Aurkibidea
Aurkibidea
Seigarren agerraldia
aita semeak
PROKURADOREA: Ha hor haiz. Amak erran zidak azterketako. Fier nauk hitaz. Ez diat sekulan hitaz dudatu bainan hor ehunka saristatua nauk. Gainera badakik zer plazer izan zen enetzat zuzenbidearen ikastera deliberatu hintzelarik...
HERVE: Milesker. Bainan preseski ez dakit hain deliberatua naizenez... edo, ez duzu hori bainan dudak edo galderak egiten dizkiot ene buruari, justiziari buruz, bai hori da. Justiziaren lekua holako ofizio batean, zer heinetaraino justiziak...
PROKURADOREA: Ha, ha, ha! Ageri duk oraino hire liburuetan haizela, teoria hutsean. Justiziarik ez duk. Edo aspaldi honetan ez duk gehiago, aldizkaria duk bakarrik gelditzen, dentisten etxean hostokatzen duana ikusteko zer argazki mota den. Mintzatzeko moldean ere: hori justizia da edo justizian ari da beste hura. Ez, gure ofizioaren aipatzeko, legea aipa ezak. Gu legearen gauzarazteko gaituk planeta honetan, eta ene partetik hura diat Jainkoa.
HERVE: Bai, bainan ez nauzu ontsa ulertu, edo erran nahi dut, gaizki azaldu dizut: legearen aplikapenean baldintzak edo moldatzeak badira, adibidez Patxiren kasuan... zer diot? Har dezagun oaixtian aipatzen zenuen laborari hura, egur garraiatzen ari baitzen, legearen ondorioa bezala aurkezten duzu, edo hautatu duzu, edo iduritzen zaizu, plakak faltsutu ditu, eman dezagun: presondegia egin behar du edo etxea saldu behar isunaren ordaintzeko. Bainan nik, edo erran nahi dut karrikako edonork hori entzutean injustizia, deslegala dela pentsatuko du.
PROKURADOREA: Nork karrikan? (aita so egoten zaio harriturik, gero neskarekin oaixtian zen kaderara badoa eta belaunetan joz). Xauri apalla. (Ez da heldu, orduan berriz hasten da kalakan). Zer da guk gaztigatu behar dugun falta, zer da hutsa?
HERVE: Lege liburuetan idatziak direnak.
PROKURADOREA: Uste duk lege liburuen irakurtzeko astia badugula! Badiagu beste egitekorik! Hutsa duk preseski hik aipatzen duan karrikakoa iziarazten duena. Konparazione orai, zeren beldur dira jendeak? Ixtripu batean hiltzearen, tupustean, arrazoinik gabe. Eta Salzedotik gibelatekoan kostuma berria erosirik, laborari manifa batean atzemanak izaitearen, pixa laxatze bat egiten dutelarik suprefeturaren aintzinean. Usain horren joanarazteko ez baita errexa. Eta hara non heldu zaigun bat, urde pixa antza duena, gauza landderosak egiten dituena bidean, traktore baten gainean. Hor denek ikusten ditek Baionako sartzean, beti zortziak laurden gutitan ateratzen den laborari hura, denak Uztaritzetik lanera joaten direlarik. Kali lezaketek. Ez diagu etxera joaten uzten ahal hola! Funtsean bera pozik zuan justizia bat baitzen Frantzian. Eta atzemana duk. Auzitegian duk! Hona heldu denak bazekik hobendun ateratuko dela. Bestenaz zergatik jin da? Kontseilu nagusiak zerbaitendako dituk: aski isuna kenaraztea! Saltokietan ebastea hori, denena duk, jende xintxoenek orai ebasten ditek saltokietan.
HERVE: (Berriz arrajinik). Beraz gizartearen irakurketa baldin bada lege gizonen ofizioa, jendeen beldur eta irriken exorzizatzeko, irakurketa horretan nahasten, enganatzen ahal da. Politikoek sondeoetan sartzen duten ahal eta diruarekin tronpatzen dira, ez da segurki jakiten ahal gizarte bat nola doan, bereziki politikari lotuak diren... krima eta noski beldurrekin. Eman dezagun gazte batek senditzen du...
PROKURADOREA: Kasu hor mozten haut! Ez duk sekulan tronpatzen legea eskupilatzean, legearen jitea dibinoa baita. Guk gizonok hautsi-mautsi ttipi batzuk baizik ez ditiagu egiten. Apez belaunaldiak badituk xarkuteriaz ase direnak ostirale sainduz ta izokinaz apezpikuetan, baina ostia konsagratzen dutelarik funtzionatzen dik aldi guziz. Nehork ez dik zerutik Zorro jausten ikusi.
HERVE: Behar ere. Bainan xarkuteria jale horiek dute deliberatzen mementoa denez ala ez, barazuzaren kontrako beilaren egiteko. Denbora utziz, ez du bihar eginez auzi batek egun baino oihartzun gutiago ukanen.
PROKURADOREA: Senditu behar duk, senditu behar duk eta hor duk liferentzia bi auzitegien artean. Jada behar duk xehelaren alderdi onean izan, egiazko gizartea, gizarte eraginkorraren sendimenduen jabe izateko, hor duk bi prokuradoreen arteko liferentzia. So egik, liberazione famatu hartara jiteko entzuten dituk oraiko gazte revisionista horiek, beren ustez historia ikasi dutela edo ondoko urtean sartzeko txoxten kixkil bat galdegina baitzaie, duela bost minutako historia hasten dituk karrakatzen, baleki bale sobera akitzen balira edo... izen ateratzen hasten dituk, holako familiakoa, eta ez duk ardura bekaizkeria baizik, hau gerla denboran petinista zela eta 1945eko maiatzaren lehenean ffietan sartu, eta Baionako auzapeza izan, halarik ere. Zozoak! Hola duk arizan behar! Tokian tokiko eta mementoan mementoko gizartearen arauen errespetatzea hori duk. Behar dik gazte, ezjakin eta buru hutsa izan horren ez ulertzeko. Eta poxi bat bihurria ere iduritzen zaidak. Bon, onartzen diat, memento horretan, lotura egiten delarik bi politika sistemen artean, populuak bere atsedenak behar baititu, badaitekek karrikan bilaixka batzu izatea, bizpahiru emazte moxte edo, funtsean bazitekean horiekin hoberik egiteko, e? Ipurdi bero horiekin?
HERVE: Bainan oraiko gizarte gidarian, klase manatzaileetan preseski, ezagutua da bilaixka horietan eginak gehiegikeriak zirela. Hori da gertatzen jujatzen delarik herra minean, edo preseski karrika kaldan delarik, kalda horretan eginak izan diren xoxokeriak. Ez zaizu iduri zuri hutsa egiten ahal duzula trenkatzean. Bereziki egun hartan estatu txarrean, zainak puxka bat airean baldin baditutzu?
PROKURADOREA: Kasu prokuradoreek ez dute jujatzen, nik ez diat erantzunkizunik epaian; prokuradore baten betekizuna ez duk hor, ikerle funtzioa dik. Prokuradore ona duk zigorren Amazonian, sasi ezezagunetan aihotza eskuan ukare ausart batez beldur mikorik gabe kopeta harro dabilana. Beren dozier ongi apailatuekin egun guziko xehetasun domeztikoen orga-herexetan hikatuak daudelarik abokatuak, “ama ņiņi zelarik zendua honi, aita langabezian, edale eta tiercean alokazioneak urtarazten beste, hari”. Guri zegokiguk alabastrozko gotorleku horren deuseztatzea, agert dadin hobendungaia buluzirik pikarai justiziaren aixkoraren pean, azken jujamenduaren erroitzean kiskaltzera erortzeko prest. Clef en main. Eta jendea ez duk tronpatzen. Biharamunean kasetetan prokuradoreen erranak dituk titulu handian arra hartuak, Polpot zango ttipi, Mesrine esku horri, edo Ravachol petentadun. Hor bazeuzkat hiru karpeta ene erranekin egin artikuluz beterik, ez baitiezue batere kasurik ematen eta on litezkenak zuen formakuntzarako.
HERVE: Iduritzen zaizu anitz jende ohartzen zaiola ofizio horren edertasunari.
PROKURADOREA: Hor Herve harriarazten nauk pixka bat. Itxurara jujatzen duk. Zer erran nahi du ontsa ikusia edo maitatua izateak? Politikoak urtean zehar kritikatuenak dituk, eta beti berak dituk hauteskundeetan hartuak. Jakin behar duk zer nahi den maitatua izan ala prestigioa ukan. Eta prestigioa herran moldatzen duk. So egin iezaiok Labrouchei, gizon onaren fama Baiona guzian, gizon seriosa, jendakina, zazpi egin ahalak egin litzakek herrestan den bati laguntzeko. Mezara joaten delarik denak ahapetik haren laudorioen kantatzen, Baionako emazte ederrena eta eleganteena ondoan, katedrala guzia bandan atxikitzen dik, xikin horrek, pentsatzen dualarik ez duela kulotarik ezartzen...
HERVE: ...
PROKURADOREA: Bai eta iduritzen zaidak... orai haundia haiz holako gauzen entzuteko... Eta preseski bihurgune batean baihaiz hire ofizioaren hautatzeko unean, ene betebeharra duk hauta dezaan elementu guziak eskutan. Labrouche biziki ontsa ikusia duk, anitz sos baditik, Baionako emazte ederrena bainan nik diat gainkatzen. Hori konprenitu behar duk eta zahartzean gehiago ageri duk oraino: gu begietarik maitemintzen bagara, emazteak beharrietarik gogatzen dituk. Eta kausitzen duten eleak ez dituk alokazioneak aipatzen dituztenak baina herra eta prestigioarenak. Politikoek adibidez anitz zikotzen ditek, anitz, anitz eta ardura.
HERVE: ...
PROKURADOREA: Kasu ez ezaala gaizki ulert! Zuen ama beti berdin maite diat. Bainan enekin akort izanen haiz guk gizonek beste beharrak baditugula, zuen ama beti berdin preziatzen diat etxe honetan ekartzen duen, ez argi baina segurtasunarengatik. Ontsa hazi zaituzte, ez duk errateko. Bainan beste alderdi batetik... Konprenitzen duk. Behin joan zuan hondartzara, duela 17 urte eginen dik ba orai, karramarroa bezala jin zian gibelera. Ez duk biziki zekzi zer nahi duk. Labrouchen emazteak behar huke ikusi apezpikuak, konplimendu egitera joaten gatzaikiolarik, gaixo gizona elderra kokotzetik dariola...
HERVE: Gaietik baztertu gara ez hor?
PROKURADOREA: Ba, ha ha ha! Arrazoin duk. Gainera emazteetaz futitzen nauk. Egia e! Ez zaidak fitxik egiten. Maite ditiat besteek nahi lituzketen emazteak. Kontent nauk hitaz. Hori nahi nian erran aspaldi honetan. Segizak holohola beti ikasten, beti lehena ateratzen, besteeri laguntzarik ez, zangopila itzak ahalaz. Ikas ezak hihaur bizitzen. Prokuradorea beti bakarrik duk. Gogoan har ezak auzitegiaren atea pasatzen duenak kondenaturik behar duela ateratu, eta hori hire gain duk. Orein ederrenak Polonian dituk, han otsoak baitituzte. Izadiaren legea duk. Hartua hila. Gizarte garbia nahi badugu, batzuk, erortzen direnak, eliminatu behar ditiagu. Otsoak gu gaituk. Erranen zian to, hire aitatxi zenak, prokuradore egon baitzen liberazionean, zer lillura fantastikoa izan zen. Hor heriotz zigorra kentzean anitz galdu dik gure ofizioak, bizia eta heriotzarena egiazko joko bakarra baita. Bainan esperantxa badiat Jutant horren arrestatzearekin ahal berriak eskuratuko ditugula. Geroan konfiantxa badiat. Garai ikaragarria biziko duk, prokuradore izanen haizelarik. Anitz anbizio badiat hiretzat: Prokurdore/deputatu. Hor ba hastiatua izanen haiz. Segi ezak lanean, lanean, beti lanean eta anitz zikotuko duk.
HERVE: Ez nauzu beti lanean ari, Rocka jo egiten dizit ere.
PROKURADOREA: Ba hire amak erran zidak. Biziki inketatzen duk... hire beharriaren fineziarendako. Ni ere hastapenean, galtzen duan denborarendako. Bainan gero jin zaidak, iduritzen zaidak konprenitzen dudala. Nik ere faktura falsuen auzietan jendearen zakuan ezartzeko anitz baliatu ditiat gaztedi sozializtetan nintzelarik nituen ezagunak. Bazuan errientsa bat gurekin jiten zena afixa kolatzera, liberatu horietarik, 4Lean zikotzen genian aldizka! Ha gaztetasuna! Segur nauk, Rockan ere... Eta nengoan behar bada, Jutant horren inguruan nor ibiltzen den jakiteko behar bada galdeginez... Pentsa ezak hire aita zaharrari efektu gaitza egin nezakek izen berriak alkitik atera banitza.
HERVE: ... (abian da).
PROKURADOREA: Ba eta haugi auzira etzi, segur nauk gostua jinen zaiala. Normalki hetsia duk bainan erranen diat semearendako lekua behar dudala, ez didate deus errefusatzen ahal. Baionako errege nauk.
(Erridaua hesten da, soinua altxatzen: Ah! Leon, Leon, Leon roi de Bayonne...).