Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
BAK, 1985

 

I. ESKENA

 

Pertsonaiak: autoestopista.

 

(Beste pertsonaiak suposatzen dira: kotxeen barruan doazen pertsonak. Antzertokiko jendea.)

 

Teloia jaso orduko Iparragirreren doinuak entzuten dira. Jasotakoan, auto-zarata musikari gainditzen zaio poliki. Eskenatokian kamino-paisaia ikusten da. Baina kamino zati txikitxoa ez beste. Eskenatokiko zoluan plastikozko tirak itsasirik daude, kaminoko lerroak seinalatzeko. Kaminoa ez doakio paraleloki ikusleari, baizik eta beraien zuzenbide berean: eskenatokiko hondoko aldetik hasi, eskumaldera pixka bat kirimildu eta iluslearenganantza doa. Izan ere, kamino hori jarraituko balitz, ikusleak honen erdi erdian legozke. Eta, auto-zaratak jo eta ke entzuten direnez —zarata batzuk eskenatokitik ikuslearenganantza, beste batzu ikuslearen atzekaldetik eskenatokirantza datozelarik— jendeak, kaminoaren erdian dagoela pentsatu behar du.

 

Kaminoko plastikozko tirak eskenatokiaren mugan bukatzen dira, eta kaminoaren ezker aldetik leku librea dago: erretena dela suposatzen da. Aldeetatik pinu eta mendixkak egon daitezke, trafiko-seinale eta iragarkiak ere bai. Arratsaldeko argia. Erretenean, autoestopista ileluze eta bizardun bat, erropa aproposez: fraka motzak, mendirako botak eta izugarrizko motxilatik katilu ugari zintzilik. Auto-stop eginez ikusleenganantza doa astiro, lehen bertso bat kantatzen duen artean. Iparragirreren doinu hauetariko bat: “Gazte gaztetatikan”, “Kitarra zahartxo bat” edo “Zugana Manuela”.

 

AUTOESTOPISTA:

                        “Nik nondik nora noan

                        ez dut jakiten maiz,

                        urruti nabil beti

                        aurrera egin nahiz;

                        asfalto eta hautsa

                        dauzkat emaztegaiz

                        bide bazterretako

                        autoestopista naiz”

 

(Eskenatokia eta kaminoa bukatzen den lekuan gaztea harriturik gelditzen da ikusleei begira)

 

AUTOESTOPISTA: (Ikusleei) E! Gaizki zaudete hor, bide erdi erdian! Hegalera zaitezte pixka bat, behintzat! (Une bat geroago) Danok ari al zarete auto-stop egiten? Ez badizue gehiegi ardura, utz iezadazue pista librea, arren!

 

(Antzertokiko atzeko aldetik eskenatokirantza kotxe zarata bortitz eta progresiboa entzuten da. Ikusleak atzera begiratu behar du instintiboki, eta zarata, jendearen buru gainetik zeharkatuko bailitzan, aurrera joan eta urrundu. Zarata ozenagoa denean:)

 

AUTOESTOPISTA: Kontuz! Gainera, benetan hor gaizki zaudetela. Pentsa ezazue ni ez naizela edonor, kontura zaitezte nork hitz egiten dizuen: esan daiteke kaminoko profesionaria naizela, bizibide honetan hainbat egun eta hainbat gau daramana. Eta zergatik ez izan profesionaria, e? Batzuk injinadoreak dira... besteak medikuak... hainbat langile... gehienak langabeak... Eta ni, autoestopista. Nire lana besteak bezelakoa da. (Bertso eta kantaz berriz, doinu berberaz).

 

                        “Gauza ezezagunak

                        du bere dizdira;

                        hotzaz eta beroaz,

                        makina bat bira,

                        bide asko garratzak

                        bilakatzen dira,

                        baina beti bizi naiz

                        aurrera begira”

 

(Lau azken lerroak errepikatzen dira).

 

(Azken bertsoan autoestopista hunkiturik —kamino erdian, buru alaia gora begira eta besoa luzaturik— ez da konturatzen kaminotik datorren kotxeaz. Autorik ez da ikusten, zarata ez beste entzungo da; eta aktoreak, benetako kotxea baletor bezala egin behar du. Jauzi bat emanez erretenera doa. Eta mutilak, urruntzen ari den autozaratari, oihu eta keinu txarra egiten dio.)

 

AUTOESTOPISTA: Putaseme! (Auto-zaratatik “Zure aita!” entzuten da. Orain mutilak ikuslearengana jotzen du) Begira ezazue zein arriskutsua den ogibide hau! Edozeinek ezin lezake jasan honelako bizitza. Gero esango dute gutaz...

 

(Bere jantzi eta botak astintzen ditu, hautsaz edo zikindu dituelako. Beste kotxe-zarata motelagoak entzuten dira.)

 

AUTOESTOPISTA: (Ikusleei irribarrez) Ikusten duzue zenbat auto? Hau bai dela martxa! Arratsalde ona izango ote dut? (Motxila kendu eta zoluan uzten du) Ea, lan egiteko ordua da! (Pozik, jendeari bizkarra emanez kaminoko beste aldetik —eskenatokiaren hondotik— begiratzen du. Hortik, auto garesti baten zarata dator progresiboki. autoestopistak, eskua bekokian jarririk hobeto nabari ahal izateko eta beste eskua auto-stop keinuaz, antzerkitokiko jendeari kotxe barruan nor datorren azaltzen dio bertsoz eta lehenengo doinuaz).

 

                        “Gorbatadun bat dator

                        traje ta bibote

                        exekutibo jantziz

                        hainbeste arlote;

                        holako kotxe ederra

                        niretzako ote?

                        Ford Granada zikindu

                        egingo nioke!”

 

(Kotxea ez da geratzen. autoestopistak eskeptizismoz begiratzen du nola urruntzen den.)

 

AUTOESTOPISTA: Jakina! E, hara beste bat! (Beste aldea seinalatuz. Kantaz eta doinu berberaz deskribatzen du barruan datorrena, auto-stop egitenduen bitartean)

 

                        “Mutil honek ez ditu

                        hogetamar urte

                        hauek kasu piska bat

                        egiten digute:

(Kotxe-zarata autoestopistaren alboan entzuten da, beraren parean egongo bailitzan)

                        gelditzeko ederki

                        begiratzen dute

 

(Orain, kotxe-zaratak abiadura haundiagoa hartzerakoan, kotxea joan egin dela suposatzen da. autoestopistak harriturik, nola urruntzen den begiratuz, bere zangoak miatu eta bertso-kanta bukatzen du:)

 

                        neska eder bat banintz

                        frenatuko luke”

 

(Eskenatokiko hondotik beste auto-zarata hurbilduz datorrela entzuten da. autoestopista jendeari behin eta berriz.)

 

AUTOESTOPISTA: Hortik beste bat dator. Ea zorterik dagoen... (Eta lehenengo doinuaz kanta egiten du)

 

                        “Dozena erdi bat haur

                        emazte ta senar:

                        kotxe gizajo hori

                        hor dator lehertzear;

                        ume batek txisa ta

                        beste batek negar:

(Hona heldurik kotxea autoestopistaren parean entzuten da, bere aurrez bailegoen. mutilak, auto-stop egiteko prest zeukan hatzamarra kendu eta ezkutatzen du, bertsoa amaituz batera)

                        hauek ez dute seme

                        gehiagorik behar”

 

(Behin eta berriro eskenatokiko hondotik auto-zarata. Oraingo hotsa kotxe zahar eta hondatuarena da. autoestopista, hori begiratzerakoan, alaitu egiten da.)

 

AUTOESTOPISTA: Azkenean, ni bezalako gazteak datozkit! (Kantaz berriz)

                        “Hauek seguru baietz

                        gelditzen zaizkidan

                        motxila jasotzera

                        banoa segidan

(Motxila hartu eta jartzen du. Bien bitartean kotxe-zarata urruntzen da. Ez da geratu eta autoestopista lelotuak azken lerroak kantatzen ditu)

                        Ni bezala gazteak

                        ziren biak, bainan

                        ene, zenbat ezuste

                        hartu behar diran!”

 

(Segidan, geratu gabe beste auto-zarata. Bertso eta doinuari darraie)

 

AUTOESTOPISTA:

                        “Neska bi hauek ere

                        ez zaizkit gelditzen

                        zerk uxatzen zaituzten

                        nik ez dut aditzen:

                        neska bakarra balitz

                        ohartuko nintzen

                        ia ez die uzten

                        beldurrak bizitzen”

 

(Eskenatokiko argiak lehendik apurka-apurka amatatuz joan dira, eta hona heldurik are gehiago, gaua heldu delako. autoestopistak zeruari begira, motxila kentzen du eta ilunki ezartzen da bere alboan. Bien bitartean kantari darraio.)

 

                        “Inor ez da gelditzen

                        gaua da gainera,

                        nitaz beldurtzen dira

                        ilunduz batera,

                        bihar egin dezaket

                        bidean aurrera,

                        lo egitera noa

                        bide bazterrera”

 

(Dena ixildu egiten da. autoestopista, motxilaren gainean burua jarririk, lotan datza.)