Aurkibidea
Aurkibidea
10. AGERRALDIA
(Kalean berriro pernandok eta zabalak egiten dute topo, honek lau botila ardo daramatzala, hark kalabaza; biak umore onean.)
ZABALA: Arraioa! Lortu duk eta.
PERNANDO: Zer uste huen ba? Esan diat, atso hauekin ondo jokatzen jakin behar dela.
ZABALA: Xirriren bat edo beste egingo hion hik e?
(zabalak botila bat ematen dio pernandori, berak beste bat zabaltzen duela.)
PERNANDO: Berak nahi bai baina... (Txurruta eginez)
ZABALA: Hi haiz hi tipoa! Orain botilak nik ordaindu behar. (Honek ere zurrut.)
PERNANDO: (Kalabaza erakutsiz) Nik janaria ekarri diat; beharko hik edaria jarri!
ZABALA: Parranda galanta jo behar diagu gaur. (Beste zurrut baten ondoren bertsotan hasten da.)
Pazkoazkoaz hitz egitea
ez zaidak atera merke.
Hirekin apustuan hastean
gorra egin diat nik e.
Joango hintzela esan didak hik
haruntz kalabaza eske.
Nola arraio engaina deken
gustora jakingo nikek.
PERNANDO: (Honek ere bertsotan erantzun.)
Adarra jotzen hasi haiz eta
nik ez nian ezer behar.
Erretorean baratzan zeuden
hainbat kalabaza edar.
Lau botil ardo galtzeagatik
etzak behintzat egin negar.
Aseturik geldituko dituk,
gaurkon pare bat neskazar.
ZABALA: (pernandori lepotik heltzen diola, adiskidetasun keinuan.)
Ardoa ordaindu diat eta
gaurkoan hik lasai edan.
Trago batzuek eman ondoren,
hik ba al dakik nongoa dan?
Neskame eta neskazar hoiek
aipatuz urrengo txandan,
etxen hire zai dagonarekin
ez ote daukak naiko lan?
PERNANDO: (Besoan ukabilkadatxo bat ematen diola.)
Jainkoi eskerrak hemen ez zegok
Erretorea aditzen.
Pentsatu arren ez geradela
bide zuzenen ibiltzen;
zakurrei ere beti hezur bat
nola ez zaien gustatzen,
bizitzan zehar ikasi diat
etxe ta auzo zerbitzen.
(Biak besotik helduta, botilari txurrutadak eginez eta kantari, badoaz atzekaldetik.)
(Iluna)