Altabizkarko kanta
Eugenio Arozena
Altabizkarko kanta
Eugenio Arozena
Antzerti, 1984

 

XIII

 

(Carolingiar soldadutza Iruñeara iritsi da. Zaragozako frakasoek eta Sajoniako berri txarrek gorrotoa piztu diete, eta sakeo gogorrean ari dira, Iruñea beren atzaparretan hartuz.)

 

AGUAZILLA: (Lehenik atabala jotzen du.) Roland, Karlomagnoren jaun komandantearen aginduz...

            Lehena:

            Iruñeako jendeak errenta bat ordaindu beharra daukala, hemendik aurrera soldadutza frankoa izango baita zuen interesen defendatzaile.

            Bigarrena:

            Jende guzia gonbidatua da berehala plaza kastillora biltzera; hor urkatuak izango dira, denen aurrean, hemendik ihesi joaten atzeman izan diren gizon batzuk. Jende guziak bere begiz ikus dezala zer kastigu duketen Frankoei oldartzen zaizkien guziek.

 

(Argiak itzaltzen dira, eta atabal redoble bat entzunaz bi gizon urkatu ikusten dira.)

 

KARLOMAGNO: (Argi batetara hurbilduz honela mintzo da.) Zuek, leize-zulotako jentilak, basoetako piztien antzekoak zarete, baina etorri zaizue garaia zibilizazioan sartzeko; gure ohitura eta erlijioa hemendik aurrera ezarriak gelditzen dira.

ROLAND: (Bestea bezala argitara hurbilduz honela mintzo da.) Hemendik aurrera Frantziako Inperioan sartuak gelditzen zarete; zuen agintari bakarra Karlomagno haundia izango da. Akitaniari lotuak gelditzen zarete; Pabetik bidaliko dizkizuegu maisuak, rejidoreak, ohitura basatiak ahaztuz agintaritza sendo baten menpean ohituratzeko.

 

(bi buruzagiek beren iritziak ematean, eszenara kantaria sartzen da eta kantu bat ematen du.)

 

KANTARIA:

                        Hortxe sentitzen dugu

                        negar zotin bat,

                        jende zapalduaren samina.

                        Egunsentia

                        egunsentia

                        lausoz estali dituzu

                        gure begiak.

                        Egunsentia

                        egunsentia

                        lausoz estali dituzu

                        gure begiak.

 

(Kanta bukatzean argiak itzaltzen dira.)