II. ESKENA
Pertsonaiak: etxezain nagusia, italiarra, frantsesa, arkitekto beltzaran bat, beste arkitekto beltzarana, arkitekto zuri bat, beste arkitekto zuria.
ETXEZAIN NAGUSIA: (Eskumaldeko atetik ageri eta frantsesa, italiar eta yankiarrengana jotzen du.) Jaunak, gonbidatuak etortzen hasiak dira eta Areto Nagusia ia beterik dago. Nahi duzuenean... (Bera sartu den atea seinalaturik.)
ITALIARRA: “Stupendo”! (Beste bi kideei.) “Andiamo”! Goazen hara!
FRANTSESA: (Eskuak marruskatuz.) Lehenbaitlehen, “messiers”...
(frantsesak eta italiarrak alde egiten dute eskumaldetik. yankiarra, beste kopa bat edateko pixkatxo bat gehiago gelditzen da. Alde egiteko dagoenean, bi gizon beltzaran eta urduri ezkerraldeko atetik sartzen dira.)
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: (Bere lagunari, yankiarra seinalatuik. Hunkipenaz hitz egiten dute beti.) Oh! Hor dago horietako bat!
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: (Berdin hitz eginez.) Ah! Goazen, ba, berarekin hitz egitera!
YANKIARRA: Niri dioztazue, jaunak?
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: Bai, bai! Zurekin hitz egin nahi dugu.
YANKIARRA: (Begiak zerura begira, eta etsipen-hasperena botaz.) “Ou, nou”! (etxezainari.) Esaiezu nire kideei laster joango naizela, “please”. “Because” gizon hauekin hitz egiten geldituko naiz.
ETXEZAIN NAGUSIA: Nahi duzun bezala, jauna. (Alde egiten du.)
YANKIARRA: Zertaz nahi duzue hitz egin?
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: (bere lagunarengandik nahiko urrun jarriz.) Gu gara...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: ...etxegileak...
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: ...arkitektoak, hobeto esanik...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: Hainbat urbanizazio asmatu dugu...
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: ...orain direla urte batzu...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: ...hau da, lehengo ereduari begira...
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: ...hau da, moda zaharraren arauera...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: ...Badakizu etxeak ez direla berehala egiten
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: O! Ez! Lehenengoz ideia hartzen da...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: ...gero, lurrak aztertu...
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: ... jarraian neurriak hartu...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: ...finanziazioa lortu...
YANKIARRA: (Ezeroso itxuraz, tenis-partiduan bailitzan egon delako: bati zein besteari begira.) “Well, well”! “That’s enough!” Soberan dakit hori guztiori! Baina niri ze axola zait?
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: Parka, jauna...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: ...baina gure arazoa...
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: ...zuregatiko arazoa da...
YANKIARRA: (Eten nahi du, alferrik. Eta tenis-partiduan jarraitzen du.) Ya! Ulertzen dut...
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: Zeren moda berri honek...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: ...hain arrakasta haundia izanik...
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: ...urbanizazioak eginak izan ditugunerako...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: ...zaharrak gelditu zaizkigu...
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: ...esan nahi dugu, berriak izanarren...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: ...zaharrak dira...
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: ...berri zaharrak...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: ...edo zahar berriak...
YANKIARRA: (Guztiz haserre.) “Shut up”! Badakit! Dena ulertzen dut! Baina banan-banan hitz egin nahi duzue? Desorientatu egiten naiz!
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: Oh! Parka, jauna...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: ...banan-banan...
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: ...hitz egingo...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: ...dugu...
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: aurrerantzean...
YANKIARRA: (Eskuak burura daramatzalarik.) “My God!” Zoratu egingo naiz!
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: Guk eginiko etxeak...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: (Pozaz.) ...hondartzaren alboan eraiki ditugu, noski!
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: (Penaz.) ...baina jendeak ez du hondartzarik maite...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: (Pozaz.) ...eta herri eguzkitsuetan...
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: (Penaz.) ...Baina herri euritsu eta hotzak daude modan...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: (Pozaz.) ...etxe argitsuak, leiho zabal eta ugarietaz...
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: (Penaz.) ...baina orain, etxe ilun eta hertsiak dira atseginak...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: (Pozaz.) ...kirol-zelai eta zabalune berdeetaz inguraturik zeuden gure urbanizazioak...
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: (Penaz.) ...baina jendeak ez du nahi aire zabalean kirolik egin. Gela hertsiak nahiago ditu, zuritasuna gordetzeagatik...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: (Pozaz.) ...Gure etxeak hiri edo herri nagusietatik urrun daude...
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: (Penaz.) ...Baina orain, gaueko zalaparta gustatzen da: taberna, dantza-toki, bingoak... (salto eta mugimendu arinak eginez).
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: (Pozaz.) ...eta...
YANKIARRA: (Desesperatua.) “Go away”! Nahikoa entzun dut!
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: ...horrexegatik etorri gara...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: Porrot eginak gaude...
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: ...Geure diru guztia honetan erabili dugu...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: ...Urbanizazio salezinetan...
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: Eta orain, zer egin?
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: Nora joan?
(yankiarra jaiki eta mehatxuz haiengana doa.)
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: O! Galduak gara...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: A!... galduak!
(Noiz eta orduantxe Aretoko gelatik txalo-zaratak entzuten dira. Aretoko atea zabaldu eta bi pertsonai zuri agertzen dira. yankiarrak bere gorrotoa kontrolatzen du, eta pertsonai zuriengana lasaiago doa.)
YANKIARRA: Ezagutzen zaituztet, zorionez?
ARKITEKTO ZURI BAT: (Hozki.) Ez.
YANKIARRA: Utz iezadazue neure burua aurkez diezazuedan. Ni, Kosmetika eta Moda berriaren sortzailetariko bat naiz. (Eskua luzatzen dio.)
ARKITEKTO ZURI BAT: Plazer bat da guretzat zu ezagutzea. (Eskua ere luza eta hestutu egiten du.) Gu, arkitekto zuriak gara.
BESTE ARKITEKTO ZURIA: Horrela da! (Honek ere eskua luza eta hestutu.)
YANKIARRA: (Askosaz lasaiago.) Hau bai dela haundia! Hain zuzen ere, arkitekto beltzaran batzu hemen geurekin ditugu. (Arkitekto beltzaranak seinalaturik.)
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: (Oso hunkitua.) O! Hau bai dela haundia! (Eskua luza eta bortizki hestutu egiten die.)
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: A! Hori bai dela! (Berdin eginez. bi bikoteek elkar agurtzen dute, zein hozki, zein hunkiturik.)
YANKIARRA: (arkitekto zuriei.) Eta, zer? Hitzaldia interesgarria izan duzue?
ARKITEKTO ZURI BAT: (Betiko hoztasunaz.) Bai, oso.
BESTE ARKITEKTO ZURIA: Horrela da.
YANKIARRA: Zertaz hitz egin da?
ARKITEKTO ZURI BAT: Etxegintza berriaren abantaila eta aurrerapenetaz.
BESTE ARKITEKTO ZURIA: Horrela da.
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: Abantaila...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: ...eta aurrerapenetaz?
YANKIARRA: (arkitekto beltzaranei, oihuka.) Bai, horretaz! (Lasaiago, zuriei.) Eta nolakoa izan da?
ARKITEKTO ZURI BAT: Garrantzitsua, oso. Guk geuk, geure lurralde nordiarretan izan ditugun esperientzi eta teknika berriak azaldu ditugu. Dakizuenez gure lurra betidanik baztertua izan da turismo mailan. Orain arte baztertua, baina hemendik aurrera hartu duen garrantzia aipatzekoa da.
BESTE ARKITEKTO ZURIA: Horrela da.
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: O!
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: A!
YANKIARRA: Isil zaitezten! (zuriei, lasaiago.) Eta, ondoriorik atera duzue?
ARKITEKTO ZURI BAT: Moda berria oinarria dela ondorioztatu dugu. Berari esker gure lurra orain arte ezagutu ez dugun mailara altxatu dugu. Kontaezinezko posibilitateak zabaldu zaizkigu. Eta datu batu aportatzearren “iglu” urbanizazio berriak asmatu ondoren izan dugun arrakasta hor dago.
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: O! Iglu urbanizazioak?
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: A! Zer dira iglu urbanizazioak?
ARKITEKTO ZURI BAT: Dakigunez, iglua izotz-etxebizitza da. Hotz eta eguzki-izpien aurkako aproposena. Horrexegatik Moda berriaren eredua.
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: O!
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: A!
YANKIARRA: (arkitekto zuriei.) “Beautiful”, benetan! (Mahai txikira abiatuz.) Hau ospatu egin behar dugu. (Oihuka) Etxezain!
ETXEZAIN BAT: (Atetik.) Bai, jauna.
YANKIARRA: Ekar eiguzu txanpan-botila!
ETXEZAIN BAT: Bai, jauna.
ARKITEKTO ZURI BAT: Guk ez dugu edaten.
BESTE ARKITEKTO ZURIA: Horrela da.
YANKIARRA: Tamalez!
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: Parka, jauna. Guk bai...
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: ...nahiz eta orain zer ospatu askorik ez dugun...
YANKIARRA: (Guztiz haserre.) Ez, ez! (etxezainari.) Ez ezazu ezer ekarri! (arkitekto guztiak besotik heldu eta ezkerraldeko aterantza doa.) Jaun hauekin etxegintza-bertransformakuntza nola egiten den hitz egin behar dugu. Ezta?
ARKITEKTO BELTZARAN BAT: O!
BESTE ARKITEKTO BELTZARANA: A!
(guztiak alde egiten dute.)