VI
(fortun-garces, oneka, eneko, arizta eta otsoa muxikarekin sartzen dira.)
FORTUN-GARCES: Azken agurra egiteko garaia etorri da; gure Iruñearen egoera tristea ikusi duzue. Atzo alaitasunez, gaur berriz... honela, joan-etorriak, beldurra, malkoak eta ikara jendearen baitan nabarmentzen dira. Emakumezko, zahar eta haurrak mendietan izkutatzeko agindua eman dut, burrunda hau pasa arteino.
OTSOA: Zure neurriak ongi iruditzen zaizkit... Baina atzerritar horiek zer nahi dute hemen?... Iruñeara sartu gabe pasa zitezken bada...
FORTUN-GARCES: (Itxaropenik gabe.) Ai, ai, Otsoa, Jainkoak zure hitzak entzun ditzala, baina... Zuk esan duzun bezela heldu badira frankoak eta musulmanak elkarturik, ez uste izan momentu hau galduko dutenik gure Iruñea menperatzeko.
ARIZTA: Betidanik, Ipar aldetik Akitandarrak eta Hego aldetik Musulmanak gu borrokatu nahian dabiltza, eta oraindik, Jainkoari esker, nere hemezortzi urtetan ez dut horien uztarririk ezagutu.
OTSOA: Ez, Arizta; ahaleginduko gara gure atzetik datozenei ere horrelakorik ez gertatzen. Ni hemen geldituko naiz... Fortun-Garcesen ondoan burrukatuko dut... Arizta, mezularitza egin zazu; joan Lizarrara zure osaba Semeneitzen gana eta han egon berriak jakin arteino.
FORTUN-GARCES: Otsoa, mila esker ematen didazun atseginarengatik. Eneko, Arizta, entzun zaidazu: gorde nere alaba etsaietatik, eta eraman zurekin. (Bere alaba besarkatuz.) Agur, Oneka, ene bihotzeko alaba bakarra, Ariztarekin joan zaitez.
ONEKA: Ez, aita, zu hemen gelditzen bazera zurekin geldituko naiz. Zure ondoan burrukatuko dut.
FORTUN-GARCES: Ez, alaba; agindua eman dut emakumezkoak izkuta daitezen... Zuk besteak bezela obeditu behar didazu.
ONEKA: Zure esana beteko dut... Baina, aita, zure osasuna zaindu; zu bakarra zaitut munduan. Berriz nahi baizaitut irribarrez besarkatu, eta ez malkoetatik hil-malkoak ixuriz.
ARIZTA: Fortun-Garces jauna, egon lasai zure alabaz. Oneka, hain maite dudana, portu onera eramango dut. Eta segur egon etsaiek ez dituztela gure gorputzak bizirik harrapatuko.
(Solasa bukaturik argiak itzaltzen dira, baina une berean beste aldetik odol tankerako argi gorria pizten da. oneka eta arizta han larriduraz beterik aurkitzen dira.)
ONEKA: Aitarengandik urruntzeak bihotza lanbroz betetzen dit.
ARIZTA: Oneka, ez zaitez larritu, zure bihotzeko lanbroa joango da, horregatik nago zurekin.
ONEKA: Bai, lasaitasuna ematen didazu, baina ez da nahikoa. Iruñea etsaiez inguratua dago, ni iluntasunez nagoen bezela.
ARIZTA: Iluntasunak berekin ditu txarrak eta onak; momentu honetan etsaiaren izkutuan ibiltzen laguntzen gaitu.
ONEKA: Zuhaitzen itzala nabaitu edo piztien hotsa entzutean, etsaiak dabiltzala iduritzen zait.
ARIZTA: Ez da harritzekoa, hain gutxi ibili zara gauez; baina Oneka, jakin ezazu hau: gu sortzen ikusi gaituen lur hau, gure Amalurra etsaiak oinkatzen eta bortxatzen ari direnean, iluntasuna eta izkutua izaten dira lagun. Horien babesean burrukatzen dira herri zintzoak.
ONEKA: Oraingoan zerbaitetan fedea izan beharko!
(Solasa bukaturik, eta ariztak jendeari atzea emanaz, onekak honela kantatzen du.)
ONEKA:
Gerla
gerla eta sua,
etorkizun larri iluna.
Hurbil dago gaua,
azkar doa eguna;
oinazetan deseginen da
nere barne-maitasuna.
Nora
nondik eta nola
gure herriaren urratsak,
bihotzaren poza,
odolaren deiadarrak.
Bakardadea dugu lagun
eta atarian egun oroz tristura.
Gerla,
odola eta gerla,
urrun ihes egin beharra.
Hurbil dugu etsaia
eta begietan negarra.
Betiko deseginen al da
gure Nafarroa zaharra?