Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren
Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren
Euskaltzaindia, 1989

 

9. AGERRALDIA

 

(zabala joan da; Erretorearen etxe atarian pernando deika.)

 

BITTORI: (Barrutik) Zein da?

PERNANDO: Pernando.

BITTORI: (Atea zabaldu ondoren; jenio biziz eta zakar) Zer behar duk? Don Gaxpar ez zegok orain etxean.

PERNANDO: Badakit, berak bidalita etorri naiz eta.

BITTORI: Zer esan dik ba?

PERNANDO: Zera: bere baratzeko kalabazarik ederrena ematen didala.

BITTORI: (Ondo aditu ez balu bezala) Zer?

PERNANDO: Horixe: kalabaza galanta agindu didala.

BITTORI: (Susmo txarrez) Egia al da hori?

PERNANDO: (Zerura begiratuz) Jainkoak begiratzen digula bezain egia haundia.

BITTORI: Ez zekiat ba. Berari galdetu beharko zioat badaezpadaere.

PERNANDO: Galdetu, galdetu nahi duzun guztia.

BITTORI: Hik itxoin ezak hemen ni etorri arte, eta ikusiko duk gezurra bada.

PERNANDO: Txintxo txintxo geratuko naiz.

 

(bittori desagertu eta gaikaldeko leihoan azaltzen da; oihuka.)

 

BITTORI: Don Gaxpar, Don Gaxpar!

DON GAXPAR: (Ikusten ez dugula; urrun somatzen da bere ahotsa) Zer behar dun?

BITTORI: Izan al da Pernando lehen hor?

DON GAXPAR: Bai, hemen izan da.

BITTORI: Eta zer agindu dio berorrek?

DON GAXPAR: Zer? Kalabaza galanta!

BITTORI: Benetan?

DON GAXPAR: Horixe besterik ez zinan merezi.

BITTORI: Berorrek ikusiko du.

 

(Jeitsi egiten da bittori, eta handik piska batera berriro azaltzen da atarian, eskuetan kalabaza haundi bat duela; pernandori ematen dio.)

 

BITTORI: Tori, har ezak! Ez zekiat ze hegohaizek jo duen gure Erretorea baina.

PERNANDO: Nik, agindutakoa jaso besterik ez dut egin.

BITTORI: Bai, bai. Izango duk hau ere hire maltzurkeria horietakoren bat.

PERNANDO: (Irriparrez) Oso oker zaude Bittori, oso oker.

 

(Iluna)