Tu quoque fili
Antton Luku
Tu quoque fili
Antton Luku
Kutxa Fundazioa, 1996

 

Laugarren agerraldia

 

ama, sylvie, prokuradorea

 

PROKURADOREA: Zer bazter guziak alai, dena hobetzen ari delarik, hemen jendea nigarrez.

AMA: Ai, oi, ei Leon. Eta estatu honetan aurkitzen nau nigarrez eta belaunikaturik, etxekandere batek behar duelarik tink eta tente bere alartzean, hainbeste aldiz entzuna, eta ikasia!

PROKURADOREA: Zer da hemen johan ez denik, berriak ez dituzue entzun segurrik?

AMA: Ui bai, Leon preseski, baitakit zer lan daukazun zer kezktua, nardatua zaitezkeen eta behar nukelarik hor izan habe ta zutabe zure kopeta izerditsuaren pausagune, ez dizkizut axolak biderkatzen baizik, ez bainaiz on zure heinean egoteko ez eta zure etxan sartzeko.

PROKURADOREA: Zauri hona ene laudeta rikiki, eta konda iezadazu giroflea bihotz hori, esne-opila bezain guria, urratzen duen puņala zorrotza.

AMA: “Txiu, txiu” Leon a, aldi txartzen naiz hainbeste maite zenuen... A, ui, ei salatuko dut gorde behar nuena.

PROKURADOREA: Sala iezadan dena!! (Hau kexu).

AMA: Miserablea ni. Hainbeste maite zenuen izozkailua soperna generalak ito arazi du.

PROKURADOREA: Barka ezadazu ene behor-zori ttuttari, ez dut soportatzen ahal aitortzen ez delarik. Erosiko dizut beste bat, Fagor bat maite duzun bezalakoa.

AMA: Leon, Leon, sobera da, ezin dut jasan alditxartuko naiz. (Trenpetxartzen da filma mutuetan bezala).

SYLVIE: Gatzak! fite!

PROKURADOREA: (Zarta bat ematen dio fina). Nigarrak idor, aire hits horiek aira, ez ditut etxe honetan irriak eta begitarte alaiak baizik ikusi nahi, egun haundia datorke guretzat. (Paper bat erakusten du eskuan). Bonnemazou erahila izan da.

            “Leon —estop— Jean-Paul erahil ditek aihotz ukaldika mainuan zelarik hire diskurtsoaren ikasten ari —estop— Ez zekiat zonbat denbora duen hila dela, borbolak entzuten nitian, uste nian uzkerka ari zela mainuan hainbeste maite zuen bezala —estop— Hire gain duk haren mendekatzea —estop— Graziaz  —estop—.

AMA: Ez du ole idatzi, triste izan behar da.

PROKURADOREA: Edo karioegi zunan, ez zekin telegramen idazten. 150 libera bederen pagatu diken.

AMA: Bai bainan horiek Angelun bizi dira, ez dukete uholderik han, ekonomiak egiten dituzte.

PROKURADOREA: Utz ezan orai maitea biziari lotzen gaituzten pirtzilkeria horiek. (Biziki, biziki kalme jartzen da eta segida erranen du botz ezti batez). Hil dute, Justiziako norbait hil dute. Norbait. Bonnemazou gaizoa ez zen norbait, ez zuen gizaki izena merezi organo bat baizik ez baitzuen: botza. Hain ontsa ahozkatzen zituen idazten nizkion defentsa predikuak, non hasia bainintzen ene burua maitatzen haren bidez. Hil dute aihotz ukaldika, arabek edo azken beltzek eginen bailuten. Atzemanen duten edozoin abokatu kixkil aihartu botz erlastua Bonnemazouri erkatua izanen da eta nehork ez du behatuko. Eta nola ez baitiot predikua idatziko... Aizto batekin. Beltz batek bezala. Nehor ez da haien alde jarriko. Ta hitzak ura bezala ateratuko zaizkit, zangoak inguratuko dizkiete eta emeki emeki beheiti joanen dira aintziraren harean gisan eta itoko ditut olagarro besoz bezala. Bata bestearen ondotik. Heriotza. Azkenean. Heriotza gure artean da.

AMA: Oi Leon zein ederra den.

PROKURADOREA: Deus ez da lehen bezala izanen maitea. Hiri hau Eden berri bat izanen dun. Ikusten dun? Erranen dunalarik, Dunat anderea naiz, eliza ate guziak idekiko zaizkin. Berriz hartuko haute katiximaren emaiteko.

AMA: Eta galdegin ahalko dut leheneko katixima zaharra?

PROKURADOREA: Bai ene saturdin beharririk gabekoa, su eta infemua baizik aipatzen ez dituztenak Mixel Garikoitz sainduaren denborakoak.

AMA: (Alditxartuz). Sobera, too much!

PROKURADOREA: (Bi zarta ematen dizkio, laxatzen du eta orroaz). Xehatuko ditut!

AMA: (Orroaz ere). Are Leon!

SYLVIE: Bainan amentsetan ari naiz. Aments tzarra da. Bizi ginen parabisu batean. Berrehun metretan bazen kolore eta exotismo. Bi egunez ifemua bilakatua da eta eskatzen duzue azken jujamendua.

PROKURADOREA: Muņuņu, ez baituxu den-dena konprenitu. Xauri apalla. (Heldu da). Hemendik aintzina xure aitaņo maiteak bitarte guziak ukanen ditixu. Ameriketatik gaitzeko ponpa palmadunak ekarraraziko ditiztexu soto eta zilo guzietan diren terroristen irensteko, eta errakiak bezala estekaturik prest igorriko zigutexu gaztelu zaharrera, lapinak bezala sailka ditzagun lerro lerro fitxa banarekin, gero auzitegira kable batetik dilindan. Errextuko dixu gero e, xure aita zaharraren lana, ez gaituxu gehiago hogei urtetan.

SYLVIE: (Jeikiz kexu). Zer uste duzue atzemanen duzuela, zuen irenskailu, eta tresneriarekin? Zer arratoi mota behar duzue pozoindatu: terrorista internazionalak, izen haundiak, edo Ravachol mobiletadun batzu. Familia oneko mukuzu batzu sotora sartuak biziaren beldurrez... edo zuen heriotzaren.

PROKURADOREA: Aihotzak ditiztexu mununu. Beltzak dira. Edo gorriak edo nahi duten koloretakoak. Ortzadarraren kolore guziak. Sobera ona xira, amaren alaba. Xoaxi. Zoazte. Ikusi dut Untzia hor da, zuen zain. Leku segurrera eramanen zaituzte. Puskak har itzazue. Minimoa. Izozkailu katalogoa. Laster gibelera dugu. Utz nazazue; Nihaur egon behar dut. Pundua egin behar dut.