II. ESKENA
Pertsonaiak: andre zuria eta autoestopista.
(Eskenatokia gaueko argi urdinean murgildurik dago. Musika-hari fina, kirol-autoarekin batera entzuten da. Eskenatokiko hondoko atea zabaldu, eta argi urdinaren erdian auto bat agertzen da. “Benetako auto hau” goitibera zuria da, nahiko zabala bi pertsona batera muntatzeko —bi goitibera lotuak paraleloki, esate baterako— eta ezkerraldeko aldean neska eder eta zuriegi bat dago, ibilgailua gidatzeko keinu aproposak eginez. neskak kotxea gerarazi du autoestopista loak hartuaren parean eta antzerkitokiko jendeari aurrez aurre begira. neska zuriak mutila ikusi, eta autoestopistak berari jaramonik ez. Orduan neskak kotxe-turuta jotzen du, burrunbaz. autoestopista izualdi batetan esnatzen da. Eserita jarri eta andre zuri eta ederra harriduraz begiratzen du, ezer esan gaberik.)
ANDRE ZURIA: (Lasaitasunaz) Norbait itxadoten ari zara?
AUTOESTOPISTA: (Hunkiturik) Zeu itxadoten zaitut!
AUTOESTOPISTA: (Barre algaraz) Benetan?
AUTOESTOPISTA: (Zolutik altxatzen da, neskari begira. Kopla nagusiak kantatzen hasten da, “Gora Nafarra, gora Errioxa” erara edo)
“Zu agertzea eskertzen dizut
ezin duzu jakin zenbat.
(jendeari begira) Hau ez ote da, gero, izango
amets zoragarriren bat?” (Bi lerro azken hauek errepikatzen dira).
ANDRE ZURIA: (Barre algaraka) Amets zoragarriren bat? Ez, ez! Ni, etorkizunerako errealitatea naiz.
AUTOESTOPISTA: Etorkizuna? Zer da hori? Gaur egunekoa ulertzen dut. ez beste. (Kanta eta bertsoz behin eta berriz, kopla nagusian)
“Berebiziko emakumea
elurra bezain zuria;
hau izango da gaur eguneko
andrearen irudia” (lerro hauek errepikatzen dira)
ANDRE ZURIA: (Barre algaraka) Bai zera! Nora zoaz?
AUTOESTOPISTA: Zurekin noa.
ANDRE ZURIA: Zatoz nirekin, orduan! (Keinuz, autoaren beste aurreko atea zabalduko balio bezala)
AUTOESTOPISTA: (Zutik eta higitu gabe dagoelarik, neskaren eskua hartu eta kantatzen du)
“Aurpegi zurbil, ilargitsua,
hegal zuridun larrosa;
zure eskua hartuz batera
nire bihotzak, hau poza!” (Errepikatu egiten ditu)
(autoestopistak motxila presaz hartu, lepoan jarri eta neskaren alboan —goitiberaren leku librean— esertzen da. Ez du motxila lepotik kendu behar, guztiz pozik dago eta. Kotxearen martxa-zarata, eta aurrera doazela dirudi, antzertokiko jendearen aurrez-aurre daudelarik. Pozik, kanta egiten du)
“Oraindik ere atsegina da
mundu hontan bizitzea:
ezin sinetsi neska hain eder
ta bakarrak gelditzea”.