II
(Taula poliki poliki argitzen da, eta honako pertsonaia hauek ikusten dira: alde batean, suleiman eta al husain zutik; beste aldean berriz karlomagno eserita, eskuak mahai gainean dituela, eta roland eta eggiar zutik. Horien atzean, egungo jantzian, musikalariak eta narradoreak, Luzaideko dantzarien jantziz apaindurik.)
KARLOMAGNO: Emaidazue atzeneko burrukaren berri. Nere soldadutzaren gora beherak jakin nahi ditut.
EGGIAR: Ene Enperadorea, Sajondarren aurka hilak gutxi izan ditugu, Witerkin Sajon buruzagiak arras ikaratuta ihes egin du.
KARLOMAGNO: Eta jakin al duzue non izkutatu den?
EGGIAR: Bere inguruan ibilitako gudari batzuk espetxeratu ditugu, eta hitzegin dute esanaz Dinamarkara gordetzera ihes egin duela.
ROLAND: Ene osaba Enperadorea, Sajonia guzian zure agintza ezarri dut, festak antolatu ditut plaza nagusietan. Nahi bait dut gure Enperadorea plazetara iristen denean denok oihukatzea esanaz “Gora. Karlomagno Enperadorea, Europa eta Erlijioaren salbatzailea”.
(Solasa bukaturik jendeari begira gelditzen dira. Beste aldean musulmanak solasten dira.)
HUSAIN: Gure elkartearen fruitua ona izan da; lehen burrukan, Cordobako Emirraren soldadutza zafratzea...
SULEIMAN: Eta gainera Tha-Laba buruzagia bahitua daukagu; baina ez uste izan Emirrarekin hemendik aurrera bake haundirik izango dugunik.
HUSAIN: Bai, nere kezka hori da, baina ez gara hain ahulak; Ipar aldeko musulman gobernari guziak bat eginik gaude.
SULEIMAN: Bai, hori egia da, baina... gure indarra Cordobako Emirrarenarekin konparatuta hutsa da... Eta jakingo du laister Tha-Laba bere buruzagiari gertatutakoa.
HUSAIN: Bai, laguntza aurkitu behar dugu. Emirraren soldadutza etortzen bada, azkar zafratuko gaitu eta beldur naiz haren zigorrari.
SULEIMAN: Horregatik gure begiak Ala-ren izenean urrutira zabaldu behar ditugu eta laguntza eskatzera Europara joan, Karlomagno gana. Karlo-Magno betidanik Emirraren etsaia izan da.
HUSAIN: Arrazoi duzu, behar dugu berarekin solastu.
SULEIMAN: Azkar partituko naiz, eta bitartean Zaragozako gobernari uzten zaitut. Matruh eta Aishun nere bi semeak, Tha-Laba bahitua, eta gure zalditzan dauden gudaririk onenak nerekin eramango ditut.
(Solasa bukaturik, pastoraleko moduan muxikarekin taularen erdian bira bat emanaz, al husain ateratzen da eta suleiman karlo-magno dagoen tokira joaten da. Honek altxatuz errezibitzen du.)
SULEIMAN: Agur, Ala-ren izenean, Europako Enperadore. KARLOMAGNO Agur, Jainkoaren izenean, Zaragozako gobernari.
SULEIMAN: Esatera heldu nauzu, Auñamendi inguruko musulmanak elkartu gerala Cordobako Emirraren aurka. Lenbiziko batallan honen soldautza zafratu dugu eta Tha-Laba menperatu.
KARLOMAGNO: Zure hitzak entzutean, nere bihotza taupadaka pozez hasten da; jarrai zazu zure kontakariarekin.
SULEIMAN: Elkarte hortan bildu garen Gobernari guzien izenean esatera heldu nauzu Enperadore onartzen zaitugula, Bartzelonatik Zaragozarainoko hiri guzietan. Gure borondate onaren lekuko Tha-Laba buruzagia zure menpean oparitzat uzten dizut.
KARLOMAGNO: Eta horren ordainez esan beldurrik gabe zuen nahia zer den.
SULEIMAN: Cordobako Emirraren beldur gara, soldadutza bialduko ote duen gu desegitera. Hau gerta ez dedin, Ala-ren izenean eta gurean zure soldautza harrigarriarekin Zaragoza aldera etortzeko eskatzen dizut.
(Solasa bukaturik, suleiman jendearengana hurbilduz mintzatzen da; gainerakoek, zutiturik jendeari bizkarra ematen diete.)
SULEIMAN: Iritsi zait garaia Auñamendiran ertz batetik bestera printzego bat sortzeko, eta neri tokatzen zaidan mailan han esertzeko. Nere nahia betetzeko kristau zakur hauetaz baliatuko naiz.
KARLOMAGNO: (suleimanek, solasa bukatzean, jendeari bizkarra ematen dio; momentu berean, bira emanaz, karlomagno honela mintzo da.) Sajona nereganatua dudala, horra non azaltzen zaidan Inperioa haunditzeko aukera; aitzakia honekin inguruetako hiri nagusi batzuetaz jabetuko naiz. Eta Akitania Auñamendiren hego aldera zabalduka dut.
(karlomagnok bere baitako pentsamoldea azaldu ondoren, eszenarioko argiak itzaltzen dira.)