Aurkibidea
Aurkibidea
6. AGERRALDIA
(Geroxeago kanpai hotsak berriro, bataio deika bigarrenez, baita organua ere; lehengo berak, baina beste itxura batez. aitapontekoa edo amapontekoa edo biak beste batzuk izan daitezke; orohar itxura zahartuxeagoa izan beharko lukete; aurrekoez gainera, ume pare bat ere badira tartean, neska-mutilak, mutila hazixeagoa eta bestea kaskarragoa. amaren besoetan beste haur bat jaio berria eta bataiora daramatena.)
DON GAXPAR: Jesus, Maria eta Jose. Martxa ederra hartzen ari zarete. Zenbatgarrena duzue honez gero hau?
PERNANDO: Badaki berorrek, neguko gauak luzeak izaten dira eta, gure baserrian berriz hotza galanta izaten da eta, gizonak andrea ere behar du eta...
JOXEPA: (Apalki, lotsaz) Guk Jaungoikoak bidaltzen dizkigunak hartzen ditugu, eta haren borondatea bada...
DON GAXPAR: Bai, bai, bai, ez naiz ni kontra hasiko orain. Jaungoikoak esan zuen eta nik ere askotan errepikatu dizuet: “ugaldu zaitezte eta mundua kristauez bete”. Baina, nere kezka da mundua umez bete ondoren denei jaten ematen asmatuko ote duzuen.
JOXEPA: Nahiko lan izaten dugu, egia esateko, nahiko lan.
DON GAXPAR: Horretara nindoan ni, horretara.
PERNANDO: Berorrek ere egin zezakeen ba, zertxobait guri laguntzearren.
DON GAXPAR: Gutxi laguntzen al dizuet ba?
PERNANDO: Zertan ikusi behar. Hitza eta kontsejuak ugari izaten ditu beti, baina estimatuko genioke noizik eta behin anega bat arto edo.
DON GAXPAR: Ni pobrea nauk Pernando, Jesukristo gure jauna bezalaxe.
PERNANDO: (Haserre) Xuhur askoa bai. Zer kostatzen zaio ba, umearen bataioa dela eta, anega bat arto erregalatzea? Horrenbeste behintzat badu eta...
DON GAXPAR: (Haserretuz hau ere) Hi bezalako alferrentzat ez zegok debaldeko artorik. Lan gehiago egin ezak, bertsotan aritu beharrean, eta izango duk etxekoei jaten emateko lain.
PERNANDO: Denok goseak hilko bagina ere, berori lasai. Goazemazue hemendik, karitaterik ez dagoen etxean ez dago gauza onik eta. (seme nagusia eskutik hartu eta badoa kanpora)
JOXEPA: (Larri, umea besoetan) Baina Pernando! Umea bataiatu behar dugula!
PERNANDO: Hobe erreka zuloan bataiatzea, zeken horren putzuan baino. (Irteten du)
JOXEPA: (Ia negarrez) Pernandooo!
DON GAXPAR: Pasako zaion haserrea eta hurrengorako ikasiko din.
(Iluna)