Altabizkarko kanta
Eugenio Arozena
Altabizkarko kanta
Eugenio Arozena
Antzerti, 1984

 

IX

 

(gudari mahometanoak musikarekin sartzen dira. al husain gobernaria aulki batean esertzen da.)

 

AL HUSAIN: Soldadu lgunak, badakizue soldadutza frankoa nola heldu den... Suleimanek mezularia igorri du esanez: “Karlomagnoren laguntzarekin Iruñeaz jabetu gara. Zaragoza horretan Karlomagno eta bere soldautza errezibitzeko festa haundiak prestatu”. Lagunak, zer derizkiozue?

MUSTAFA: Nik, Alaren apeza eta Mahomaren jarraitzaile naizenez, Suleimanek egindako tratua ezin dut onartu, eta gainera gure erlijioak ezin du ontzat eman Zaragoza honetan horiek sartzea, Suleimanek nahi duen bezala. Alaren haserrea gure gain eroriko da. Alaren lur hau tratu zikin baten bidez kristau oinek zanpatzea ikaragarrizko sakrilejioa izango litzateke.

SOLDADOA: Ala, Ala, zaindu gaitzazu... Al Husain, zu zara gure agintari, zure hitza guretzat agindu da.

AL HUSAIN: Eskerrikasko, lagunak, ahaleginduko naiz auzi hau portu onera eramaten. Gure apezak dioenez, gerla hau saindua da... Gu Alaren zerbitzari bakarrak gara eta ez beste inorenak. Horregatik hobe burrukan hiltzea ez zakurren menpean egotea. Alaren izenean, ez diegu Zaragoza honetako aterik irekiko; sartzez, gure gorputz hilen gainetik izan beharko. Mustafa, apez zarenez gero egin dezagun otoitz.

MUSTAFA: (Profetaren moduan keinu haundi batzuk oihuka eginaz.) Ala!... Zatoz gu laguntzera! Zinaurriak bezela etsaiak bultzaka heldu zaizkigu gure lurretara; Zaragoza gure hiri hau laister izango da kristau madarikatuz inguratua. Baina ez gara beldur... gurekin dira Ala eta Mahoma bere profeta. Orain beretik lotu gakizkion denok gerrari... gerra hau saindua da. ALA!, gerra honetan hiltzen dena zure zeruan sar dezazula eskatzen dizut. Zenbat etsai hil, hainbat sari ederragoa izango dugu... Hil, beraz, etsaiak! Hil, hil, hil!

DENEK: Hil, hil, hil, hil!!

MUSTAFA: Moztu horien lepoak, zulatu horien tripak, puskatu horien hankak eta besoak.

DENEK: Hil, hil, hil, hil!

MUSTAFA: Errotik atera horien bizarrak, horien begiak eta horien barrabilak, eta denak bota zakurrei jateko.