I
(Taularen gainean eta hiru toki desberdinetan kolore desberdinetako argiak pizten dira. hiru abanderatu azaltzen dira, argi bakoitzean bat, ezkerretik hasi eta honela: frankoa, baskoia eta musulmana. Bitartean ahots bat entzuten da.)
ABOTSA: Agur, ikusle eta entzule estimagarriok; berriro ere gure gertaera taula gainera ekartzen dute, azalpena jokalari batzuen eskuan utziz... Ez gara harritzen, lehendik ere hala moduan azalduak izan gara, pastoraletan bereziki: “Karlomagno eta hamabi pareak”, “Roland”, etabar... Liburuetan, zer esanik ez dago, kanta epikoak hor ditugu; baina gehienetan egia baztertua izan da. Garaiko idazle Frankoek idatzi zuten “Vita Caroli”, eta zer esanik ez Errolanen historia, eta beste askoren iturburu izan dira. Baina urteak ez dira alferrik pasatzen, eta egiari, hautsa astinduz, argi egin diote. Iragan mendean idatzia izan zen “Altabizkarko Kanta”, eta zer esanik ez XX-garren mendeko Historia azterketak portu onera eraman gaituela... Jokalari hauek urrutirago doazela diote, gaurko idaz-lanetan oinarrituz, gaurko ikuspegitik gertakizunak begiratuz... Arraioa! Entzuleok, hori zuen esatekoa da.
(Ahotsa isiltzean, argiak itzaltzen dira.)