Altabizkarko kanta
Eugenio Arozena
Altabizkarko kanta
Eugenio Arozena
Antzerti, 1984

 

XII

 

(eneko eta arizta alde batean, ximena eta oneka beste aldean.)

 

ONEKA: Mila esker eman didazun babesarengatik. Orain nabaitzen dut bihotzean umezurtz gelditzearen pena nolakoa izaten den.

XIMENA: Zure penak nereak dira; oinazean lagun nauzu.

ONEKA: Aita hila... etxea galdua... herria desegina; bai al da tristeagorik?

XIMENA: Oneka, pentsa zuhaitz zaharrari kimu berriak sortzen zaizkiola. Ez penatan eta saminean murgildu. Kopeta altxa geroari. Denborak gure onera bihurtuko gaitu.

ONEKA: Hortan nago ni ere, baina ikusi bazenitu odol-zale pizti haiek... Ibilitako tokiak nabari dira... bidetan gurutzetuak, emakume bortxatuak... bazter guzietan hil-hotsa besterik ez da entzuten.

XIMENA: Oneka, orain salbo zara, ez beldurrik izan. Jar zaitez zure etxean bezala; nere seme Ariztari atsegin zaio zu hemen gelditzea.

ONEKA: Berriro mila esker. Burrunda hau pasa arteino hemen geldituko naiz; baina nere tokia han dago... Iruñean. Hura lehen zena bihurtzen...

 

(Hauek solasa bukatu eta beste ertzekoak hasten dira.)

 

ENEKO: Mintza zaitez eta gertatuen berri emaidazu; sakeoaren ondoren honera etorri direnak, Iruñeako gertakizunetaz bakoitza kontakari bat da.

ARIZTA: Ez dakit honera etorri direnek zer esango zuten, baina gogoratzeak goibeltasunez betetzen nau. Nondik hasi eta zer esan... Dena bukatua dago. Iruñeatik Zaragozarainoko bazter guztiak frantses gudariz beteak daude.

ENEKO: Honera etorri direnek diotenez, Otsoa eta hango buruzagiek bertan heriotza aurkitu omen dute. Egia al da hori?

ARIZTA: Bai, aita; burruka luzea eta desberdina. Beren sabelak frantses ezpatak ebaki arteino defenditu dute Iruñea... Ezin esango du inork burrukari bizkarra eman ziotenik, zenbaitek bezala.

ENEKO: Betidanik, gure kondairak erakutsi izan digu egiaz izan direla, badirela eta izango direla azken trantzean burrukari bizkarra ematen diotenak. Horien indarra hutsean gelditzen da, hontzaren garrasia ilunpean galtzen den bezala... Jarrai zazu.

ARIZTA: Inguru haietan kezkaturik gelditu dira; frankoek Zaragozan ateak itxiak aurkitu dituzte, eta egun batzuetan setiatua eduki dute. Baina berri batzuk jaso ondoren, Karlomagnok zerkua altxa du, eta joandako bidetik dator bere lurretara.

ENEKO: Ez dut uste notizia txarra denik, esaten duzuna egia bihurtzen bada.

ARIZTA: Zoritxarrez egia da; zoritxarrez diot, zenbait herritatik berriak iritsi baitira frankoak mendekutz bazterran sakeatzen ari direla.

ENEKO: Ez dira horretara ausartuko. Gure izerdiarekin lurrari kendutakoa gurea da eta ez putre arrotz horiena. Ez dira Akitaniara berek uste bezain xamur sartuko.

 

(Solasa bukatu eta argiak itzaltzen dira.)