V
(Iruñean bizitzak jarraitzen du; heldu zaien erasoaz ez dira jabetzen. Gaua da, Jauregiko gela; suasleak lanean ari dira, alaitsu ari dira, giroari doazkion kantak kantatuz.)
NESKATXEK: (Larraungo epistolak kantatzen dituzte.)
Mami jaleak dira Errazkingoak.
Zapata orpo-makurrak, Albisukoak.
Gezurrontzi zikinak, Baraibarkoak.
Sardin-jantzaileak, Iribaskoak.
Saskigile-kumeak dira Allikoak.
Bide-txior-jaleak dira Astizkoak.
Beti enbotto dira Oderizkoak.
Gona nabartxoekin hor Madozkoak.
Neska beltxarenak hor Mugirokoak.
Hoiei dagozkienak hor Arruizkoak.
Galtza-gorriak dira Aldazkoak.
Gona-petral-luzeak, Etxarrikoak.
Neska luzituak, Lekunberrikoak.
Titi-haundiak dira Uitzikoak.
Beti amorez daude Gorritikoak.
Beti alargun dira Azpirozkoak.
Lezaeten dago koskail-herria.
Hantxe akabatzen da kanta guzia.
(emakumezkoek epistola kantatzen bukatu bezain azkar, mutil-datza dantzatuz mutilak eszenara sartzen dira; poliki poliki, dantzan parte hartugabe, emakumezkoak inguruan jartzen dira. Dantza bukaturik, neska-mutil bikoteak modu honetan kantatzen dute, zenbaitetan dantzatuz.)
BIKOTEEK:
a)
Neure senar tontosko
arto jale haundizko
zazpi talo behar ditu
otorduan jateko.
b)
Neure emazte Balendin
kata usaia deragin
hortzak galdu ditun eta
hire pertzak egin din.
d)
Neure senar baldarko
laister ez da deustako
alorrean landa zagun
txoriak haizatzeko.
e)
Neure emazte hankarin
ttotta non dan badakin
bi begi gorri hoiekin
deabrua dirudin.
f)
Zu senar, ni emazte
elkarrekin hil arte
dantzan hautsak harrotzeko
oraindik nahiko gazte.
g)
Txingo, txango, rai-tarrrau
umore ona duk hau!
Iraun beza gaur ta bihar
iraun egun eta gau.
(Jolasa bukaturik, argia poliki poliki itzaltzen ari dela nabari da. suasleak mutilekin dantzatuz eszenatik ateratzen dira; oneka bakarrik gelditzen da, eta publikoaren artetik ariztak honela kantatzen dio.)
ARIZTA:
Zure ikustera jiten nitzauzu,
nolaxe zira maitea.
Bizi luze bat desir derautzut
dohain ederrez betea.
Bai eta ere denen buruan
paradisuan sartzea.
ONEKA:
Eskerrikasko, adiskidea,
ongi etorri zarela.
Mingaingo hitza bihotzak balu
zer amodio fidela.
Orduantxe to erran nezake
zure-zurea nintzela.
ARIZTA:
Xurian xuri, gorrian gorri
zoragarria zerade.
Orain berean jar banindadi
bi erresumaren jabe,
horiek oro deus ez litzake
xarmangarria zu gabe.
ONEKA:
Kantuan kantu, xixtuan xixtu
oi mintzoaren ederra.
Hain ongi mintzo, zu zara segur
nik entzun dudan bakarra.
Hola segituz badut beldurra
bilduko nauzun hondarra.
ARIZTA:
Xarmangarria, ikus ezazu
kanpoan gaizki naizela.
Eskuño batez tira nezazu
zure ganbera hortara.
Segeretuan nahi derautzut
kondatu ene manera.
ONEKA:
Barka zadazu ez baderautzut
hedatu nahi eskurik.
Nik egundaino ez dut fidatu
ene ganberan gizonik.
Fidatu diren gaixoan ganik
berri gaixtoak entzunik.
ARIZTA:
Ene maitea, fida zaitezke
bihotza lano utzirik.
Nik proposatzen baldin badautzut
zure gogozko ez denik,
Zeruko Jaunak etzaidala utz
istaño baten bizirik.
ONEKA:
Dudarik ez dut kanpo hortatik
leialki mintzo zarela.
Bainan ez dakit ez zaren flako
ni flako naizen bezela.
Ez nuke nahi ene ganberan
Jainkoak puni zaitzala.
(oneka azken bertsua kantatzen ari den bitartean, arizta taulara igotzen da, eta biak eszenatik elkarrekin irtetzen dira.)