III. ESKENA
Pertsonaiak: andre zuria, autoestopista eta informabideetakoak.
(autoestopista eta andre zuria hitz egiten ari diren bitartean, kotxearen zarata martxan bailego entzun behar da).
ANDRE ZURIA: (Barre algaraka) Pozik zaude, lagun! Zergatik, ba?
AUTOESTOPISTA: Ez dago arrazoirik, ala? Kotxe bat lortu dut dagoeneko eta... (neskari begira) horrez gainera zure alboan nago, ederra!
ANDRE ZURIA: Hori pozik egoteko arrazoia dela benetan uste zuzu?
AUTOESTOPISTA: Jakina! Badago besterik pozik izateko, ala?
ANDRE ZURIA: Ez zara goizale, txo! (Begiak zeruari begira eta zirrara artifizialaz) Bizimoduko gauza sinpleak huskeriak dira eta. Historiaren bideak aldatzeko arrazoiak, patuek mugatzen dituzten ekintzak, etorkizunerako mezuak... horiexek bai direla alaitasuna ematen duten zerak...
AUTOESTOPISTA: (Eszeptikoki) Behin eta berriz etorkizunak gora ta behera... Eta badago norbait honelako gauza haundiosa betetzeko prestatua denik, ederra?
ANDRE ZURIA: Ni, neu, hain zuzen.
AUTOESTOPISTA: (Liluraturik, neskari begira) Horrek ez nau harritzen.
ANDRE ZURIA: Nondik zatoz, txoriburu?
AUTOESTOPISTA: (Atzea seinalatuz) Atzetik.
ANDRE ZURIA: (Pixka bat haserre) Baina non jaio zaren jakin nahi dut, haizepuxka!
AUTOESTOPISTA: (Atzea berriro seinalatuz) Han. Aspaldian gertatu zenez, ahaztu egin dut.
ANDRE ZURIA: Eta nora zoaz?
AUTOESTOPISTA: (Aurrera seinaltuz) Aurrerantza.
ANDRE ZURIA: (Berriz pixka bat haserre) Baina zein tokitara galdetzen dizut, babalore!
AUTOESTOPISTA: (Sorbaldak altxatuz, indiferentziaz) Eramaten nauten tokira. Eta beti aurrera. Badaki norbaitek nora joan nahi duen, ala?
ANDRE ZURIA: Noski, txotxolo! Nik, esate baterako, Parisera joan nahi dut...
AUTOESTOPISTA: Ez da toki txarra, ez. Baina zergaitik Paris, eta Irun, Barakaldo edo Apatamonasteriora ez?
ANDRE ZURIA: (Irribarrez) Haundia zara, untxitxo! Ez ditut izendatu dituzun lekuak ezagutzen, baina Paris bezain garrantzitsuak ez dira seguraski izango, ezta? (autoestopistak burua eragiten du, zalantzaz) A, Paris, Paris! (Zirrara artifiziosoaz) Europako iraultzarik aipatuenaren sehaska! Bertan gertatuko da oraingo transformakuntza garrantzitsuenetarikoa ere!
AUTOESTOPISTA: (Izuz) Ez da izango! Burrukan daude berriz, ala?
ANDRE ZURIA: (Barre algaraka) Bai, xoxoa! Burruka kultural batetan dihardute!
AUTOESTOPISTA: (Lasaiago) Zorionez honela bada! (Pentsakor) Egia esan ez dut piperrik ere ulertzen, baina Parisera joan nahi baduzu, elkarrekin helduko gara, Jainkorako! (Eta lehengo kopla eta kantak errepikatzen ditu)
“Aurpegi zurbil, ilargitsua,
hegal zuridun larrosa;
zure eskua hartuz batera
nire bihotzak, hau poza!
Berebiziko emakumea
elurra bezain zuria,
hau izango da gaur eguneko
andrearen irudia”
(Autoaren zarata amatatzen da. Eskenatokiaren hondoan Eiffel dorreko itzala argiztatzen da, eta hotel batetako sarrera dager.)
ANDRE ZURIA: Heldu egin gara! (kotxetik bajatzen da)
(Hau esanez, hiru atetatik eta antzertoki bertatik pertsonaiak irtetzen dira, alai eta zarataka: erreportariak, argazkilariak, telebistakoak... Jai-musika han hemenka. andre zuria inguratzen dute, gaueko argia flasez betetzen den bitartean.
autoestopistak, oraindik kotxean muntata dagoelarik, bere buruan hatz egiten du, eta antzertotiko jendea begiratzen du bere harridura adieraziz.)