Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
BAK, 1985

 

VI. ESKENA

 

Pertsonaiak: yankiarra, frantsesa, italiarra, ebrodueroko bat, ebrodueroko bestea.

 

(Eskumaldeko atetik entzuten dira. Atea zabaldu eta yankiarra pozik agertzen da. Bere atzetik hiru gizon dotore eta zuriegik darraiote: kopa-kapelu, exekutiboen maletatxo eta ezpainetan izugarrizko irribarreaz.)

 

YANKIARRA: “My dears”! Non egon zarete? Toki guztietatik bilatu zaituztet, alferrik.

FRANTSESA: Bada, begira, hemen gaude. (Esku batekin bekokiaren izerdia xukatuz) Ez dakit nola, baina oraindik bizirik...

ITALIARRA: (frantsesari.) Ez dakigula zenbat denborako da arazoa, “per que” gauzak oso “bruno”, oso “negreto” ikusten dira...

FRANTSESA: (Txoko batetan dagoen aulkian amiltzen da.) Bai “negreto”! Honek, jai zuria baino, beltzaranen guda dirudi eta.

YANKIARRA: (Euforikoa.) Etzazue amore eman, “my darlings”! “The way” “of the” famarako oso gogorra da, noski. “Speak” eta “speak” egin behar da...

ITALIARRA: (Antzertokiko jendeari.) Jope, “speakirekin” “Si” haiek “Spikeatzen” dute dena...

YANKIARRA: Ba, ba, ba! Begira nortzuk etorri zaizkigun zorionak ematera. (gizon dotoreak eta zuriegiak seinalatuz.)

ITALIARRA: Ez, ez, “per fabore”! Beste batzu ez...

YANKIARRA: (Hasarre, eta italiarrari abots beheraz.) Isil, “Stupid”! Ez duzu ikusi beraien aurpegien kolorea? Gure aldekoak ditugu!

ITALIARRA: (Etsipenez.) Honela bada...

EBRODUEROKO BAT: (Iribarre izugarriaz.) Zuek bezalako pertsonai garrantzitsuak ezagutzea ohore bat da geuretzat. (frantsesa eta italiarrari eskua luzatuz.)

FRANTSESA: Eta nortzuk zarete zuek?

EBRODUEROKO BAT: Ah!, parka nazazue! Gu, Ebroduerokoak gara, noski!

FRANTSESA ETA ITALIARRA: (Batera.) Ah!

IBERDUEROKO BESTEA: Jai zuri zoragarri honetara gonbidatuak izan gara, geure enpresaren izenean gai bati buruzko solasaldian esku har dezagun.

FRANTSESA ETA ITALIARRA: (Batera.) Ah!

YANKIARRA: Hitzaldia “beautifula” izan da, benetan! Jende guztia ahozazabalik geratu da hauen azalpena entzun ondoren...

FRANTSESA: “Tres bien, tres bien!” Eta zein gaitaz hitz egin duzue?

EBRODUEROKO BAT: (Betiko irribarreaz.) Energi-iturrietan moda zuriak izan duen eragipenaz. Zentral nuklearraren hazkundeaz eta energi-etorkizunaz. Suposa dezakezuenez, beroki defendatu dugu gure tesia.

FRANTSESA ETA ITALIARRA: Ah!

ITALIARRA: “Molto bene, molto” interesgarria. Egia esan neure kasa ez nintzatekeen eragipen horretaz jabetuko. Legezkoa denez artistok teknikuntza ahaztu egiten dugu askotan.

EBRODUEROKO BESTEA: Jakina, jauna! Zuek, artistak zaretenok, beti Musaren zain... (Betiko irribarreaz, zerura begiratzen du.)

YANKIARRA: (Mahaian dagoen kopa txanpaiaz betez.) Ejem, ejem! Ez da hainbesterako ere. Eredu berria sortzerakoan gauza guztiak hartu ditugu kontutan.

ITALIARRA: (Temati.) Bai, baina “non capisco” oraindik, zertan dagokion zentral-nuklearra gure modari, eh?

EBRODUEROKO BAT: Ai, artista gurea! Ez zara konturatu moda berria jaio denetik, ezin dela eguzkitan bizi eta beste moetako energia beharrezkoa dela? Iluntasuna iristen denean, etxe guztiak esnatu eta argiztatuz doaz. Ah, hura paisai ederra, gau osoan gure herri eta hiri guztiak sutsuki distiratzean...!

ITALIARRA: (Bestea bezain euforikoa.) Ipurtargi-bizitasunaz murgildurik bailitzan...!

EBRODUEROKO BESTEA: Horixe, horixe! Zu bai zarela artista!

YANKIARRA: (Kopak eskeiniz doa.) Hori dela eta, opari bat proposatzen dut!

ITALIARRA: Brindisa, ederto!

FRANTSESA: Nire herriko txanpaiaz, ezta? Ez dago “bouquet” hoberik...

ITALIARRA: (frantsesari.) “Benno”... Sapagettiei buruz hitz egin beharko bagenu...

YANKIARRA: “Ou, nou”! Txanpaia nahiago dut. Coca-Colarekin antza haundiena duena da eta... (Txanpaia zabaltzen du.)

EBRODUEROKO BAT: (Kopa jasoz.) Moda zuriaz opa egiten dut!

GUZTIOK: (Berdin eginez.) Moda zuriaz!

FRANTSESA: Gora zuritasuna!

GUZTIOK: Gora!

FRANTSESA: Gora A.Z.E.M.!

 

(guztiok ixil eta harrituak.)

 

YANKIARRA: “Moment, please”! Ez zait gustatzen ezagutzen ez dudanaz ospatzerik. Zer da esan duzun hori?

FRANTSESA: Zu, betiko fidagaitz, “mon ami”! A.Z.E.M.! Andre Zuriaren Elkartasun Mundiala!

GUZTIOK: (Lasaiago.) Ah!

YANKIARRA: Bad, Gora AZEM!

GUZTIOK: Gora!!

 

(yankiarra irrintzi luze bat botatzen du. Jai-musika entzuten da, eta italiarra “La donna e mobile, má piuma al vento...” Kantatzen hasten da.)