Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren
Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren
Euskaltzaindia, 1989

 

13. AGERRALDIA

 

(pernandorenean, gurasoak eta martin joxe, seme nagusia; pernando txukun jazten ari da, joxepak laguntzen diola.)

 

PERNANDO: Gaur behintzat ez duzue kejarik izango. Aho bat gutxiago bazkaltzeko.

JOXEPA: Guk baino hobetoxeago ere bazkalduko duzu.

PERNANDO: (Harro) Erretore Jaunak gizon inportanteak gonbidatzen ditu eta, bere gauzen gainean hitz egiteko.

MARTIN JOXE: Nik ere bazkaritara joan nahi dut.

PERNANDO: Isilik egon hadi.

MARTIN JOXE: (Temoso) Nik bazkaltzera joan nahi dut.

PERNANDO: Isilik egoteko! Ez al duk aditu Don Gaxparrek gorabehera batetaz hitz egiteko gonbidatu nauela?

MARTIN JOXE: (Kaska gogor) Nik bazkaldu egin nahi dut!

PERNANDO: Kaskarreko bat emango diat, e!

MARTIN JOXE: Bazkaldu egin nahi dut!

PERNANDO: (joxepari) Emaiozu ume honi jateko zeozer, ea isiltzen den.

JOXEPA: Atzoko salda hondar hotza ematen ez badiot...

PERNANDO: Nahi duzuna egin ezazu, ni banoa eta.

MARTIN JOXE: (Garraisika) Nik bazkaltzera joan nahi dut.

JOXEPA: (Zartadako bat emateko keinuz) Ez al dik aitak esan bakarrik joan behar duela?

MARTIN JOXE: Nik bazkaldu egin nahi dut!

JOXEPA: (Zaplazteko batzuk emanez) Tori bazkaria! Tori! Gehiago nahi duk?

 

(Aharrantzaka hasten da umea)

 

PERNANDO: Etzazu hola jo ume gaisoa.

JOXEPA: Zer nahi duzu egitea? Ez al duzu zerorrek esan ezin duzula eraman?

PERNANDO: (Makurtuz, negarrez ari den semeari bizkarretik helduz) Aizak, nik gustora eramango hinduket, baina ezin diat. Don Gaxparrek halaxe esan zidak: “etorri hadi bazkaltzera biok hitzegiteko”. Eta beste inor eramaten badut berari ezer esan gabe haserretu egingo duk. Ulertzen duk?

MARTIN JOXE: (Zotinka) Nik bazkaltzera joan nahi dut.

PERNANDO: Begira, hurrengoan nerekin etorriko haiz; edo bestela, bueltan, ahal izanez gero, puxketa ederrenak ekarriko dizkiat kolkoan gordeta; konforme?

MARTIN JOXE: (Serio) Nik bazkaritara joan nahi dut.

JOXEPA: Eman egingo diat; eman egingo diat isiltzen ez bahaiz.

PERNANDO: Ume honekin ez dago zereginik; zu bezalako kaskagogorra atera da.

MARTIN JOXE: (Berriro aharrantzaka) Nik bazkaltzera joan nahi dut.

PERNANDO: (Eskua altxatuta zartadakoka hasi behar zuen joxepa geldieraziz) Geldi! Eraman egin beharko dut azkenean.

JOXEPA: Nola eramango duzu ba?

PERNANDO: Moldatuko naiz nola edo hala. (Poz-pozik dagoen semeari) Aizak, ken itzak sudurretik kandela horiek, hori ez duk apaizaren etxera joateko pigura eta!

 

(Iluna)