Tu quoque fili
Antton Luku
Tu quoque fili
Antton Luku
Kutxa Fundazioa, 1996

 

Hirugarren agerraldia

 

gorka, piluts

 

PILUTS: Ez nekian salatariak gomitatzen zirela bilkuretara! Irringarria duk mundu politikoa zein fite aldatzen den, ohartu gabe.

GORKA: Salatariak ez ditun sekulan uste dugun lekuan.

PILUTS: Alde batetik habila duk, hola bazekiagu zer erran, bazekiagu nondik jo, eta bat dutelarik toki batean ez diketek beste bat pagatzen. Badakik habila haizela Gorka?

GORKA: Hau, estona ninteken salataria balitz. Unibertsitatetik ezagutzen dinat eta beti hiru urte hauetan ni eta beste kideekin beti leial eta xintxo egon dun. Anitz mintzatu gaitun elgarrekin eta jakin ezan anitz gauzei bere ber ohartua zaiela.

PILUTS: Zer heinetaraino genian haren beharra prokuradore baten etxea nolakoa den jakiteko. Edo solfeoaren irakurtzeko oraino, piano klaseak ukan ditizkek ttipian.

GORKA: Etxea nolakoa den jakiteko ez, bainan ohartzeko komunikazioan ditugun hutseei... Jakin dezagun hi bezalako mila baldin badira ere zilo batean Baiona ttipian, Baionako irrati batek elgarrizketa xoil bat egin nahi badizue, kasetalari intemazionalak kontratatu beharko dituela, gero zuetarik batek “berk” bat aterateko paper zoko baten izkinean.

PILUTS: Berk, intelektual bat! Besteek zer egiten dute gehiago komunikatuz? Komunikazioaren aroarenak egin dik. Konfliktoarena haste.

GORKA: Bainan Piluts, zer ari haiz. Militantismo guzien funtsa konbenzitzea dun, konprenitua izatea, senditzen dunana helaraztea.

PILUTS: Horretaz gure historia betea duk. Heldu zaizkik ulertzen hauten, emozione bila doazen neo-burgesak edo kasetalari intemazionalak, bidaiatu dutenak, bidaiak: hori duk labela, botz erdi-ezti, erdi-deliberatu, moderno, goiti botatzetik ezin utziak, interesgarria atzematen haute. Kontesto bat, ingurugiro bat bilakatu behar duk beren tekniken esprea leku. Behatzen badituk esplikatuko diate, ahoan biloarekin, hobe dela hau edo hura denen onetan eta humanitatea bereziki, so egi’zak joan den urtean Zinbawe belgikanoan ninduan...

GORKA: Hala! Kanpokoen sindroma! Xenofobia hutsa, kanpokoak... Gainera, Herve ez dun kanpokoa.

PILUTS: Intelektualak mintzatzetik gelditzen direlarik, him militante laxarazi dizkiate eta hihaur egoten haiz hire herrarekin. Intelo clean horiek, crsek ez ditiztek hain azkar jo egiten, eta biharamunean horiek dituk gehienik forman esplikatzeko tronpatu haizela eta kanpo gelditzen haiz hire eta gisako multxo txarpilarekin.

GORKA: (Irriz). Nondik kanpo?

PILUTS: (Irriz). Arrazoin duk, jadanik kanpoan nauk, ez nauk sekulan zerbaiten barne izan.

GORKA: Hautu bat dun.

PILUTS: Hautu bat duk etxerik ez ukaitea?

GORKA: Hire kasuan ez zekinat. Zer proposatzen dun gauzak alda daitezen?

PILUTS: Jendeak, jende normalak erran nahi diat, ez beti ikusten ditugun sensibilizatzeko prest diren horiek beti emozio baten herexatik doazenak, bainan arteko azkon pobre horiek uler litzatekeen gauza batzuk egin ditzagun. Telebixtan zozokeriei so eta irratia beti pizturik duten horiek... eta halarik ere edozein emankizuna aipatzen diek, han zituan zopa egiten ari eta deus ez zekitek.

GORKA: Spot publizitarioak eginen ditun Goenkaleren artetik erdi lo dauden burumuinak inkonzienteki joak izan daitezen. Edo irrati animatzaile bilakatuko haiz. Zahartzen hasi haiz Piluts. Holako bi ateraldi eta ezkontzen haiz San Andreseko elizan.

PILUTS: Ni ez, bainan hi hire lagun berriarekin ez zekiat nola ez duzuen oraino irrati libreen kontrola hartu zuen dohain guzien baliatzeko gisan, konzientizatze emankizun ongi prestatuak egin zenitzakete, Mugerreko pubeletaz bezalakoa Leteren kantuak, artetik, hor Valverde ezar zenezakete, pianoak mesfidantza lokar arazten dik, telebixtan bezala baita, zuek mintzo, zuen familiako seme xintxo boz zukratuekin, eta nehork ez lezakek fitxik konpreni eta helburua lortua lukek.

GORKA: Eta pasa lezaketen pilota eta mezaren artetik. Orai kontent izaten ahal haiz, Piluts, karrikako borroken unea dun, balantzea, autokritikak geroko.

PILUTS: Balanzatzen nauk balantzeetaz.

GORKA: Ba hobe dinate kasetalariek, edo etsaiek egitea gutaz. Baikorragoa dun.

PILUTS: Hori oraino intelektualen ixtorioa duk. Nonbait leitu nian intelektualak zerbait urrinduaren gainean hegaldaka egoiten zirela. Eta ez dituk sekulan finkatzen, omen. Nahiago ditek nonbait iskiriatu. Usain gutiago dik.

GORKA: Gauzen kanbiatzeko behar ditun aipatu... guritzen hasia haiz, konzeptuak definitu behar ditun. Proiektuak eraiki. Nola behar dun abiatu...

PILUTS: Txoxten bildumarik gabe? Espainako anarxizten abentura izigarria izan duk, jatorrizko txoxtenak baditiat etxen, erakutsiko dizkiat. Eta zer ondorio? Ni ez nauk auto zahar bildumak egiten dituzten horietatik. Zerbait hiliki delarik ez duk harat ez honatik, gisu bizia baizik. Ez nauk jostatzen gaztetasun aberats baten bizitzen gero tripa pusatuko delarik orroitzapen onen ukaiteko. Nik anaia badiat militantea izana dena. Ixtudiante zelarik, fisikan zuan ene ustez, mortero bat asmatu zitean legarren kolatzeko, aireko presionearekin desegien zena. Haien ideia zuan. Teoria bazitean, burgesen arima beren etxe barnearen erosotasunean zela, miraila batean bezala miresten zutela erridau bikoitzetan beren kausitze zoziala. Hau pribatua izanki bigarren mailan heldu duk, burgesek behar baitute beren kideen aintzinean kanpoko heina atxiki. Ideia zitean Delta planez legar bonben laxatzea jaunttoen teilatuen gainean, ageri ez diren teila arrailduretarik euri izerdiak barneko paper, oihal eta gaineratekoen emeki emeki funditzeko, eta krisia ekonomiak lagundurik, gradoaren atxikitzeko, ez zitiztean ganbarako paperak alda araziko, lehentasunak beste nonbeit baizituzten: gure etsaiak barnetik ahuldurik zitezkean gure kontra aritzeko. Arazo domestikoz blai.

GORKA: Irudimena bazitenan bederen, falta zaiguna.

PILUTS: Badakik non den orain. Ezkondua duk, etxea egin ditek Uztaritzen eta aberri egunean axurki jatera joaten dituk amaginarrebaren etxera eta aurtengoa jazkoa baino hobea zuan laborari bati erosi baitzioten. Bizpahim haur baditik denak ebanjelista edo apostolu izenekin, amatxik ere biziki pollitak atzeman ditik. Errateko zer indar iraultzailea garraiatzen duten.

GORKA: Bere denbora egin din eta maite zuena. Hori dun bizi batetik bestera pasatzen den ekintza katea, batek urra, besteak hauts eta segi. Egina ez dun aztatzen, ez preziatzen. Makurra dun ez dunala deus maite.

PILUTS: Geltokiak maite ditiat, eskale higuingarriena ikusten duk alkian jarririk, zikin eta kirets zukutsua, jeikitzen duk plaztikozko pinta baten xeka, eta lehen klasako txartela duen anddere batek haren tokian finkatzen dik bere ipurdi talazoterapiatua. Pentsatzen diat aldi oro zenbat Sida ttipi joaten zaizkion minbiziaraino beltzatuak dituen ixterrei goiti, porte-jarretelletan jostatzen, haren kiilotaren skuatatzeko hura ohartu gabe. Hori duk humanitatean den justizia bakarra eta erranen...