Aurkibidea
Aurkibidea
7. AGERRALDIA
(don gaxpar liburuxka bat ari da irakurtzen konfesalekuan jarrita, marmarka. pernando iristen da betoskoarekin.)
PERNANDO: Egunon (Ez dago umore onez)
DON GAXPAR: Hara Pernando. Pasa al zaik aurreko kasketaldia? Jakingo duk ba umea bataiatu genuela azkenean?
PERNANDO: Ez nator nere gogoz; andreak bidali nau txartel bila etorri behar nuela eta.
DON GAXPAR: Beharko txartela! Bestela ez zegok Pazkoazkoa egiterik. Ikasi duk dotrina osoa?
PERNANDO: (Zakar samar) Aritu gara.
DON GAXPAR: Ea bada. Ikus dezagun. Galdera errax batekin hasiko gaituk: aber Pernando, zer esan nahi du Santuen Komunioak?
PERNANDO: (Bihurri) Artorik ematen ez duena, eramango duela Inpernuko Demonioak?
DON GAXPAR: (Haserretuta) Aldegin ezak hemendik! Aldegin ezak nere begi bistatik. Txartela ez, kalabaza galanta merezi duk hik, kalabaza.
(Iluna)