago zergatik larritu. Gure esperientziak arrakasta izugarria izan du eta ez da oraindik denbora luzerik igaro. Europa zuriz estalirik duzu. Eta laster, mundu osoa ere horrela ikusi ahal izango duzu.

ITALIARRA: (Imitapenaz zerbait haserre.) Beno, baina jai hau geure ohorez antolatu dutela suposatzen da. Eta zergatik ez dator inor! Ez dakit “per che” baina neure barne muinetan zerbait eragiten da... honela... (Eskuaz buru gainean jiroa egiten du.) “Ma”, “che cosa e”?

YANKIARRA: “Come on, my little boy”, ba, ba, ba! Tentelkeriak!

FRANTSESA: (Kezkati agertzen da.) Etzazue pentsa dena hain polit eta “tres facile” denik, “come vous dites”.

ITALIARRA: Zer, ba, berri txarrik al da?

FRANTSESA: Txarrenetarikoak! Gutun multzo ikaragarria jasotzen ari gara, denak ari zaizkigu protesta gogorrak joaz. Hona hemen ohar zaitezten aukeratu dudan bat. (Eskutitz bat atera eta zabalduz.) Honela dio: “Gure belaunaldiko Moda eta Kosmetikoen hiru sortzailerik nagusienei: Guk Moda eta Kosmetika-saltzaile beltzaranok, geure senean gaudelarik, baita buru eta gorputz-ahalmen guztiez gozatuaz...” (frantsesak burua altxatu eta azaltzen du). Eta parentesi artean “oraindik behintzat” dakar. (Irakurtzeari ematen dio.) “... zera oharterazi nahi duzuegu: zeren zeuen ideia berriak direla kausa —hau da, derrigorrezko edertasun zuria— jenderitzia aldatuz joan da eta momentu honetan ez du inork belztasunik maite. Uler dezakezuenez, urte honetako aurreikuspenak hankaz gora joan zaizkigu eta geure biltegiak hainbat gauza salezinez beteak ditugu. Esate baterako, hondartzarako ekoizpenak: zapi, zein betaurreko, beltzarankailuak, kremak... makilaje eta aurpegia pintatzeko tresna guztiak zaharkitu egin dira. Eguzkitako, aulki, hamaka, erropa aldatzeko etxola, flotagailu, kortxo... edo eta bainujantzi, sandalia, poltsa, buruzapi zein janzkera tradizional osoa. Lonja haundietan luxozko yate eta kiroluntziak pilatzen dira igertoki hondatuen artean...” Eta abar, eta abar eta abar...

YANKIARRA: Gixarajoak! (Txanpaina lasai edanez.)

FRANTSESA: Orain dator garrantzitsuena: “horrexegatik ideia berri hauen aurkako demanda judiziala inposatu ondoren, antzarrak ferratzera joango zarete eta gu baketan utziko gaituzuelakoan, oharterazten dizuegu lehen baitlehen gauza guztiak lehen senera itzul ditzazuen, guztiok hobeto bizi ahal gaitezen”. Eta azkenean, hamaika mila saltzaile beltzaranen izenpea, nortasun-txartelaren zenbaki eta guzti. “Mon dieu, mais, qu’est ce que c’est?”.

ITALIARRA: (yankiarrari.) Ez zegoela zergatik kezka, eh? Banekien nik.

YANKIARRA: Hori ez da ezer. Bide berriak zaharrak baztertzen dituzte eta salketetan “stok” izugarriak sortzen dira. Oso naturalak dira horien arazoak. Gainera, guzti horien hondatzeak geure garaipena dakar. Zibilizazio eta aurrerapenaren martiriak ditugu hauek ere! (Gutuna frantsesari eskuetatik kenduz eta zatikatuz.) Goian beude?

ITALIARRA eta FRANTSESA: Bai, goian beude!