Altabizkarko kanta
Eugenio Arozena
Altabizkarko kanta
Eugenio Arozena
Antzerti, 1984

 

XIV

 

(Txalaparta apal entzuten da; eszenarioan argi bereziak pizten dira, eta antzeslariak honela ikusten dira; alde batean karlomagno, roland eta eggiar zutik eta publikoari begira; beste aldean eneko, buruzagi bat, buruzagi bi eta eneko, arizta, hauek ere publikoari begira.)

 

ENEKO: Bilkura honen arrazoiak denek dakizkizue; etsaiek gure Iruñea eta beste zenbait hiri nagusi desegin eta sakeatu egin dituzte.

BURUZAGI BAT: Ezin daiteke horretaraino makurtu; dignitatea edo herrikoitasunik badugu ezin dugu gure anaien ontasunik lapurtzen utzi.

BURUZAGI BI: Gure senideak larru-gorrian utzi dituzte, zakur maltzur horiek goseti direlako; momentu honetan burrukatu beharra dago, denontzat etsai dugunaren aitzinean ezin dugu atzera egin.

ARIZTA: Gure baitan, aitzinean burruka besterik ez da. Azken berriak honela dira: Frankoak bi zati eginik heldu dira. Lehen zatian, Karlomagno bere soldadutzarekin; bigarrenean, konboia, Rolandoren agintapean. Bigarren hau geldiago dator, lurraren egiturak ez die laguntzen, daramaten tresneria izugarria baita.

BURUZAGI BAT: Gaua Auzperrin pasako dute, eta hurrengo egunean Ibañetako mendia pasa beharra izango dute; eta Ariztak esan duen bezala, Altabizkarko lepotik konboia pasatzerako Karlomagno bere soldadutzarekin sei bat ordu aurretik joana izango da seguraski.

ENEKO: Gure jokoa baza batera jokatu beharra dugu, aurrez-aurre ekiteko indarrik ez baitugu; nere iritziz, Altabizkarko lepora konboia iristean guk han egon behar dugu; gure indarra sorpresan datza.

BURUZAGI BI: Eta etsaiekin ez dugu gupidarik izan behar; konboia desegin, eta bertan daramaten lapurketa gurekin behar dugu eraman jabeari berriro itzultzeko.

ARIZTA: Karlomagno itzultzean, heriotza besterik ez du aurkituko; gu bitartean mendi zokoetan gordeko gara.

ENEKO: Eta bakoitzak kontuan har dezala gure Jaungoikoak gizonari eta gizaki bakoitzari lur puska bat eman diola herri sendo bat egiteko, eta ez Frankoen eta beste inoren menpean egoteko.

 

(Alde batekoek solasa bukatzean bestekoak hasten dira.)

 

EGGIAR: Zuen herria ttikia da eta edozein soldadutzaren menpean egongo da beti. Gure eskaintza ez duzue onartu: Akitaniako zati bat eginik egon. Hango jakintza eta giza moldea zuei eskaini zaizue, baina alferrik.

ROLAND: Oihanetako gizon jentilak, ezin konpreni dut zuen jokaera. Gure haunditasunaren babesa, gure jakintzaz hornitzea, gure legeen bidez zuzenduak izatea eskaini, eta zuen hoztasuna besterik ez dugu lortu; gure Enperadorea azaltzean zuek ihesi egin ohi duzue.

KARLOMAGNO: Alferrik da mintzatzea; hemen egitekoa egin dugu, Iruñea hau desegin. Jende basatiak, behingoz ikaseraziko dizuegu irabazleen errespetoa gordetzen. Zuen erresuma txiki hau ez da itsas zabalean azaltzen den lur puska bat baizik. Hego aldetik musulmanak eta Ipar aldetik gu, zuen amets liluragarriak eta bizikera basatia aldatu beharrean izango zarete.

 

(Solasa bukatzean argiak itzaltzen dira.)