Tu quoque fili
Antton Luku
Tu quoque fili
Antton Luku
Kutxa Fundazioa, 1996

 

Bosgarren agerraldia

 

Herve, Sylvie

 

(herve kopetilun sartzen da eskuak sakeletan pentsakor).

 

SYLVIE: E be! Hauxe duk bi faketako azterketen ospatzeko buru airea. Behar nindukek pestaren egitera ereman hire lagun serios horiek alai ditzadan.

HERVE: Pesta. Aro zegon!

SYLVIE: (ama eskarniatuz). Zer du gure pipiņoak?

HERVE: Patxi.

SYLVIE: Zein Patxi?

HERVE: Oaixtian Aitak... atxilotu duten hura aipatzen baitzuen...

SYLVIE: (Lotura eginez). Zer Patxi... beti hirekin den beltxaran pollit hori... o...

HERVE: Aita entzun dun; etsenplu bat egin nahi diten... eta bizi garen egoeran eta giroan segur hago eginen dutela... 10 urte!

SYLVIE: Ez hadila horrela axola. Badakik nik bezain ontsa edo hobeki ere, zuzenbidea ez baita baitezpada ene pundu azkarrena, hori guzia zinema dela, antzerki haundi bat, gure amari eguneroko marrazki bizidunak bezala xerbitxatzen diona. Aitak beti bere aire ilunaren gibelean ez baitaki zer egin hari plazer egiteko, saltsa emendatzen ziok zahartuago ta gehiago. Ez dik erdia baino gehiago eginen.

HERVE: Erdia! Bost urte egin beharko ditin, hogei urtetan, koktel batengatik! Eta aita harro, beharko dinagu hiru ilabetez jasan kondatuko duelarik nola ekaitz edo enbata guzien kontra terrorista landderos batentzat 1995ean lortu zituen bost urte horiek. Eta ni hemen hari beha egonen naun ene laguna presondegian zurmintzen delarik.

SYLVIE: Ez haiz aitarekin xuxen. Auzitegia errabia dik, beste batzuek jogginga duten bezala.

HERVE: Ta egun besta dun, New Yorkeko maratoian ariko baita?

SYLVIE: Nahi baduk. Bainan konprenitu behar duk ere ez dela gauaz sua ematen ahal Baiona ttipian, eta egunaz ibili deus izan ez balitz bezala.

HERVE: Hik dun ez konprenitzen. Bizi guzia kurutx aldetik hartzen. Gauzek beste alderdi bat baditen. Sua ematen badu, arrazoina badaiteken nonbait. “Baiona ttipi borroka toki” aforismoa pentsatu eta eskuak xuri. Axala karrakatu behar dun egoeren zioen bila joaiteko. Ez dun konprenitzen eta ez dun konprenitzen ahal...

SYLVIE: Felix qui potuit rerum cognoscere causas. (Irriz). Azkenean balio dik eskolan ikasteak. Segur haiza ez dudala ulertzen ahal? Ez didaalako egundaino azaldu.

HERVE: Ba ez dun hola egiten ahal, egun guziz injustizia zerbait jasaiten delarik, bizi behar dunalarik segundu guziz hire herra irakitan...

SYLVIE: Hi hola bizi haiz?

HERVE: Ni saiatzen naun konprenitzen, gizarte horrek dauzkan penak hutsak, hirian bizi ezina, droga ta gainerateko, bi abiaduretan eratzen den gizarte hau, funtsezko problema zoziologikoa dun, ezaugarrien galtzea kultura berdindu baten izenean, ez zekinat... barnekaldekoak mintza bahitza...

SYLVIE: A! Nik ez ditiat barnekaldekoak ezagutzen?

HERVE: Ez din biziki iduri.

SYLVIE: Kondatuko diat ixtorio ttipi bat. Badakik, ez ez dakik, 3 garrenean hintzen mgbylari argazkien bilduma egiten, hasi nintzelarik xintxoki zuzenbidea ikasten Baionako Unibertsitatean, ixtudianteen arteko harremanak, elgar atxikitzea, zer zozoak! Hasi nindian mendian ibiltzen. Ze? Hainbeste leku xoragarri atearen aintzinean eta ez baliatzen, eta nexka batek turista harrituarena egin nahi duelarik beti baduk indigeno autentiko bat fado baten kantatzeko gai. Joko guzia ukan diat, ez zian hosto bat, harri edo muno tontor bat izenik gabe uzten, haren pedigree konplikatuan nahasten zituan bizpahiru euskalki, eta eskolako historia liburuetan diren ofizio desagertu guziak, atzemaiten genuen harpe guzietan ipuina, edaten genuen sorgietan lamina, eta mirarien herritik errealitatera itzultzeko ferekatzen zituen bere esku ederrez gaztainez egin xehelak, mendiko behiek, bordek, ihaztorrek ez omen ditek beherekoen usain bera, primaderako euriak ezpelari jalgiarazten zizkion bafada finek ene gidariari areagotzen ziotean so amultsu eta triste hura.

HERVE: Bon ados gaitun orduan. Diferentzia senditzen duenak kultura...

SYLVIE: Hago ez diat fini. Apirilaren aratsalde hartan ezpel estalgien artean, gisu labe zaharra orma gisa, ezagutu nuen zirrarak erakutsi zizkidaan biziak eskaintzen dituen ikaragarriko posibilitateak, urte irreal hartan xorroxtu niuenak. Aitortu behar diat hire eiheraren itzulikarazteko maisu ezin hobea atzeman nuela, konpetenzia sentsuala bikainak zitian eta orai ere ez ditiat gizon baten biloak hunkitzen ahal harenak gogoratu gabe. Hirian fiteago galtzen ditiztek, auto ihes-gasek dudarik gabe.

HERVE: Eta non da orai?

SYLVIE: Ez zekiat, presondegian dudarik gabe.

HERVE: Eta ez zain fitxik egiten?

SYLVIE: Tuaregak dituk Herve. Eta hi ez haiz sekulan haietarik izanen. Beti norbait izanen duk hori hiri errateko. Zer egin haientzat? Telebistan emankizun gehiago egin eta urte oro kamelu tropak ttipiago ditiztek. Historiaren martxan duk, Herve, populu batzuk hazten dituk beste batzuk galtzen. Edo ez, jendeak ez dituk galtzen, lekuz aldatzen dituk. Atzarri behar duk horri ohartzeko.

HERVE: Ezin dun, ezin dun hire nortasun guzia egiten duena ezabatu. Ezin dun hire erraietan emeki emeki ondu den mina botatu, harra bezala dun, harekin etzatera joaten haiz eta zahartzen haizelarik heriotzaren kontzientziak ematen dinan hersturari gehitzen dun. Ondarearen harrak barnetik hortzikatzen hauelarik nola behar dun aldatzea hautatu. Hautua egina dun aintzinetik, kondenatua haiz.

SYLVIE: Hautua beti egiten ahal duk eta haiek ere hautatzen ditek. Tristezia, spleena gozamena duk ere. Beren baitan atzeman duten oreka, estakurua duk Baiona ttipitik ez ateratzeko, han berreraiki baitute herri bat beren izarira, bere kutzukero, zurrumurru eta ezaugarriekin; geto bat duk eta hautatu ditek, besteen beldurra duk... hiriaren beldurra ere.

HERVE: A eta hi ibiltzen haizen taldea iduritzen zain idekia dela, gauza berriak ikasten ditun ostatu brantxatu berean egonez, jende berekin, egun guzia xahutuz.

SYLVIE: Ez dik gaixtoa izateko dretxoa ematen Herve, ez enekin. Hori Sidaren gatik duk. Badakik kapotarik gabe usatua delarik, ez duk aise ohiduren kanbiatzea, behar ditiagu lagunak zaindu. Bainan hago txertoa atzeman dezaten zin egiten diat hasiko naizela higitzen.

HERVE: Baiona ttipira joateko?

SYLVIE: Baiona ttipira ere. Eta hik ere hobe huke hire liburuetarik ateratzea. Habil Akize, Vic edo ez dakit nongo bestetara. Ikusiko duk Baionan bezainbat jostatzen dela. Zer da Garazi edo Baigorrin hain berezirik? Eta Iruņean ere erraten diat hobeki jostatzen dela gauaz “Tres Reyes”etan etzanik karrikaren erdian baino. Gero nahi baduk baitezpada Sud-Ouesteko lehen orrialdean izan.

HERVE: Eta zeri interesatzen zaio leku horietan, gizonen kasko pelatuari ez bada?

SYLVIE: Ez zekiat nik, zezenketen kontra haiz, maisutza gai interegarria huke alta.

HERVE: Bainan ikusi dun nola finitzen duen hire lagunek? Ikusi dun joan den egunean burasoek jasanarazi diguten auharian, Bonnemazouren emaztea zezenplazatik heldu bere zaia ttittaduna, xapel andaluzarekin, erdi espaņolez mintzo “grraziaz” eta “ole”, abanikoa maionesan finitu baitu, amak, “zerien zerien”, eta Aita eta Labrouchen emaztea lehertuak irriz eta elgarri keinuka. Hola finitu behar badun. Biziki maitatu ditinat ere azken solasak. Andaluzak esplikatzen zuelarik ez zuela kremarekin bortxatu behar gero ikaragarriko uzkerrak egiten zituela, izigarri usain tzarrarekin. Bonnemazou aldiz beti uzkerka ari omen dun bainan ez diten usaina hain tzarra. Zer programa.

SYLVIE: Bo, bainan denetan badituk holako jendeak, fiztulak ipurdian baizik ez batituzte ukaiten ahal, botoinak sudurraren erdian eta ttanttaren uzkuziloaren minbizia solastzat deserta heldu delarik. (Ixilune bat). Joan den egunean Miarritzeko pestetan, itsasoaren eguna edo ez zakiat batere zer, Paristar bat elekatu diat, munduaren itzulia egiten zian bakarrik, hogei ta bost metrako yatch batean eta hor indar hartzen ari zuan, Pazifikako atoletara joateko. Euskal-Herria xoragarria atzeman dik, kultura jauntzi baten jabe, sosdun guziak ez baitira zozoak, hiri arra-orroitarazteko doia, egun batzuk hartzen zitian, trikaldia egiten zian lekuen mamiaz bereganatzeko, erosia zitizkean abertzaleek egin dituzten gida turistiko on guziak eta gehiago ere. Esplikatzen zidaan xantza haundia genuela holako leku batean bizitzea, bizitzeko arrazoin bat genuela holako kultura baten alde borrokatuz. Historia gizatiar baten herexa senditzen zela hemen, formen, musiken, hitzen harmonia bazela, eskultorea egon baitzen memento batez eta konzertu arrabitaria, eta hori guzia Miarritzetik mugitu gabe senditu dik. Pentsa zer ez zuen usainduko barnekaldera ausartatu balitz. Bainan ez duk sartu, yatcha hartu dik eta Pazifikara joan duk.

HERVE: Pazifikara joan dun, ados, ez zunan hemengoa. Dretxo din, dretxo zuen bezala hemengotzea hain gozagarri atzematen bazuen hemengo borroka. Bainan egun batez ikusi din hemen, ikustekoa eta hik ikustea ukatzen dunana. Hizkuntz bat badela salbatzeko edo ez, aintzinera eremateko.

SYLVIE: Zer hizkuntza? Zerendako dira hizkuntza, harremanetan sartzeko ez bada, zer erraten duk euskaraz bestetan erraten ez dena. Yaourt bat: 3 libera et'erdi. Hara! komunikazioa pasatua duk! Zer ikusi behar da? Barnekaldeko pestetan aspertzen direla beren dantzen emaiten. Ikusi duk zer buru airea duten beren patata zaku itxurazko nexkari so. Edozoin gisaz baņo normalki egina delarik handik ihes egiten dik gutartera jiteko. Ikusi dituk artzainak beren artean direlarik, ez direlarik gasna saltzen ari, mahaiaren gainean joka beren baso arnoaren ukaiteko, eta denak zein lehenka hamabost urteko xerbitxariari ipurdia hunkitzen.

HERVE: Badakin nik bezain ontsa ez dugula Baiona uzterik mando batzuen ikusteko eta ez dizkinat sekulan folklorekeriak aipatu.

SYLVIE: Bainan atera hadi hire liburuetatik, aztertzeko gaiak non nahi ikusten dituk. Ene oaixteko mendi gidaria ezagutu ukan bahu etnologian izena emanen huen hirugarren lizentzia baten egiteko. Duela hogeitahamar urte fraile sartuko zinezten hire lagunkin. Etsamina pasatzen jostatzen zarete. Hogei urte. Uste duk berriz itzuliko zaiala. So egin ezak bazterretara. Zuen inguruan klase ebasten ari zaizkizuen perreka horiek balia itzak.

HERVE: Zer behar dut haien gainean jautz egin? Eta gainera tronpatzen haiz ez ditinat egunak ikasten pasatzen, musika hor dinat.

SYLVIE: Barka ezak. Musika hori diat ba preseski problema... edo Rockeroak, hire lagunak... Ez nikek nahi makur gerta dakian. Nahi diat erran... badela Rockaz bestalde.

HERVE: Rocka maite dinat, erritmoa... ba espresabide gisa...

SYLVIE: Beste batzuk ere hasi dituk Rocka jo egiten eta jakin ukan dutelarik jo egiten, jazzera edo beste zerbaitetara pasatu; (Irriz) banda batean ar hinteke.

HERVE: Jean Sebastien Bach eta lapitxuriren artean badun artekaņo bat.

SYLVIE: Baniak. Carolen ikustera joan behar diat. Erran behar zioat Mercedesa badudala biharko. Bordelera joan behar diagu jauntzi erostera, ez baita deus politik atzematen Baionan. Addio... Araiz jakinen duk beharrez, gitarraren uzten.