Altabizkarko kanta
Eugenio Arozena
Altabizkarko kanta
Eugenio Arozena
Antzerti, 1984

 

IV

 

(Musikarekin, eneko eta ximena sartzen dira.)

 

XIMENA: Ene senar maitea, gertakizun horiek direla medio kezkaturik aurkitzen zaitut... Ez al duzu aterabiderik aurkitzen?

ENEKO: Egoera honetan pentsamendu hauek uxatzea ez zait xamur egiten.

XIMENA: Egia diozu... Baina uste al duzu etorriko direla?

ENEKO: Ez dakit, Ximena, baina etorkizun onik ez espero horiengandik; alde batetik frantsesak, inperioa eta erlijioa ikurrin bezala hartuz, eta bestetik musulmanak, Zaragozako gobernaria buru dutela. Gure lurretara bi arrano sartu dira... Gure Nafarroa horien esku... ez dut pentsatu nahi ere.

XIMENA: Aspaldidanik dabiltza Zaragozako musulmanak inguruak menperatu nahirik, eta horretarako azeri-jokoetaz baliatzen dira. Gure kristautasuna ezin omen dela onartu! ... Tudelatarren Beni-Fortun buruzagia mahometano bihurtu denez, bakea omen dute, horrelako esamesekin dabiltza.

ENEKO: Ez da kontu polita, Ximena, erlijioa ahoan eta odola eskuan; hori da horien jokoa. Egia bakarra hauxe da, arrai haundiak ttikia jaten duela bere sabela betea edukitzeko, eta gu erresuma ttikia izaki... zatituak gainera.

XIMENA: Elkarrenganako ezin ikusiak ematen duen ahuleziaz gainerakoak ederki baliatzen dira.

ENEKO: Gure jokoa ez badugu aldatzen... horrelako gertakizun askoren aurrean aurkituko gara... bai orain, bai gero ere.

 

(neska zerbitzaria musikarekin sartzen da.)

 

NESKA ZERBITZARIA: (enekorengana hurbilduz mintzo da.)

            Eneko, zuen seme Arizta eta Otsoa mezularia atean daude.

ENEKO: Sar daitezela.

 

(neska zerbitzaria musikarekin irtetzen da eta musika berarekin arizta eta otsoa sartzen dira.)

 

ARIZTA: (ariztak bere gusaroak agurtzen dituen unean otsoa jendeari begira gelditzen da.) Agur, ene aita eta ama.

GURASOAK: Agur, gure seme Arizta.

OTSOA: (Berriro musika entzuten da, eta otsoa enekorengana hurbilduz.) Agur, Eneko, Jaun buruzagia.

ENEKO: Agur, Eneko; nolatan dira berriak.

OTSOA: Donibane Garazi eta Baigorri frankoek bereganatu dituzte; jendeak mendietara ihes egin du, gizonezko gehienak beren lanetan mendian baiziren. Hortaz baliatuz harrapatu dituzten ontasunak hartuz aurrera jarraitzen dute.

ARIZTA: Laister Altabizkarko lepoan izango dira; ikusgarria benetan, kontatzeak ez du pena balio... zer nahi kolorezko banderak... zer tximistak ateratzen diren haien armetatik.

ENEKO: Altabizkarko lepoa dute pasabide bakarra, hortik bi egunera Iruñearen aurrean aurkituko dira, eta Baigorri eta Donibanen hori egin badute, ez dute bide hobea eramango Iruñea eta Lizarrakoek.

OTSOA: Dituzten armekin eta dihoazten modura, ez dut uste gogo haundirik izango dutenik hemengo baso eta mendietatik ibiltzeko; momentu hontan Isaban salbo ginateke.

XIMENA: Buruz ez badugu jokatzen, txoria arranoaren atzaparretan bezala aurkituko gara.

ENEKO: Gu baino okerrago oraindik Iruñekoak eta Lizarrakoak. Bi buruzagiei behar zenieteke ahal bezain azkar adierazi, jakin dezaten hemengo gertakizunaren berri.

ARIZTA: Berriro partituz hemengo berriak eramango dizkiegu. Iruñean eta Lizarran jakin gabe ez daitezela egon, eta denbora izan dezatela defentsa preparatzeko.

XIMENA: (Bere semearengana hurbilduz.) Kontuz ibili, Arizta. (otsoarengana hurbilduz honela dio.) Otsoa, zaindu zaidazu semea; gaztea da oraindik, badakizu 18 urtetan begiak ez daudela zorrotz ez belarriak erne ez eta sudurrean behar aina usain ere. Zu zaitugu etxe honetako gudari onenetakoa.

OTSOA: Ximena, ez beldurrik izan, zure semeak txepetxaren trebetasuna, basurdearen usaina eta arranoaren begi zorrotza ditu.

 

(antzeslariak musikarekin ateratzen dira, taula hutsik utzirik.)