IX. ESKENA
Pertsonaiak: autoestopista.
(Zaratak amatatuz doaz, eta autoestopista goibela eskenatokiaren aurreko aldean jartzen da, antzertokiko jendeari begira. Beraren atzean ezin da ezer ikusi. Eskenatokiko jende guztia irtetzen da eta dena ixilik geratu. Bertso batzu kantatzen ditu “Haizak hi, mutil maņontzi” edo “Mendian gora haritza” erakoaz. Malenkoniaz eta minez beterik adierazten ditu).
AUTOESTOPISTA:
“Moda pasatuz ari da,
berriz etorriko dira;
urteetan zehar ematen dute makina bat bira.
Denok arretaz begira
beltzaranaren dizdira,
baina erabat aldatuko da beltzetik zurira.
Hauxe omen da kultura,
negozioa gustura
egiten dute zerbait aldatuz kanpoko itxura:
komeni zaien modura
ezartzen digute muga:
orain artean bel-beltza zena zuri bihurtu da.
Modako hainbeste arau,
ez dira hiru edo lau,
etengabeki iraultzen dira eta txunditzen nau.
Mila bira egun ta gau
emanez dabil mundu hau
ta hala ere betiko leku berberean dirau.
Ia falta zaigu jana,
baina jazteko afana,
azken modaren inperio hau sartu da gugana.
Ez etorri niregana,
hauxe da falta zaidana,
zer ardura zait azal zuria edo beltzarana?
Andre zuriak baleki
maite izango dut beti
hona heltzeko sarrera berak baitzidan ireki.
Kaminoetan hobeki
nabil emeki, emeki
neure bidea segi dezadan axolagabeki”
(Isiltasuna probetxatuz, norbaitek prentsaurrerako mahaia eta tapiza kendu ditu; eta orain, haserako kaminoa plastikazko tiretaz seinalaturik dager.
autoestopista, motxila utzi duen txokora doa. Motxila jarri, eta lehengo auto-zaratak entzuten diren bitartean, auto-stop keinuz egiten hasten da. Aurrerantza joan nahi du, hauxe da, antzertokiko jendea dagonerantza. Erdian jarri, eta eskenatokitik jatsi egiten da. Eta antzertokiko ikusleen artean desagertzen da, auto-stop eginez eta aurrera).
teloia
lehenengo ekitaldiaren amaiera