Tu quoque fili
Antton Luku
Tu quoque fili
Antton Luku
Kutxa Fundazioa, 1996

 

Lehen agerraldia

 

piluts, gorka

 

(Ate tirrinta entzuten dugu bi aldiz eta piluts eta gorka sartzen dira nehork ez baitie idekitzen).

 

PILUTS: Hau duk beraz azkon zilo bat.

GORKA: Piluts, ados gintunan, mezulari jokatzen dinagu. Informazioa pasatzen, eta lekutzen gaitun jendetasun haundiz.

PILUTS: Hiru egun entrenatzen naizela erreberentzia egiten, ez diat hori huts egitekoa. Usaina baduk ez hemen?

GORKA: Azkona. Dudarik gabe.

PILUTS: Ez azkona, hori ezagutzen diat, aski duk eliza ateetan eskua luzatzea. Ez hau, atsoaren Monsavon izan behar dik, edo gure klientaren after shava. “Galeries Lafayette”etako lurrin zokoa iduri dik. Ez, komoditateen desinfektatzekoa duk hau. Hola dituk burgesak. Beren urrinaz ahalgetzen dituk. (Jarriz).

GORKA: Jeik hadi, sartzen gaitun baimenik gabe, atzematen bagaituzte besalkian zabal zabala etzanik, kanpo dinagu ahoa ideki gabe.

PILUTS: Bisitatzen diat edo espreatzen diat jende horiek erosotasunari zer atzematen dioten. Ez duk txarra bizkarrean. Horiek denak batean erosi dituzkeie Conforamako publizitate baten argazkiaren arabera, gustu hutsik ez egiteko. Zer zaik hiri.

GORKA: Bahaki zer heinetaraino futitzen naizen.

PILUTS: Ez duk futitu behar. Ikasteko parada galtzen duk. Edo zuen etxen ere hola zen.

GORKA: Berdin berdina, bainan zurak orlegiak, eta gaineratekoa indoilo larruz.

PILUTS: Bai hauek azkon larruz izan behar dituk. Munta haundia ditek dekorrek, antzerkian. Giroan ezartzen ditek hizlaria, segur nauk sarri eraginkorrak izanen girela, sinesgarriak.

GORKA: Hire gain dun, aintzinetik ontsa prestatu badun usaian bezala... ez dun arrazoinik.

PILUTS: Maite diat konfiantxa egiten didalarik. Zergatik behar dute hainbeste erridau, bat, bi, hiru. A ez hau etxekanderearen arropa zerbait. Antzerkia egiten diketek elgarri aratsetan. (Alegia kukutzen da erridauen gibelean). Zer izena du gure klientak?

GORKA: Leon Dunat.

PILUTS: Leon hemen kukutzen dukek aratsetan, zortziak eta erditako emankizun fina finitu eta, atsoak hiru dangak jo egiten ditik eta Leonek bere burua hor agertzen dik eta denak iziturik ohera abian dituk aments gaixto egitera.

GORKA: Familiaren plazerrak ditun, ikas ezan. Kanpoan lo egitearen bortxaz herriko langile batekin ezkonduko baihaiz ondarrean.

PILUTS: Rugby suporter nintekek igandetan. Bikain! Ale la battitt! Eta kasu, Leonek, bere sensibilitatea badik, artea maite dik. Itxurak zintzilikatzen ditik paretetan. Hau eta, Calvadoseko Montrouducqeko margoa daitekek, Leonen aita notarioa baitzen han, eta errientsak eman ziokek zertifikata ukan zuelarik.

GORKA: Bon hi geldi hadi, bost minuten buruan tagatzen hasiko haiz.

PILUTS: Ez nauk espreya non nahi xahutzen duten horietarik, joka nirok ez dakitela irakurtzen hemen. Horretako ditiztek argazkiak ezartzen Conforaman. Bon ez duk zakurrik ere, abian gaituk.

GORKA: Erran! Ez haiz hasiko, bilkuran hintzen! Metodoa bozkatu dinagu. Bat manifestaldiak, ez diten fitsik eman...

PILUTS: Zer fitxik? Bost atxilotu gehiago, baikorra duk hor, ez ezaala ken irabazten duguna.

GORKA: Astaņaren egitea hautua baita, Patxiren askatzeari buruz zionat, afera horretan parte duten guziek, hautetsi, funtzionari, lege gizon, informazio bisita ukan behar diten, eta ez bahintzen ados bilkuretan dun mintzatzen, usaiako ironia, poteoarendako atxikiz.

PILUTS: Eta hiru?

GORKA: Hiru?

PILUTS: Hementik kanpo ukanen dugularik fitsik ardietsi gabe, gantzua pasatuko diagu ipurdian, eta bilkura eginen diagu bozkatzeko bordela intensoagoa jakatu behar dugula. Bi egun galdu diagu eta beste seiek bi egun pasatuko ditiztek gure berririk ukan gabe. Berehala hasten ahal gaituk.

GORKA: Gure metodoan berme egoitean zetzan legitimitatea.

PILUTS: Uu hor ez diat maite, hitz larriekin hasten haizelarik. Enekin habil emeki, hitz ttipiak behar ditiat, bordela, konzertua... biera bat.

GORKA: Kanuto bat.

PILUTS: Baņo bahu bederen. Zer nahi duk. Ez diagu gure hezkuntza arraegiten. Hi intelektuala haiz jatorriz, ideologo aitatik semera, ideologo familia... semea bonne pioche. Nola erraten da “bonne pioche” euskaraz?

GORKA: Ez zekinat eta futitzen naun.

PILUTS: Ez huke futitu behar, biziki garrantzitsua duk euskarak funtzio guziak estal ditzan, funtzio ludikoa gainera, zer ziloa! Ideologo linguistiko, soziologogai, zertan haiz soziologian beste gisan?

GORKA: Xo!

PILUTS: Aitzurraldi egokia! Ez duk ez funtzioarekin ontsa joaten, aitzurraldi agrikola duk konotazioz eta egokia apezegi... zer zaik?

 

(herve sartzen da).