Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
BAK, 1985

 

VI. ESKENA

 

Pertsonaiak: Lehengo eskenakoak.

 

(yankiarrak frantsesari zerbait diotso belarrian, eta gero haiek italiarrari. gona-neskak jo eta ke begira daude. frantsesa neska hauengana doa, eta ordenaz aldatzen ditu: 1. maxi-gona, 2. ez minigona eta 3. ez erdigonaduna jarriz. Isiltasunaren erdian hiru pertsonaiek neskak behin eta berriro begiratu. yankiarrak, ez dela ados buruaz adierazten du. Beraien arteko eztabaidan daudelarik, autoestopista barre algaraka. Jaiki eta erdira doa, bertsoez zera azaltzera. Lehenengo doinuaz).

 

AUTOESTOPISTA:

                        Maxi, mini ta erdiko gona,

                        horra hor hiru neskato,

                        modisto haiek lana egiten

                        zuten beren boltsarako;

 

                        honela balitz gonen ordena

                        kaltegarri haientzako:

                        urte batetik hurrengorako

                        probetxa zitezkelako.”

 

(Hemen, maxigonarengana doalarik, ikustezinezko artazi batzutaz gona ebakiko bailuen egiten du, maxigonatik minigona egin ahal dela adierazteko, josiz eta konponduz gero. autoestopista kantatzen ari den bitartean, italiarrak neskaren ordena berriz trukatu: 1. maxi, 2. erdi, 3. minia. autoestopistak barre franko eginez, ezetza dio buruaz. Bertsoei darraie, eta antzertokiko jendea batez ere animatzen du ahoz, gonen ordena zehatza topatzearren).

 

                        “Maxigonaren moda mundura

                        zabalduz gero lehena,

                        hirulau mini egin zitezken

                        honela zapuztuz dena;

 

                        ahal zuten gehien xurgatzea zen

                        modagile haien lema:

                        negozioa borobiltzeko

                        zein zen ordena zuzena?”

 

AUTOESTOPISTA: Betidanik moda-genio hauek etxekoandreengan pentsatu dute. Beraiek badakite ze trebeak diren gure amak: urte batetik bestera lan eta josteari ematen zaizkie eta moda zaharraz berria egin ahal dute. Sortzaile hauek (hirurak seinalatuz) datu historikoak ahaztuarren, zuhurrak izan dira konponketarik onartzen ez duten arauak asmatzeko. Ea, guztiok lagun ditzagun lehenengoz sortu zena zein zen oroit daitezen: maxi? mini? erdi...?

 

(Eskenatokiko baten bat animatzen da, eta erantzun txar bat botatzen du).

 

ESKENATOKIKO BATEN BAT: (autoestopistari) Lehenengoz erdi, gero maxi eta azkena mini...?

 

(autoestopistak errepikatzen ditu eta antzerkitokiko jendeari galdetu).

 

AUTOESTOPISTA: Zer uste duzue? Horixe ordena hobea? (Ikusleek ezetza adieraziko dutela suposatzen da) Ez, honela ez zen, lagun. Ea, beste bat!

 

(Hona heldurik, beste eskenatokikoren batek beste erantzun txar bat berriz esan dezake. Helburua, antzertokiko pertsonok esku sartzera ausar daitezen da, eta erantzunak eman ditzaten. Elkarrizketa laburraren ondoren —antzertokiko jendearen partizipazioaren arauera— autoestopistak lehengo doinuaz bertsoak jarraitzen ditu).

 

                        “Emakumeak onartu ohi du

                        modak ezartzen diona;

                        hori lortzeko lanean gogor

                        ari da hainbat pertsona

                        zuhurtasunez jokatuz gero

                        kauxe da ordena ona:

                        lehena mini, ondoren midi

                        ta azkena, maxigona.”

 

(Hau kanta eta gero guztiok txalora. yankiarra neskengana doa —beste bi neskak baztertuak geratu dira— eta autoestopistak esandako ordenean kokatzen ditu. Ondoren, autoestopistarengana doa eta eskua bortizki ematen dio, eskerrak adieraziz. Guztiok oso pozik, autoestopista izan ezik. Bera, bere txokora doa erabat desanimaturik).