XV
(Eszenarioan argi berezi bat pizten da, eta bertan zutik lehengo lau gizon euskaldunak ikusten dira.)
BATEK:
Oihu bat aditua izan da
euskaldunen mendien artetik,
eta etxeko jaunak, bere atearen aitzinean zutik,
ireki ditu belarriak eta esan du:
KANTOREA: Nor da hor? Zer nahi dute?
BATEK:
Eta txakurra, bere nagusiaren oinetan lo zegoena,
altxatu da, eta Altabizkarko inguruak zaunkaz bete ditu.
Ibañetaren lepoan harrabots bat entzuten da,
hurbiltzen da, harrokak ezker eta eskuin jotzen dituelarik.
Hori, urrundik heldu den armada baten burruma da.
Mendien tontorretatik guziek errespuesta eman diote.
Berek duten zeinua adierazi dute,
eta etxeko jaunak bere dardoak zorrozten ditu.
KANTOREA:
Heldu dira. Zer lanzazko sasia!
Nolazer-nahi kolorezko banderak haien erdian agertzen diren!
Zer tximistak ateratzen diren horien armetatik!
Zenbat dira? Haurra, konda zak ongi.
KOROAK:
Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi
zortzi, bederatzi, hamar, hamaika, hamabi,
hamahiru, hamalau, hamabost, hamasei,
hamazazpi, hamazortzi, hemeretzi, hogei.
BATEK:
Hogei eta milaka oraino.
Horiek kondatzea denbora galtzea litzateke.
KANTOREA:
Hurbil ditzagun gure beso-zainak,
errrotik atera ditzagun harroka horiek.
Bota ditzagun mendian behera
horien buruen gainera.
Leher ditzagun, herioaz jo ditzagun.
LAU GUDARI:
Zer nahi zuten gure mendietarik Iparreko gizon horiek?
Zertarako jin dira gure bakearen nahastera?
Jainkoak mendiak egin dituenean nahi izan du
hetatik gizon arrotzik ez pasatzea.
BATEK:
Baina harrokak biribil koloka erortzen dira,
tropak lehertzen dituzte.
Odola xurrutan badoa; haragi puskak dardoetan daude.
O, zenbat hezur karraskatu! Zer odolezko itsasoa!
(Argia dagoen tokira roland sartzen da. Zaurituta dator.)
ROLAND: (Heriotsu mintzatuz.) Orreaga! Andre Mari eguna! Zazpirehun eta hirurogeita hamazortzia! ... Egun hau... egun hau bai izan dela oroitzeko eguna! Nafarrek Karlomagno zafratu... Nork usteko zuen Nafarroa txikiak errauts zezakeela Europa guzia ikaraz daukan gure armada!
Nere soldadu guziak hilak edo ihesi joanak leku madarikatu honetatik.
Nik hemen, hemen hil behar! Nere ezpata sonatua, Durandal nere ezpata, nere biziko laguna deusetako ez on... nere besoak ez gehiago aski indarrik hori altxatzeko ere...
NAFAR GUDARIAK: Roland, Roland!
ROLAND: Nor da hor! Nork deitzen nau?
NAFAR GUDARIAK: Roland, non daude Iruñean azaltzen hituen molde harroak?
ROLAND: Orduan nagusi gintuan... Orain zuek zarete!
NAFAR GUDARIAK: Ez, Roland, ez gaituk nagusitu; gure indarra ez duk gizonak hiltzeko, gure sendiak, lurrak eta gainerakoak defendatzeko baizik.
ROLAND: Hil nazazue... Durandal nere ezpata (maginatik atereaz bere bihotzaren gainean jartzen du) zuen eskuetan... zanpa, bultza... bihotza ebaki arteino.
NAFAR GUDARIAK: (roland bere ezpata gorputzean sartzen ari den bitartean, koroako gudari nafarrek honela diote.) Gizonak menperatzen erabili duzun Durandal ezpata berak kenduko dizu azken arnasa... Gizonak, herriak menperatzeko indarkeriaz baliatzen direnek, zugan har dezatela exenplu eta ispilu.
KANTOREA:
Eskapa, eskapa indar eta zaldi dituzuenok!
Eskapa hadi, Karlomagno errege,
hire luma beltzekin eta hire kapa gorriarekin.
Hire iloba maitea, Errolan zangarra, hantxe hila dago;
bere zangartasuna ez du beretako on izan.
Eta orain, euskaldunok, isur ditzagun gure dardoak
eskapatzen direnen kontra.
Badoaz! badoaz! Non da bada lantzazko sasi hura?
Non dira haien erdian ageri ziren zer nahi kolorezko bandera haiek?
Ez da gehiago tximistarik ateratzen haien arma odolez beteetarik?
Zenbat dira? Haurra, konda zak ongi.
KOROAK:
Hogei, hemeretzi, hamazortzi, hamazazpi,
hamasei, hamabost, hamalau, hamahiru,
hamabi, hamaika, hamar, bederatzi,
zortzi, zazpi, sei, bost, lau, hiru, bi, bat.
KANTOREA: Bat bakarrik ez da bizirik gehiago agertzen.
BATEK: Akabo, etxeko jauna, joan zaitezke zure txakurrarekin zure emazte eta haurrak besarkatzera, zure dardoak garbitzera, eta gero ohearen gainean etzan eta lo egitera. Gauez arranoak joango dira haragi puska lehertu horiek jatera, eta hezur horiek oro xurituko dira eternitatean.
(Argiak itzaltzen dira.)