Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
BAK, 1985

 

V. ESKENA

 

Pertsonaiak: lehendakaria, ministro beltzaran bat, beste ministro beltzarana, italiarra, frantsesa eta polizia.

 

(Batera eta bestera begira, kontu haundiz, eskubiko atetik hiru beltzaran sartzen dira: lehendakaria eta bi ministro. Lehen agertu diren pertsonai dotore eta susmagarriak, hain zuzen.)

 

MINISTRO BAT: Patata bigun dago... bota dezaiokegu porrua.

BESTE MINISTROA: Zuritu dezagun patata gehiago.

LEHENDAKARIA: (Abots erdi isilaz.) Astiroago, arren! Ezin dizuet segitu. Ea, birpasa ditzagun, mesedez, kontraseinuak.

MINISTRO BAT: Berriz? Oso erraza da: zer esan nahi du porrua botatzeak?

LEHENDAKARIA: Ministro zuriak giltzaperatzea?

MINISTRO BAT: (Etsipenez.) Ez, ez, ez!

BESTE MINISTROA: Horrenbeste ez, jauna, Hitz egin daitekela, inor ez dagoelako, hitz egin daitekela, lasai. Orain artekoa, argi?

LEHENDAKARIA: Porrua bota: hitz egin. Bai, segitu, porrua botatzen.

MINISTRO BAT: Gogora ezazu, lehendakari jauna, batez ere noiz isildu behar duzun. Hau guztiz garrantzizkoa da. Ministro zuriek, gure adiskide maitagarri hoiek espioiak jarri dituzte lekuoro. Ez fidatu inortaz eta hau entzuten duzunean: “Indabak gogor daude” kontuz! Hitzik ere ez! Geldi eta isilik. Argi dago?

LEHENDAKARIA: Orain artekoa argi dago, bai porruak eta bai indabak, baina errazago litzaidake beste era batetako hiztegi klabea asmatu izan bazenute, legatz frijitua, idi txuleta, mariskoren bat...

MINISTRO BAT: Badakizu lurgintza ministroari utzi geniola (beste ministroa seinalatuz) plana asmatzearen ardura hau eta honen konpetentzietan ez da sartzen abeltzantzarik, ez arrantzarik, oraingoz.

BESTE MINISTROA: Bai, horrela da. Jar ezazu interes piska bat eta ongi ulertuko duzu, lehendakari jauna. Froga bat egin beharko genuke, dena itxulipurdika irten ez dakigun. Adibidez: Bota porrua!

 

(lehendakaria isilik geratzen da eta ministroak begira jartzen zaizkio. Une bat geroago...)

 

MINISTRO BAT: Esaizu zerbait, Lehendakari jauna, “Bota porrua esan du” eta.

LEHENDAKARIA: Ah! Bai, ba, ministro zuri alenok albotik kentzen ditugunean, egun eguzkitsua sortuko da gure herriarentzat eta errudun guztiak’ giltzaperatu ezeze, nik orma baten aurrean...

BESTE MINISTROA: Indabak gogor daude!

LEHENDAKARIA: Ez bakarrik giltzaperatu, nioen, baizik...

MINISTRO BAT: Indabak gogor daude!

BESTE MINISTROA: Indabak gogor daude!

            Bai, bai, ulertzen dut. Isilik.

MINISTRO BAT: Segi dezagun hiztegiaz: Plana ongi badoakigu, asmatu bezala, funtzionari bat bidaliko dizute mezu honetaz: aurten ederra dama hatsa. Zerbait nahi bezain ongi ez badoa, ordea, mezua zera izango da: berandu dator artoa.

LEHENDAKARIA: Geldi, geldi! Idatzita gorde behar dut, bestela nahasi egingo naiz.

MINISTRO BAT: Hobe zenuke buruz ikastea, baina, tira! Ahaztu egin behar baldin baduzu, idaz ezazu... (paper edo block batetan idazten du lehendakariak).

LEHENDAKARIA: (Berekiko murmuriatuz idazten duen artean.) Porrua bota... Indabak... ederra da mahatsa... artoa...

MINISTRO BAT: Dena erabat gaizki irten baledi, mezua zera izango litzateke: garrantzizko jan guztia erre egingo zaigu. (Errepetitzen du.) Kasu honetan ahal baitlehen hanka egin behar dugu, dena bertan behera utzita, bakoitzak dakien eta ahal duen moduz.

LEHENDAKARIA: (Idatziz batera errepikatzen du.) Erre egingo zaigu. Besterik?

MINISTRO BAT: Egoera nola dagoen edo beste zerbait galdetzeko, hauxe izango dugu galdera: Zer moduz doa uzta?

LEHENDAKARIA: Ederki. Mezuak diskretoki pasatuko dizkizuet eta behar denean nire ordenak izango dituzue. Orain, beste gai bati helduz...

MINISTRO BAT: (Eten egiten diolarik.) Astiro, astiro, zihurtasunez jokatu behar dugu. Ikus dezagun: Aurten ederra da mahatsa! (Pentsati.) Mahatsa, mahatsa...

BESTE MINISTROA: Ederra, ederra da...

LEHENDAKARIA: (Besteak konturatu gabe paperean begiratzen saiatzen da.) Aurten ederra da mahatsa! Bai, ederki doala dena. Oso erraza da.

MINISTRO BAT: Ea, berandu dator artoa.

LEHENDAKARIA: Artoa... artoa... Gaizki doala izango da, noski.

BESTE MINISTROA: Ez! Gaizki ez, ez doala hain ongi, baina aurrera doala. Berandu dator, baina etorri badator. Argi?

LEHENDAKARIA: Noski! Berandu dator mahatsa, eta ederra da artoa.

MINISTRO BAT: Zu bai zarela artaburu ederra. (Zerbait haserre.) Aurten ederra da mahatsa eta berandu dator artoa. (lehendakaria kopetilun jartzen denez.) Barka nazazu, jauna, baina ezin gaitezke txantxetan ibil arlo honetan.

BESTE MINISTROA: Orain artekoa badakizu, noski baietz. (Ardorea eman nahi diolarik.)

MINISTRO BAT: Goazen aurrera, bada: garrantzizko jan guztia erre egingo zaigu. Hauxe da hoberen ikasi behar zenukena, zeure onerako. Garrantzizko jan guztia erre egingo zaigu.

 

(lehendakaria, kopetilun oraindik, paperean begiratzen hasten da, disimuloz.)

 

LEHENDAKARIA: Ihes egin behar dela.

MINISTRO BIAK: Ondo, oso ongi!

MINISTRO BAT: Azkenez galdera bat baino ez da gelditzen: Zer moduz doa uzta?

LEHENDAKARIA: Zeren uzta?

MINISTRO BAT: Bai, jauna... galdera hori egitean, gure plana zer moduz doan galdetu nahi izango dizute.

BESTE MINISTROA: Azken birpasaketa emango diogu: Bota ezazu porrua!

LEHENDAKARIA: Bai, bai, hori banekien, hitz egin...

MINISTRO BAT: (Arinki.) Aurten ederra da mahatsa! (lehendakaria, ahora zabalik begira geratzen zaio.)

BESTE MINISTROA: Dena doala... ede...

LEHENDAKARIA: Dena doala... ederki!

MINISTRO BIAK: Oso ondo!

MINISTRO BAT: Garrantzizko jan guztia erre egingo zaigu!

 

(lehendakaria geldi eta isilik dagoenez, bi ministroak ukalondoa ikutzen dio, ihes egiteko planta egiten duelarik.)

 

LEHENDAKARIA: Ihes egiteko ordua heldu dela.

BESTE MINISTROA: Zer moduz doa uzta?

Ederki!

BI MINISTROAK: (Batera.) Oso ondo!

LEHENDAKARIA: Orain emaidazue azken asteko egoraren berri.

BESTE MINISTROA: Egoera ekonomiko eta soziopolitikoaren bilakaera... gero eta larriago jarriz doakigu, jauna. Ez da, ia, ia nekazaritzaren arrastorik gelditzen, dena inportatu beharrean gaude. Arrantza eta abeltzantza ministroak azaldu didanez, haragia ere % 90 inportatu egin behar dute eta arranuntziak, geratzen diren apurrak, herdoiltzen ari dira.

LEHENDAKARIA: Orduan behartu egin behar dira langileak lurretara itzul daitezen, derrigortu lan egiten, urkatu behar badira ere.

MINISTRO BAT: Interes gogorrez dihardute asmo hoien kontra, alferrik da dena. Lanerako orduak ere ofizialki egunez jarri ditugu, langile eta jabeak horretara behartuz, nahiz eta ministro zuriak aurka izan ditudan. Baina azken batez, neuk ere ezin dut egunezlanik egin, lo baitago mundu guztia. Jendeak ez die kasurik egiten nire aginteei eta beste ministroak nitas trufatzen dira gauez lo egin nahi dudalako.

LEHENDAKARIA: Gauez lo egitea besterik da, beste batzuk ere ez dugu egiten, baina langileek egunez lan egin behar dute, horrela agintzen dut.

BESTE MINISTROA: Gosearen mamua ere hor dugu, nahiko hurbil. Gaur egin gero eta gutxiago dira kaloria gutxiengo kopurura heltzen direnak. (lehendakaria marmarka ari da eta noizbehinka papera atera eta begirada bat botatzen dio, kontraseinuak bururatzen bailego.) Farmazi eta Kimika industria, ordea, bai doala lodituz, modan dauden era guztietako pilulak salduz. Honelakoak, adibidez. (Pilula taulatxo bat erakutsiz.) Honetariko batetan bazkari bat dator.

LEHENDAKARIA: Eta zer dute pilula horiek?

BESTE MINISTROA: Izarren salda, azelgak egosita eta arrain izoztua. Hauek postrerik gabekoak dira.

LEHENDAKARIA: Ez al da hori, bada, nahiko janari zuretzat?

BESTE MINISTROA: Zorionez badut bestelako jatenik: Hau badaezpadakoa dut. Baina honelakoak baino jaten ez dituztenek ez dute ez bitamina ez proteina, ez ezelakorik barneratzen. Horrela ugaritu dira gaisotasunak ere. Horretaz nire kideko maiteak daki (beste ministroa seinalaturik).

MINISTRO BAT: Bai, egoeraren larritasun aldetxo bat besterik ez dizugu azaltzen, jauna. Eritegietan ezin da ohe librerik aurkitu, azaleko gaisotasunak ugariagotuz doaz, jendeak amorrua baitio eguzkiari eta gaisotasun berriak...

BESTE MINISTROA: (Eten egiten diolarik.) Indabak gogor daude!

LEHENDAKARIA: Badakit! Horrek isildu egin... (Ahoa eskuaz estaltzen du eta geldi eta isilik geratzen da. frantsesa eta italiarra sartzen dira hizketan eskubiko atetik.)

FRANTSESA: “Oui, mon ami”! Eta beste krema berri bat azokaratu omen du, oso garestia, baina modan berehala jarri dena.

ITALIARRA: Ah! “cossa grande, il marketing!” Andre zuriaren irudiak edozer sal desake. “Ma”, zeuri ere ez doakizu gaizki: aurten inoiz baino salmenta “piu” ugariak egin omen dituzu.

FRANTSESA: Bai, egia esan, ezin ninteke kexa, baina bada ni baino zori hobea duenik.

ITALIARRA: Amerikarraz ari zara, noski.

FRANTSESA: “Bien sur”! Nahi duena saltzen ari da eta edozeinek baino garestiago.

ITALIARRA: Bai, horrek urte ederrak daramatza.

 

(lehendakaria eta ministro beltzak disimuloz ari ziren, gora eta zeharretara begiratuz eta une horretan lehendakariak, asaldatuz, idatzu duen papera begiratzen du.)

 

LEHENDAKARIA: Aurten ederra da mahatsa! (italiarrarenganantz hurbilduz.) Bota porrua! Bota porrua! (ministroak besoetatik helduz, alferrik saiatzen dira lehendakaria gerarazten.) Guetarikoak ditugu eta!

BESTE MINISTROA: Jauna! Indabak gogor daude! Indabak gogor daude!

 

(lehendakaria badaramate alde batera eta italiarrak nahiko harriturik, segitzen du elkar hizketa.)

 

ITALIARRA: (frantsesari.) Azken hilabeteok ere entzun dudanez, onak izan dituzu ez da hala? Zer moduz abuztua?

LEHENDAKARIA: (Berriro ere italiarrarenganantz doalarik eta ministroei.) Ikusten duzue? Zer moduz doan uzta galdetu du. Guetarikoa da! (italiarrari.) Oraingoz ez da berri txarrik heldu, behintzat. Laster gara zeharo egoeraren jabe. (ministroek tiraka daramate.)

MINISTRO BAT: Jauna, mesedez!

BESTE MINISTROA: Indabak gogor daude! Indabak gogor daude!

FRANTSESA: (lehendakaria seinalatuz.) Honek ere interes komertzialak dauzka kosmetikan, ala?

ITALIARRA: Ez, horrek kopa batzu dauzka gainetikan.

 

(ministroek egoera isilean azaltzen diote lehendakariari eta une honetan polizia sartzen da.)

 

FRANTSESA: (poliziari.) Egoera kontrolpean dago, n’est pas?

POLIZIA: Urduritasuna nabari dut, mu... mu... mugimendu gehiegi dabil, bai kanpoan eta bai barruan (ministroa ta lehendakaria begiratuz).

ITALIARRA: Zuei eskerrak, polizia jaun eta adiskide, demokrazia gazte hau sendotuz doa. Lasai al dago hemen, zure ustez, egoera politikoa?

POLIZIA: Ez... ez... ezin hobe! Demokrazia, zuk diozun bezala, gero eta indartsuago eta osasuntsuago dager. Ja... ja... jaunari esker, herri demokratiko honi ongi merezita dagokion errege ezin demokratagoa dugu eta au... au... hay desagertzen zaigunerako, urte askotan ez bedi holakorik gerta, bere semea, Frantzisko Juan gaztea errege egin zaigu.

LEHENDAKARIA: (Izuz.) Garrantzizko jan guztia erre egingo zaigu! Ministroak ere ikaraz, lehendakaria hara ta horra hasten da korrika bizian eta hirurak irtetzen dira ate ezberdinetatik, frantsesa eta italiarra ere bultzatu eta nahasten dituztelarik.

POLIZIA: Nik banioen hauek zerbait zerabiltela! Jazarri ditzagun!

 

(Arineketan irteten da, eta frantsesa eta italiarra ate batetik bestera ari dira arinka zerbaiten beldur bailiran, ezer ulertu gabe.)