Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
BAK, 1985

 

III. ESKENA

 

Pertsonaiak: frantsesa, polizia.

 

(Eskenatokiko eskumaldeko atetik txalo-zarata ugari entzuten da. Atea zabaldu ondoren frantsesa eta polizia bat irtetzen dira. polizia frantses eraz jantzita dago, bibote eta kapa luze batez. Tartamutua izan arren polizi keinuak egiten ditu: burua beti altxaturik, keinu dominatzaile eta pauso luze eta zarata ozenak. Bere biboteak etengabeki enroilatzen ditu.)

 

FRANTSESA: (Zerbait sumindurik.) “Monsieur police, s’il vous plait.” Ez dakit ondo ulertu duzun, baina jai zuri garrantzitsu hau ezer zintzilik utzi gabe prestatua dago, eta arrakasta segurtaturik dauka. Hori dela eta, zuen zerbitzua funtsezkoa da, zeren ordena eta diziplina mantendu behar...

POLIZIA: (Tartamutua denez gero.) O... O... O...

FRANTSESA: (Beti zerbait sumindurik.) Zer, O!? Ez da horrenbeste harritzeko, arraioa! Zu polizi zuzendaria zara eta!

POLIZIA: Ho... ho... hori diot nik. O... O... ordena eta diziplina mantendu behar, noski! (Ukabila jasoz.)

FRANTSESA: (Urduritasuna kontrolatu nahian, alferrik.) Biok ados gaudenez gero, gonbidatuen kontrol berezia gorde behar dugu. Badakizu hainbat jende ezjakintsu moda zuriaren aurka dagoela, eta jaia boikoteatzera datoz hona...

POLIZIA: So... so... soso... (Begipea hatz batez seinalatuz.)

FRANTSESA: Bai! So egin dezagun ardura haundiz, gonbidatu zuriak soilik sar daitezen!

POLIZIA: So... soberan dakit hori! (Berriz seinalatzen du begipea hatzaz.) La... la... la...

FRANTSESA: La... zer? Lan haundia duzula esan nahi duzu? Jakina!

POLIZIA: (Buruaz ezetza adierazten du.) La... la... la...

FRANTSESA: Laguntza eskatzen didazu? Nahi duzuna...

POLIZIA: (Ezetza, berriz.) La... la...

FRANTSESA: (Urduritsua eta abotsa progresiboki altxatuz oihuka hasi arte.) Latza... landu... lainoa... labana...?

POLIZIA: La... lasai egon zaitez, jauna!

FRANTSESA: (Desesperazioa, antzertokiko jendeari.) “Demasie” niretzat!

 

(Une honetan bi pertsona beltzaran eta dotore ezkerraldeko atetik agertzen dira. Sartzerakoan abots beheraz hitz egiten ari ziren, eta frantsesa eta polizia ikusiz geroz, asaldatuak dirudite. Hala ere pertsonai hauek irribarre faltso eta kilimusi haundiz agurtzen dituzte. frantsesak eta poliziak beste hainbeste. pertsonai beltzaranak bestela baitakoan hitz egiten geratzen dira, txoko batetan.)

 

FRANTSESA: Ez naiz batere fidatzen hoien muturretaz. Ikusten al dituzu? (Zeharretara begiratuz.) Zabal itzazu ongi begiak, “monsieur”.

POLIZIA: Lo... lo... lo...

FRANTSESA: Hau ez da lo egiteko ordua, Jaikoarren!

POLIZIA: Lo... lortuko ote dugu jaia baketan ospa dadin. Larru zikin hoiek...

FRANTSESA: Begira ezazu ea zerrendetan datozen, horiek gai dira gure jaia zapuztutzeko eta.

POLIZIA: (Kaparen azpitik enroilaturik daukan zerrenda luzea begiratuz.) Ja... ja... ja...

FRANTSESA: Barregura ematen dizu, eh? Noski, horretan baitatza zuen lana, honelako egoeretan zaudete zuek pozik.

POLIZIA: Ja... jai zuria ongi burutuko da; hori neure kontura geratzen da (ukabila bortizki astinduz).

FRANTSESA: Mugimendu susmagarririk egin balezate... zuzen burura eta doazela infernura!

POLIZIA: Gu... gu... gu...

FRANTSESA: Horixe baino ez dugu behar! Geu joatea infernura!

POLIZIA: Gu... guztiak bildu eta bihoaz... eurak. (Eskuetaz keinu eginez.)

FRANTSESA: Zertan zaude, bada! Joan eta gerarazi itzazu besterik gabe. Erakutsi polizia bat zarela!

POLIZIA: Ez... ez... ez...

FRANTSESA: Begira ezazue, hain ausartia zirudiena... oilo bustia baino ez da!

POLIZIA: Ez... ez dezakedala horrelakorik egin (zerbait haserre) zerrendetan baitatoz. Gainera, arazo tekniko batzu ditugu...

FRANTSESA: Nolako arazo teknikoak?

 

(Bitartean, pertsonai beltzaranek, zerbait susmatu balute bezala, alde egiten dute ezker atetik.)

 

POLIZIA: Komisaldegiak erre... erre... erre...

FRANTSESA: Baina denak ez zituzten erreko, ala bai?

POLIZIA: Erre... errebeldez beterik ditugu egun hauetan, komisaldegi guztiak, ja... ja... jauna.

FRANTSESA: Eta zein da arrazoia, jakin badaiteke, jai zuria ospatzen den egunetan honelako arazoak gerta daitezen?

POLIZIA: Badakizu, jauna, po... po... po...

FRANTSESA: Bai, politika arazoak! Terroristak beti gora ta behera eta orain konpondu behar duzuela bururatu zaizue.

POLIZIA: Ez, ez, badakizu, po... po... po...

FRANTSESA: (Antzerkiko jendeari.) “Potroetaraino nagoela, badakit, bai, soberan ere... (etxipenez).

POLIZIA: (Buruaz ezezko keinua dagien artean.) Po... po... poliki, po... poliki moda zuriak egoera hau erakarri digula.

FRANTSESA: Zer? “Mais, ce n’est pas posible!” Zer du zerikusirik moda zuriak ordena publiko arazo honetaz?

POLIZIA: Gauza askotan, jauna. Dakizunez, gaurko ideia zuri eta berri hauetaz bizimodua zeharo trukatu da: gaurko pertsonak, modaz doazenak, noski, egunez lo eta gauez bizi egiten dute. Eta betidanik gaua azpimunduaren sehaska izan da. Suposa dezakezu, orduan, egunero sortzen diren istiluak: burrukak, lapurretak, asasinatzeak...

FRANTSESA: Nahiko, nahiko... Arina zara nahi duzunean, txo! (poliziari hurbiltzen zaio eta doinu lagunkorragoz.) Aizu, “monsieur”! Guztiok dakigu gaua zer den. Zorakeriak egiten dira noizbehinka (konfidentzialki)... Nork ez du gauren batetan ile zuri bat airera bota, eh? (Animatuago.) Gaugiroak sorginkeria berezia du gizonarentzat... zenbat abentura, asmo eta amets izan ote dira gauen sortuak...! (Oso hunkitua.) Gaua, Oh, la, la, la...!

POLIZIA: Bai, jauna. Oh, la... la... lana, poliziok egin beharko duguna!

FRANTSESA: Arranopola! (Antzertokiko jendeari.) Berriz hasten zaigu txantxetako ahototel hau! (poliziari, hatz bat zerura jasoz.) Ez da moda zuriaren hutsa, polizi jauna, eurak, bezeroak dira oker daudenak.

POLIZIA: Jo... Jo... Jo...

FRANTSESA: Bai, baina ez gehiegi ere. Gehiago erosteko moduan uzten badituzu, jo ditzakezu.

POLIZIA: Jo... jokabide hau, egia esaten badizut, guri oso ongi datorkigu. Polizion lana ez bada zihurtatzen... zer eraman dezakegu gure haurren plateretara? Ez al dugu lanerako eskubiderik, beste edozeinek beste?

FRANTSESA: “Mais, voyons”: zer da zuek maite duzuena, ordena bera, ala ordena mantentzea?

POLIZIA: (Pentsati.) Egia esan, aginte gazteak heldu zaizkigunetik, ez daukat arazo hori hain argi. Hain sutsuak dira gazte hauek... Baina, hori bai, guztiz eginkor eta efektiboak. Nik nahiago nuen lasaitasuna eta ordena bera. Baina gazteak hain indartsu datoz... ekintza nahi dute, ekintza eta ordena mantentzea beste edozeren gainetik.

FRANTSESA: (poliziari sorbalda lagunki joz.) Bikain deritzot jokabide moderno horri. Oso mesedegarria. Zeuri ere hitz-totela erabat kendu zaizu horretaz animatu zarenean. Ez dezagun, bada, unerik alferrik gal eta agin iezaiezue zure gizonei ez dezatela zirrikiturik miatu gabe utzi. Efektibitatearen izenean.