Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren
Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren
Euskaltzaindia, 1989

 

19. AGERRALDIA

 

(don gaxpar, pernandoren otxean ate joka, larri eta estu.)

 

DON GAXPAR: Pernando, Pernando, zabaldu, Pernando, zabaldu azkar, Pernando.

PERNANDO: (Atera azalduz, izugarrizko patxaraz.) dugu ba halako presaz?

DON GAXPAR: (Urduri, hitzik atera ezinik.) Pernando, txerria... Pernando... Txerria...

PERNANDO: Zer dela eta halako larritasuna. Lasai bedi, Don Gaxpar, lasai.

DON GAXPAR: Txerria lapurtu didate, Pernando, txerria, lapurtu egin didate...

PERNANDO: Holaxe, Don Gaxpar, holaxe.

DON GAXPAR: Baina, lapurtu egin didatela, Pernando, txerria lapurtu.

PERNANDO: Holaxe, Don Gaxpar. Hori esan eta denek sinistuko diote.

DON GAXPAR: Egia dela Pernando, txerria lapurtu egin didatela.

PERNANDO: Hori da ba esan behar duena, hori.

DON GAXPAR: Baina, Pernando, ez dela gu biok hitz egindakoa, ez. Bene-benetan lapurtu didate, egiazko lapurrek.

PERNANDO: (Harrituarena eginez) Ene bada! Nola liteke ba hori?

DON GAXPAR: Gaur, goizean goizik, etxetik atera nauk, hik esan bezala, txerria izkutuan hartzeko asmotan eta zera, besteren bat ni baino goiztiarrago ibili eta eraman egin dik txerria. Ai nere txerri gaisoa!

PERNANDO: Eta... nor izan ote da?

DON GAXPAR: Nik al dakit ba! (Erdi negarrez)

PERNANDO: Ene! Ene! Holakorik egundaino! Lotsagabea behar du gizonak apaizari txerria lapurtzeko gero!

DON GAXPAR: Horixe lotsagabea; galanta gainera!

PERNANDO: Adi beza, Don Gaxpar: nere etxean begiratu behar du beste inon baino lehen, ikusteko guk ez dugula txerririk gordeta.

DON GAXPAR: Ez, ez, ez Pernando; nola egingo diat ba hori?

PERNANDO: Bai, bai, bai. Ni nintzen berorren asmoen berri ondoen nekiena eta lapurreta horretarako aproposena.

DON GAXPAR: Ez Pernando; nik konfiantza diat eta ez nauk hire etxean miaketan arituko.

PERNANDO: (Etxe barrurantz bultzatuz) Bai, bai. Nik ez dut nahi berorrek pentsatzerik Pernando lapurra eta gezurtia dela, eta nere etxean begiratu behar du beste ezer baino lehen.

DON GAXPAR: (Kontra eginez) Ezetz!

PERNANDO: (Berean segitzen duela) Baietz.

DON GAXPAR: Ezetz.

PERNANDO: Baietz.

DON GAXPAR: Ezetz esan diat, eta ni nauk herri honetako Erretorea.

PERNANDO: Baietz esan diot, eta ni naiz etxe honetako jabea. (Sarreraziz)

 

(Etxera sartzen dira; bertan haurrak ari dira, bazterrak nahasten, jolasean, eta txoko batean, seaskan negarrez dagoen umeari lo egin dezan eraginez, joxepa.)

 

JOXEPA: Egunon, Erretore Jauna.

DON GAXPAR: Baita zuei ere. Zertan zabiltzate?

JOXEPA: Badaki: umeak direla, hau dela eta bestea dela, beti lanean.

DON GAXPAR: Bai, guri ere ez zaigu buruhausterik falta.

JOXEPA: Zer du berorrek?

PERNANDO: Hara: txerria lapurtu diotela bart.

JOXEPA: Ez da izango...?

DON GAXPAR: Hala da ba.

JOXEPA: Hori ere badugu? Jesus, Maria eta Jose.

PERNANDO: Uztatu orain Don Gaxpar pakean, etxeko bazterrak miatu behar ditu eta.

DON GAXPAR: Ez, ez, nik ez nuen nahi...

JOXEPA: (Etenez) Bai, bai, bai; begira beza bildurrik gabe, etxe honetan pobre izanagatik besteren txerririk ez dugu gordetzen eta.

DON GAXPAR: Baina nik ez...

JOXEPA: Ez da hemen baina eta baina ondokorik. Ondo begiratu, eta etxeko kuxidadea barkatu.

PERNANDO: Aurrera, Don Gaxpar.

DON GAXPAR: Beno, beno; zuek agintzen baduzue... (Apaletan eta begira hasiz).

PERNANDO: Aginduko ez dugu ba.

DON GAXPAR: Nik ez diat uste, dena dela, txerria etxe honetan dagoenik.

PERNANDO: Seguru jakin behar du ordea.

DON GAXPAR: Ba, hemen ez zegok txerriaren arrastorik. Ni banihoak, Pernando. (Arakatzen bukatuta)

PERNANDO: Horren azkar? Besterik begiratu gabe?

DON GAXPAR: Non nahi duk ba begiratzea? Garbi zegok ez dagoela hemen. (Ate alderantz abiatzen da)

PERNANDO: Berorrek nahi duen bezala. (Aterantz lagunduz)

DON GAXPAR: Eskerrik asko agertu duan konfiantzagatik.

PERNANDO: Baldinbait ere! Nahi duenean etorri, eta ea azaltzen den zorioneko txerria. (Atea zabalduz)

DON GAXPAR: Ez diat uste. Honez gero, norbaitek farre galanki egingo dik nere lepotik.

PERNANDO: Eta txerri jate ederra ere bai.

DON GAXPAR: (Etsita) Bai, hori ere bai. Beno, ikusi arte. (Irteten du)

JOXEPA: Bai, ondo segi.

PERNANDO: Hurren arte. (Itxi egiten du)