Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren
Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren
Euskaltzaindia, 1989

 

3. AGERRALDIA

 

(Eliza aldean, konfesalekua erdi erdian, eta don gaxpar barruan, begien bistan, zurrunka lokuluxka egiten. pernando gaztea sartzen da, batera eta bestera begira; apaiza lotan ikusi eta eztul egiten du; erretorea zertxobait izutu, baina zurrunka geratzen da berriro; berriz ere eztul egin, oinetakoz zoruan jo eta esnatu egiten da azkenerako don gaxpar.)

 

DON GAXPAR: (Esnatu berritan, inguruan zer den jabetzen ez dela, automatikoki) Sin pecado concevida.

PERNANDO: Egunon, Don Gaxpar.

DON GAXPAR: A! hi al haiz?

PERNANDO: (Atzera eta alboetara begira) Nik dakidala ez da hemen beste inor.

DON GAXPAR: (Zutituz; poliki hitz egiten du) Kontxo, kontxo. Lotan geratu nauk ba, konturatu gabe. Eta? Zer dela eta hi etxe honetan, aspaldiko partez?

PERNANDO: Apaizek ere bizi egin behar dutela eta.

DON GAXPAR: Bai ba, bai ba. Hi ere ez haiz makal bizi halere.

PERNANDO: Apaizak bezala inortxo ere ez ordea.

DON GAXPAR: Ez duk horrenbesterako ere, ez duk horrenbesterako. Makina bat buruhauste izaten diagu guk.

PERNANDO: Bai; mezadiru gehiago nondik aterako eta...

DON GAXPAR: Itxi ezak aho beltz hori, itxi ezak, ezagutzen haut eta. Esango al didak behingoz zertara etorri haizen?

PERNANDO: Lehen ere esan diot apaizek ere bizi egin behar dutela, eta konfesatzeko asmotan etorri naiz.

DON GAXPAR: Aitaren ta Semearen... Hi konfesatzera? Pozarren. Jarri, jarri hor belauniko berehalaxe hasiko gaituk eta. (eseriz) Luzarorako izango dugula iruditzen zaidak baina.

PERNANDO: Berorren esku, luze edo laburrago izatea (belauniko jarriz).

DON GAXPAR: Hori ez diat nik esan behar, pekatu saila zenbatekoa den ikusi behar. Gainera, zenbat denbora duk konfesatzera etorri ez haizela?

PERNANDO: Nik al dakit ba!

DON GAXPAR: Zertan ibili haiz ba, sarriago azaldu gabe?

PERNANDO: Badaki berorrek: ardiekin izandu naiz mendian eta, han berriz elizarik ez eta...

DON GAXPAR: Eta jeitsitakoan?

PERNANDO: Jeitsitakoan ere gogo gutxi eta.

DON GAXPAR: Eta ez al dik lotsarik ematen hola, lasai lasai esateak?

PERNANDO: Nola nahi du esatea ba, negarrez?

DON GAXPAR: Estututa behintzat, estututa. (pernando estu-estu jartzen da konfesalekuaren kontra) Zertan ari haiz?

PERNANDO: Estutzen, berorrek esan duen bezala.

DON GAXPAR: (Haserre keinu baten ondoren) Tira tira; utzi txorakeria horiek eta gatozen gurera.

PERNANDO: Ave Maria Purisíma. (Ebakera euskaldunez)

DON GAXPAR: Sin pecado concebida (berdin). Ea bada, hasi!

PERNANDO: Nondik hasi behar dut?

DON GAXPAR: Nondik hasiko haiz ba: lehendabizikotik!

PERNANDO: Ni jaio nintzenean amari titia eta titia eskatzen nion eta orduan amak...

DON GAXPAR: Lehendabiziko manamendutik esan diat, artaburu halakoa! Jaungoikoa gauza guztien gainetik maitatzea. Hire burua baino gehiago.

PERNANDO: Hori gehitxo esatea ez al da?

DON GAXPAR: (Harrituta) Nola gehitxo?

PERNANDO: Norberaren buruaren erdia maitatuta ere ez da gutxi, ezta?

DON GAXPAR: (Haserre) Lotsagabe arraioa: beste ezer baino gehiago maite behar duk ba! Segi aurrera: bigarrena, Jainkoaren izena alferrik ez erabiltzea.

PERNANDO: Zer esan nahi du: kabendioska eta aritzea?

DON GAXPAR: (Zutitu eta izututa, “aitaren eta semearen” hasten da, eseri, zutitu, eskuak burura eraman eta puzka ari dela) Baina... baina... holakorik egundaino! Jesus, Maria eta Jose. Itxi ezak, itxi ezak aho beltz hori! Ene, ene...

PERNANDO: Lasaitu bedi, Don Gaxpar, nik ez dut sekulan Jainkoaren izena alferrik erabili eta.

DON GAXPAR: (Lasaitu bat hartuz) Ez?

PERNANDO: Ez ba; behar danean bakarrik.

DON GAXPAR: (Berriro estutuz) Nola behar denean?

PERNANDO: Hori ba, baten batek zerrikeriaren bat egiten badit edo, azeriak ardiren bat akabatu edo, orduan, orduan hasten naiz mekabenka.

DON GAXPAR: Holakorik ez duk sekulan esan behar! Aditzen duk? Sekulan ez.

PERNANDO: Konforme, konforme... Ez haserretu horregatik.

DON GAXPAR: Beno ba. Hirugarrena?

PERNANDO: Ondo jostea beti, galtzaren barrena. (Kantari antzean)

DON GAXPAR: (Zartakoa emateko keinuz) Nik emango diat hiri galtza barrena. Jai egunak santifikatzea duk motell, jai egunak santifikatzea.

PERNANDO: Bai, hori bai, jai egunak santu dira neretzat.

DON GAXPAR: Zer egiten duk ba?

PERNANDO: Etzan eta egon; eta aldian behin sagardotegira joan eta bertsotan aritu.

DON GAXPAR: Hori al duk hire santutasuna? Mezatara joan behar duk, mezatara. Eta ez ibili gero mozkorkerian eta arlotekerian.

PERNANDO: Jai egunetan egiten ez badugu noiz egin behar dugu ba?

DON GAXPAR: Inoiz ez. Pekatua inoiz ez. Goazen aurrera: laugarrena? (Ixilune labur bat) Gurasoak ondratzea.

PERNANDO: Hondatzea?

DON GAXPAR: Ondratzea esan diat, astakirtena, ondratzea! Horrek esan nahi dik obedientzia eta errespetua zor zaizkiela.

PERNANDO: Nik zorrik ez e! Ez aitatu neri zorrik!

DON GAXPAR: Zer duk ba?

PERNANDO: Zer dudan? Batak ardia zor diodala, besteak bazkaria, ez naute berehala pakean utziko alajaina!

DON GAXPAR: Horrek konponbide erraxa dik; badakik, zorrak pagatu eta kitatu.

PERNANDO: Oraintxe egingo nuke kito, zerekin ordaindua baneuka.

DON GAXPAR: Tira tira; lehenbailehen konpon ezak, eta beste batetarako utziko diagu kontu hori. Gatozen gurera. Boskarrena?

PERNANDO: Hori badakit, gizasemerik ez hiltzea.

DON GAXPAR: Eta bete al duk?

PERNANDO: Bete bai; atzetik diru eske dabilzkidan horietakoren bat hilko balitz mesede ederra egingo lidake baina.

DON GAXPAR: (Asaldaturik berriz ere) Baina, baina... Hori esatea ere! Jesus, Maria eta Jose.

PERNANDO: Gutxi jan ta beti gose.

DON GAXPAR: Baduk hik beti ateraldiren bat erantzuteko. Hobe huke hire gogo eta kemen horiek lanerako jarriko bahitu, berriketarako jarri beharrean.

PERNANDO: Ejenplu kaskarra ematen du ba berorrek.

DON GAXPAR: Nola liteke...? Baina, baina... zer errespetu duk hori? Ez al dakik nor dagoen hire aurrean?

PERNANDO: Herri honetan bizkarra jateko besterik makurtzen ez duen bakarra.

DON GAXPAR: (Aztoratuta, altxa eta belarritik tiratu nahian) Nik makurtuko diat hiri bizkarra eta bero-bero egin makilkadaka, lotsagaldu halakoa! Alproja alena, demonio! (Kaskarreko batzuk emanez).

PERNANDO: Ai, ai, ai, ai.

DON GAXPAR: (Berriro eseriz, apur bat lasaituz) Kontuz zer esaten duan gero! Kakaume batek... Hobe aurrera segitzea: seigarrena?

PERNANDO: Nahi eta ezina.

DON GAXPAR: Nola?

PERNANDO: Hori ba, pekatu egin nahi baina ezin dela.

DON GAXPAR: Horixe polita! Ez genian besterik behar: pekatuaren atzetik ibiltzea. Eskerrak hire moduko zororik aurkitu ez duan zikinkerietan aritzeko.

PERNANDO: Izan, laguna badut; baina aukera falta zaigu, lekua eta.

DON GAXPAR: Ai ene, ai ene! Zein duk ba, zein duk engainatu duan gaiso hori?

PERNANDO: Gaisoa ez, Saletxeko Mari Joxepa osasun eta iztar ederretakoa da eta.

DON GAXPAR: Saletxeko Mari Joxepa? Ene, horren neska gazte eta zintzoa... Hik eraman duk hori okerreko bidetik.

PERNANDO: Ez, ez; nik Agerreko sagasti aldera eraman nahi izan nuen, zuzen zuzen. Baina norbaitek ikusiko gintuela eta, ez zuen nahi izan.

DON GAXPAR: Eskerrak ezezkoa eman zian; bestela...

PERNANDO: Beste zerbait ematen dit batzutan.

DON GAXPAR: Zer?

PERNANDO: Muxuren bat eta.

DON GAXPAR: Ez da egia izango?

PERNANDO: Xirriren bat edo beste eta.

DON GAXPAR: Zer gehiago?

PERNANDO: (Etsi antzean) Hortik aurrera ezer gutxi.

DON GAXPAR: (Lasaitua hartuz) Jainkoari esker. Besterik ez genuen behar...

PERNANDO: Nik beste zeredozer ere hartuko nuen ba.

DON GAXPAR: Emango diat...! Bihar bertan hitz egin behar diat nik Mari Joxeparekin eta bere gurasoekin. Egoera honi konponbidea jarri behar zaiok.

PERNANDO: Okerbidean jartzen ez badu... Hau ez al da sekretu konfesiozkoa?

DON GAXPAR: Ixilik egon hadi, hemen ez zegok holakorik eta. Dena dela, horretaz hitz egiteko aukera izango diagu gero ere. Orain beste zerbaitetan ari gaituk, eta esaidak zer den zazpigarrena.

PERNANDO: Norberarena dena, besteri ez ematea.

DON GAXPAR: Nondik atera duk hori?

PERNANDO: Hara ba, norbaitek neretik kentzen badit zer egiten du? Lapurtu; eta zazpigarrenaren kontrako pekatu. Beraz, neretik hartzen uzten ez badiot, ez da pekaturako aukerarik izango.

DON GAXPAR: Eta hik besterenetik kentzea?

PERNANDO: Besteak ondo gordetzeko bezain azkarrak ez badira...

DON GAXPAR: Hi bai azkarra, edo azkar ustekoa. Esan ezak: inorenetik hartu al duk azken aldi honetan?

PERNANDO: Hartu, hartu... heldu bai.

DON GAXPAR: Hori ere ba al dugu? hori ere bai?

PERNANDO: Baina ez nuen eramaten asmatu.

DON GAXPAR: Gaitz erdi, gaitz erdi hala izan bazen. Damutu egin hintzen lapurreta burutu baino lehen, eztala?

PERNANDO: (Zalantzaz) Halatsu.

DON GAXPAR: Ondo zegok hori. Aingeru Goardakoaren ekintza izan huen hori.

PERNANDO: Kaka zaharra Aingeru Goardakoarena! Etxekoneko Patxiren barrabaskeria bai.

DON GAXPAR: Nola duk ba hori?

PERNANDO: Hara, ez daki ondo berorrek ze amorrua ematen didan lapurtu gabe konfesatu behar honek. Lagun bati ardi bat zor niola eta, nereak kaskarregiak zirenez, Patxiren larreko ardi mardul haietako bat hartu nahi izan nuen; baita eskua luzatu ere.

DON GAXPAR: Eta...?

PERNANDO: Sarea estuegia zela eta hesitik ezin pasaturik bertan behera utzi behar izan nuen. Halako amorraziorik!

DON GAXPAR: (Farrezka) Ez huen besterik merezi. Horrela ikasiko duk hurrengorako lapurretarik ez dela sekula egin behar.

PERNANDO: Ez behintzat sare estuko hesietan.

DON GAXPAR: Eta gainera, intentzio hutsa lapurreta egin bahu bezain pekatu larria denez, penitentzia egin beharko duk.

PERNANDO: Penitentzia? Nahiko pena badut bestela ere.

DON GAXPAR: Ba, pekatu horren orbaina garbitzeko pare bat meza eman beharko diagu, eta horietarako txakur haundi bat emango didak.

PERNANDO: Txakur haundi bat? (Patriketan bila hasten dela, bertsotan esaten du) Penitentzia dela medio hemen berorrentzat bi hitz: lapurtu ez nuen ardiarekin hemen bueltaka gabiltz.

            Txakur haundi bat ordaindu eta dena barkatuko balitz, barkatutzerik ez zen izango bera bezain lapur banintz.

DON GAXPAR: Hik esan ezak nahi duana baina ordaindu egin behar duk. Bestela ez zegok barkamenik.

PERNANDO: Diru honekin... ardia erosi banu ere merkeago irtengo zidan.

DON GAXPAR: Lehenago atera behar hituen kontuak; orain hurrengorako ikastea daukak.

PERNANDO: (Azkenean bilatu du txanpon bat, eta sarea dagoen aldetik eskeintzen dio erretoreari) Min galanta ematen dit honenbeste behar dudana uzteak, baina eliza eliza denez, har beza berorrek txakur haundia, arimaren onerako baldin bada.

DON GAXPAR: Hortik ez, Pernando. (Hartzen saiatuz)

PERNANDO: Bai, bai; hortixe.

DON GAXPAR: Hortik ez.

PERNANDO: Bai, hortik.

DON GAXPAR: Baina hortik ezin diat txanpona hartu.

PERNANDO: Ez, e? Horixe bera gertatu zitzaidan ba, neri ardiarekin. Ondo izan eta hurren arte. (Zutituz joan egiten da; eta argia itzali)