Altabizkarko kanta
Eugenio Arozena
Altabizkarko kanta
Eugenio Arozena
Antzerti, 1984

 

VII

 

(nafarrak musikarekin sartzen dira eta taulan beren lekuan jarriz honela mintzatzen dira.)

 

OTSOA: Gudari lagunok, badakizue frankoak eta musulmanak gure lurretaz jabetzen ari direla. Sartzen diren leku guzietan jabetzen direla hango ontasuri guziaz. Ez dute emazte ez eta haurren axolarik. Hil, erre, hartu, gorputz bortxaketak egin; holakoak dira horien joka moldeak.

DENEK: (Hau gudari denek batera esan bezate.) Burrukatu dezagun, bai eta hortakoz gure odola isuri behar badugu ere.

FORTUN-GARCES: Nere aldetik ematen dizuedan agindua hauxe da: aurrera egiten badut jarraiki neri, atzera egiten badut hil nazazue; hiltzen banaute, bedeinka nazazue.

DENEK: (Berriro lehengo modura:) Burrukatu dezagun, bai eta hortakoz geure odola ixuri behar badugu ere.

 

(nafarrak bataila egiteko prestatzen ari diran bitartean, frankoak beste aldetik sartzen dira, musika berezi batekin. karlomagno bazter batean geldituz, besteak batailarako prestatzen dira.)

 

ROLAND: Gudari lagunok, orain dugu momentua geure Inperioa zabaltzeko. Gure aspaldiko ametsa beteaz, Akitaniak behingoz Auñamendiak bere babespean hartuko ditu. Gudari lagunok, Gora Karlomagno handia!

DENEK: (gudari frankoek goraki oihukatzen dute.) Gora Karlomagno, Europako Enperadorea!

 

(Gerla egiten dute.

Gerla bukatzean, frantsesak musikarekin ateratzen dira. Musika bukatu gabe, nafarrak beren hilak dauden tokira doaz. Musika amaituz doan era berean, oneka erdiko baten azpian jartzen da, eta poema errezitatzen du.)

 

                        Isilik daude harriak

                        isil-isilik udazken guzia

                        isilik garrasirik latzenak

                        isilik arrano goitarra eta zezenaren marrua...

 

                        Lehen parabisuko

                        zelai zabal haietan

                        kantuz zebiltzen libertatearen semeak,

                        erreinu bat eskuen artean

                        eta irudimenean askatasun amets mugarik gabeak.

 

                        Baina otsoak pasa zirenean

                        gero pasa ziren

                        azeri eta zakur amorratuak.

 

                        Parabisu desiatu hartako zelaietan

                        ximeldu egin ziren loreak

                        eta lehortu belar gozoak

                        belar gozoen zuztar

                        usain eta landareak...

 

                        Isilik daude harriak

                        isilik haizea

                        etxe eta kaleak,

                        isil-isilik daude berriro

                        gauza guztiak udazkenean.