Aurkibidea
Aurkibidea
20. AGERRALDIA
(erretorea joandakoan, pernandorenean, denak hasten dira uju eta aja, saltoka, kantari, txaloka, txistuka eta pozez txoratzen. Seaskako lastaiatik txerria aterako dute eta denek erabili nahiko dute, bularrean estututa, dantzan eta jira-biran. Horrela, kantari ari direla, kalejiran ere hasiko dira, txerria tartean darabiltela, pernando, joxepa eta seme-alabak; une hauetan esango dituzten gauzak ez dira zehaztu beharrekoak: nahiko dugu pozezkoak eta apaizarekiko trufazkoak izango direla esatea.)
PERNANDO: Badugu negu honetarako txerria.
JOXEPA: Beharra ere bagenuen.
MARTIN JOXE: Nik xolomoa nahi dut, nik xolomoa nahi dut.
JOXEPA: Don Gaxpar gaisoak zer jango ote du?
PERNANDO: Izango du horrek bestela ere, nahikoa talo eta esne.
JOXEPA: Ez da goserik hilko, ez.
PERNANDO: (Panderoa ateratzen du, martin joxeri ematen dio jo dezan, eta bera trikitilarien tankeran hasten da kantari, familia osoak dantza egiten duen bitartean; doinua akelarreren “Oraingo neskatilak” edo Laja eta Landakandaren “Minifalda” izan daiteke.)
Don Gaxparren txerria
dugu inguratu
Don Gaxparren txerria
dugu inguratu.
Berak gizendu baina
Pernandok jango du
Ai, oi, ene
Pernandok jango du.
Don Gaxparren txerria
dugu inguratu.
(Doinu berberaz)
Seaskan gorderikan
txerritxo kuttuna.
Umeak bezalaxe
maiteko duguna.
Goserik lapurtzea
ez da ez pekatu.
Ta baldin balitz ere
mesedez barkatu.
(Bukatuz)
Negu hotz hontarako
badugu zer jana.
Odolki ta txorixo
aprobetxa ahal dana.
(Txalo eta buila artean bukatzen da; iluna)