Altabizkarko kanta
Eugenio Arozena
Altabizkarko kanta
Eugenio Arozena
Antzerti, 1984

 

X

 

(musulmanak gerra egiteko prest daude; neska zerbitzariek mahai eta aulki batzuk eszenarioan jartzen dituzte. frankoak musikarekin sartzen dira.)

 

KARLOMAGNO: (Haserrez beteta.) Suleiman jauna, eman didazun hitza ez duzu bete, eta horregatik Zaragozaren aurrean ate itxiekin aurkitzen gara... eta gainera irekitzeko asmo haundirik gabe... Gertakizun honen esplikazioa emaidazu.

SULEIMAN: Ene jaun Enperadorea, nere gorputza harridurak hartuta dago. Honera iritsi bezain laister bi mezulari igorri ditut, eta erantzuna... dardoaz hildako bi gorputz izan da.

ROLAND: Ene osaba Enperadorea, egia esaten du; nere begiekin bi mezulari hilen gorputzak ikusi ditut.

SULEIMAN: Karlomagno haundia, markako gobernari guziek zu onartzen zaitugu. Nere ordez utzitako Al Husein honek bakarrak traizionatu gaitu.

KARLOMAGNO: Soldadutza honekin Zaragoza menperatzeak gastu haundiak ekarri al litzake?

EGGIAR: Harresia ikaragarria da, baina horren atzean zenbaterainoko indarra dagoen jakin behar.

SULEIMAN: Indar haundirik ez dago, eta nahiz barrura sartu ez, gosez setiatzen baditugu, ene enperadorea, zure oinetara makurtuko dira.

KARLOMAGNO: Berriro kaso egingo dizut. Nere komandant zintzook, prestatu soldadutza Zaragoza hau menperatzeko.

 

(Solasa bukatu eta eggiar eta roland eszenatik ateratzen dira. Geroxeago musikarekin frankoak sartzen dira, haien lekua hartuz; gerra egiteko prestatzen dira.)

 

KARLOMAGNO: (Albotik)

                        Ene gudari lagun azkar eta zintzoak,

                        burrukatzea eskatzen du Frantziako Inperioak.

 

                        Zaragozako Musulmanek gaituzte traiziotu,

                        horregatik gure ohorea dezagun hemen xuritu.

 

                        Frantziako gudariak kristau zarete azaldu,

                        eta nere bedeinkazioa jainkoaren izenean hartu.

 

(Honek kantatzen amaitu bezain laister gerra egiten dute.) (Bataila aldi bat egin eta bi buruzagiak honela mintzo dira.)

 

ROLAND: Al Husain, azken eskaintza bat; Zaragoza hiri hau libra zaiguzu, eta zuen armada ihesi joaten utziko dugu; bestela denak erreaz suntsituko ditugu.

AL HUSAIN: Nere soldaduok, zuei mintzo natzaizue... zer diozue Rolandoren eskaintzaz?

 

(soldaduek protestaz lurra zangoez zanpatzen dute.)

 

AL HUSAIN: Horra gure erantzuna, Rolando.

ROLAND: Hala denez gero, hor izango zarete denok gaur berean tripak irekiak eguzkitan lehortzen.

AL HUSAIN: Gu lehortzen eta zuek usteltzen. Ez bait zarete on usteldurako baizik.

ROLAND: Puska ditzagun horiek! Ala gurekin!

MUSTAFA: (Belaunikatuz bere errezuan ari da; roland eta al huseinek solasa bukatzean altxatzen da, eta besoak zabaldurik honela dio.) Ala! Ala! bete zazu gure soldadutzaren nahia.

 

(Berriro bataila egiten dute.)

 

MEZULARIA: (Batailan atseden bat egitean, mezularia musika bereziarekin sartzen da, karlomagnoren aurrera hurbilduz.) Ene Enperadore Karlomagno haundia, notizia txarrak dakartza zuretzat: Witerkin berriro Sajonia aldera bihurtu da. Sajondarrek onartzen dute haren buruzagitza; zuk prestatutako soldadutza zafratzen ari dira. Zuk han utzitako gobernariek zu berriro itzultzea nahi dute, Sajoniara bakea berriro itzul dadin.

KARLOMAGNO: Lagunak, Sajoniara bakea itzuli behar dugu. Zaragoza honetan ez dugu ezer irabazteko, eta gure soldadutzaren gastuak egunetik egunera gora doaz. Nere komandant Roland, eman agindua berriro Sajoniara itzultzeko. Suleiman gobernari, markako gobernari guziak bildu, zuekin mintzatu nahi baitut.

 

(Karlomagno ez gainerako guztiak irtetzen dira; eszenarioan karlomagno alde batetik bestera serioski ibiltzen da. Musikarekin, roland, eggiar eta lau gobernari musulman sartzen dira, eta karlomagnoren aurrean jartzen.)

 

KARLOMAGNO: Gobernari jaunok, zuen nahia betetzeagatik aurkitzen gara hemen; zuek eskatu, eta gu etorri, zuen hitzetaz fidatuz; baina (ozenki mintzatuz) hutsa, gezurra, honear etorri eta ateak itxirik aurkitu; ez duzue emandako hitza bete, egintako tratua hautsi duzue. Horregatik nere soldadutzaren ordainketa eskatzen dizuet; aurrenean onez, edo onez nahi ez baduzue, zuen buruak gure soldadutzaren jostailu biurtuko dira.

GOBERNARI BATEK: (musulmanak beldurtzen dira, eta erabakia harturik.) Zuk agintzen duzun bezala egingo da.

KARLOMAGNO: Baina nola ez naizen zuetaz fidatzen, Suleiman gobernaria nere menpean geldituko da, zuek neri ordainketa egin arteino... Roland, Eggiar, hartu Suleiman zuen menpean, nik agindu arteino.

 

(denok musikarekin ateratzen dira.)