Tu quoque fili
Antton Luku
Tu quoque fili
Antton Luku
Kutxa Fundazioa, 1996

 

Bigarren agerraldia

 

ama bera

 

(ama sartzen da zainetan, botak soinean, ahatea gerrian, urpeko-fusila eskutan).

 

                        Gaixo gizona, gaixoa. Hainbeste urtetan auzapez egon onoan hainbeste lan erabili ondoan denen xerbitxuko, orain bere presunaren eskaintza egitera behartua izatea. Bainan nork hartuko du? Eskaintzea hola nori erran gabe, noren eskutan gerta daiteke? Gaixtagin horiek atzemaiten badute, zoaz jakitera zer eginen dioten morkoskatuko berdin. Jadanik aski problema urarekin... a! Sarajevora ba kasko urdinak, Frantziak pagaturik, hobe lituzkete hona igortzea, han ez dute urik ene ustez. Izozkailua xahu, gaixo Leon triste izanen da, bere ttanttak egin zigun ezteietako oparia. Aski kezka ez balu bezala. Ez diot erranen! Ez du, memento honetan sofritzea merezi: gaixoa. Sabaian oraino kartoinetan den hura, katixima egitetik gelditu nintzelarik lagunek eskaini zidatena jautsiko dut, Herverekin.

                        Ura baino gaitzago? Ez da ez holako makurrik egiten duen ez haize ez surik. Eta gure Leonek beti Baiona erdian egon nahi, leku sinbolikoa dela ez dela komertsante bat Forumean bizitzeko.

                        (Harpoia pausatzean). Bon ez dun gehiago honen beharrik. Ez, bi orenak, marea beheiti abiatua dun, ez dun orai marrazorik agertuko.

                        Baina orai heldu zait, Aldudeko illobak bizarra badu. (Telefona hartzen du, zenbakia egiten). Alo, komisaldegia, bai, hemen Madame Dunat, he? Ba prokuradore jaunaren andere propia, hori bera, heltzen zarete gaixoak? Hiru botatu dituzue goiz honetan! O! zoin ontsa den, guti zaizue? Ehiztari horiek ez zarete sekulan kontent, araiz pasaia gehiago ukanen duzue arratsaldean. Errazue eta, gure jaun mera maiteak erran baitu bizardunak ezagutzen bagenituen abisatzeko, ezagutzen dut baño, bo ez du ez bizar beltz beltz haietarik bainan uzten badugu orduan sasitzen baita. Errotabehere Lucien, bainan Lontxo erraten diote lagunek, marka ona dela fixierrarendako, ba nik ez baitakizkit xehetasun horiek. Ez, ez da Baionan berean bizi, baduzu zortzi urte Hego Ameriketara joana dela, denbora pasa, eskola ematera Salbadorrera. A, mementoko Baionan’berean direnak bakarrik, interesatzen zaizkitzue, geroko... Zer? Itotzen zarela? Zer? Bl, bl, bl. Zer du hori bl, bl, bl? Nardatzen naute egun guziz hitz berriak asmatzen, bada ba ene ustez aski hitz ederrik gure eskuara xaharretan. Hiru, goiz batez, bon andana badira ere ez da ez hain gaizki, eder batzuk eta hiruak bizardunak... Merexi dutena bilduko dute ba azkenean bi crs gaixo horiek zodiaka bolantean Bagdaderaino igorririk. Non da hura? Somalian ene ustez. Gero han den gosetearekin beltz horiek jan ditzaten gero, duten gaixtakeriarekin. Zodiak puxkekin espartink egiteko. Gero Maulen zapeta lantegiak hetsiko dira oraino! Eta oxigenoa kentzea igerika ari den bati, zer ustelkeria. Sobera gisakoak dira, gero gasa botatzen dute, alabainan, defendiatzeko, bainan ez diete debekatzen saihetsetik hatsa hartzea.

                        Gasa! Leihoak! Ahanzter dun. Behar dun zerbait egin ba. (Telefoneko orrialde horiak hartzen ditu eta nerbioski hostokatzen). Zer bilatu behar da leiho baten tapatzeko? Hargina dudarik gabe? Bainan gero ez da fitsik ageriko barnean, berinez hobe? Harginak ui, ui zer zerrenda! A hau: “hargintza anti gas, mortero gardena”. Hau dugu behar. (Telefona hartzen du, eta berriz lotzeko bezala egiten du). Ez hau ezin dut, eta ezta baño baizik sail horretan ari dena. Gure Leonek ez du sekulan nahiko.

                        Zuntzunegi e Irabazabalatzebeitia “el Tiburón”, ez, edo telefonatzen dion argazkia igor dezan ikusteko bizarrik baduenez. Alta Baiona haundian bizi da. Ez, ez dun zozokeriarik egin behar. Behar dun Leon igurikatu. Eta ez din egoera onetan holako xirxilkeriekin gogoa tapatu behar. Zer drama. (Leihora). Desarratoitzearen ferry boatak, gasa!

                        Sylvieri telefonatu, dentistek zer egiten duten jakiteko. Bainan non da? A Ledn, Leon, Leon, Leon zer ez nezakek egin hire karguaren arintzeko. (Telefona berhartzen du). Edo telefonatzen dion bizardun horri faktura “Establissemens Lacassagne e Cazenaave” “Las crabouletes” gainean idatzirik igortzea. Bainan Leonek bankoko agirian ikusiko du. Santa Klara, Santa Klara zer eman niezazuke gure leihoak tapa ditzazun!