Tu quoque fili
Antton Luku
Tu quoque fili
Antton Luku
Kutxa Fundazioa, 1996

 

Hirugarren agerraldia

 

berak gehi aita

 

PROKURADOREA: Gau on deneri.

AMA: Azkenean, hor zara Leon; berantetsiaz hiltzer nintzen, zerk ote gutarik urrun atxikitzen zintuen, afera latz batek ez ote zintuen landder ezin kondatu batean...

PROKURADOREA: Ixil hadi otoi lukainka, zer nahi dun gerta dakidan, nahi niken afera lazgarri zerbait, beste litaniarik entzuteko noiztenka, Labrouchek bere teoriak alda ditzan, gizartearen errua dela, emaztea zanpatzen zuela batek aita krudela eta ama kafe edalea ukan zituelakotz, zupako bizi baldintzek mobileta ebastera kondenatzen dutela nahitez. Hi hire ahizparen ikustera joan hintzelarik Barbesera, zer ari baita ere han, hamabost egun pasatu baihituen, ez baitzenekiten tren agiri baten irakurtzen ez zenuten mobiletarik ebatsi? Edo ez dinat jakin. Itzalean egonen zinezten biak bultta bat, bakearen emateko doia.

AMA: (Xarmaturik konplimenduaz). O! Leon!

PROKURADOREA: (alabari). Nola xira ene muņuņu? (semeari). Azkar Herve? (Jartzen da besalkian, emaztea jeikitzen da eta joko klasiko guzia ateratzen dio: xapinak ekartzen, zintzatzen du, brageta brozatzen, “Minute” ekartzen dio idekirik behar den orrialdean).

AMA: Prestatu dizut maite duzun bezala; Arabak kritikatzen dituzten artikuluak azpimarratu dizkizut.

PROKURADOREA: (Bere buruari). Amentsetan ari haiz. (emazteari). Emaztea pentsatzen hasia zaidak. Aldebat zahartu aintzin ulertuko dun lan zerbaixka bat fomitu behar dela aratSean aska beterik atzemaiteko.

SYLVIE: (Gatuki). Aitaņo ez zaitezela hain gaixtoa izan. Gure Ama maiteak berea egiten du gure familia behar bezalakoa izan dadin.

PROKURADOREA: Bazekixut muņuņu, irri egiteko ari nauxu. Laxatzeko beharra, akidurak edo zainek gaina hartzen zidaxu.

AMA: Aita bakean utz ezan ergela. Gaixo gizona, hainbeste arrangura egun guzian barneraturik, plazerxka bat hartzen ahal duelarik, on din ba norbaiten zirikatzea. (Bi kutxin, bullota bat, broza ukaldi bat, “Paris Match”?).

PROKURADOREA: Aski rekoņo, motozerra ez dun beharren karrakatzeko. (Irri bat).

AMA: O Leon hainbeste lan erabili ondoan eta oraino omoretsu, irri gose. Beti estonaraziko nauk.

PROKURADOREA: Hik ere. (Bere pentsaketetan minuta bat). Funtsean arrazoin dun... nonbait; behar ere irri egiteko ttirria atxikitzen dinagu hor gaindi ibiltzen diren tristekin. (Irri bat). Egungo lehen afera. (Irri berriz eta herveri buruz itzultzen da hau zoko ilun batean ahantzia izanen da paretari buruz itzulia, ahalgetua edo nardatua). Haugi hona Herve, prokuradore egiten bahaiz egun batez ez hadila sobera auzi disdiratsuen llilluran bizi ofizioan sartu aintzin. (herve jeikitzen da umil eta heldu da aitaren ondoan jartzera).

AMA: O ba Leon konda, konda biziki maite ditut auzi ixtorioak.

PROKURADOREA: Sarri lo egitera hihaur joaten bahaiz orduan. Ha, ha. Behin bazen indigenek Hazparneko oihana deitzen duten labaki buztintsu baten jabe zen petzero traktoredun bat. Honen amamak ez baitzekien telefonako zenbakia nola egin, apezari erranarazi zion neguko egurra behar zuela. Eta apezak galdeginik baitzen, betiereko etzanaldia irriskuan ikusirik, arratsaldeko askaria utzi zuen sabaieraino heltzeko eta manibela traktorearen ahora ezarri.

AMA: O Leon. Gizon horiek zerbait zarete ba, beti jaun erretorra kitzikatu behar.

PROKURADOREA: Ixil hadi, ez dun batere gaia... Segi ezan poxi bat! Ohartu zen azken mementoan, ez dakit nola, egurra ixurgaia ez izanik ere, untzi batean ekartzen zela eta joan zen xinaurria bere auzoaren etxera erremorka presta ziezaion ondoko egurraldi arte irauteko.

AMA: Zein ontsa kondatzen dun, zer kultura, zer literatura ez duen!

PROKURADOREA: Hor onartu behar dinat argitasun izpi batek jo hauela nonbaitik. Ikusten dun Sylvie Jainko bat badela?

AMA: Leon, gorriarazten nauzu.

PROKURADOREA: Ez zaun biziki kanbiatuko. Eta hara non, larrazkeneko arratsalde eguzkitsu batez, Hazpameko jendarmei beren Ricard hatsa haize hegoaren firfirari nahasteko gutizia poetikoa jin zitzaien...

AMA: Baina behar dute edan, jendeekin ontsa izaiteko!

PROKURADOREA: Bon eman dezagun hire aitak umeak egin zituela, edo dizipuluak ez baitakit horretako gai zenez, hots, ohartzen da traktore eta erremorkaren plakek ez zituztela zenbaki berak. Hara nola, gure heroeak, aixkolari zozo hark behar ukan zuen ezteietako koztuma lepoko zikinaren gainean jauntzi. Akusatuen barra triparekin oliostatzen zuela erakusten zizkidan bere tartrez beterikako bizpalau hortzak ene bereganatzeko. (ama alabak irriz, semea mutur).

AMA: Ontsa kondatzen du e!

PROKURADOREA: (Irriz). Eta nola makur bat ez baita sekulan bakarrik heldu, badakizue nor hartu zuen abokatua? Labrouche! Hau hasi, eskola ttipian bezala, bere klientak ez zekiela! Jujeak hor, badakin aipatu dinadan gazte hura, hori irringarria dun! Eta ona jalgiko, beharko dinagu gomitatu egun batez. Labrouchek “Emeki ibiltzen zela” Jujeak: “Traktorez alabainan, hortan zela landderra”. Bakarrik Lekornera joaiten zela”. Jujeak: “Ez duzu zure seguritate-uhala ezartzen distenzia laburretan, Labrouche jauna?” Laster hemen zaitugu beste paper batean. Labrouche egun haundietan bezala gorritua, debekua jautzirik, nihondik putzutik ezin jalgi.

AMA: Biba zuek, kontexko naiz! Aipatuko diot haren emazteari. Irriak sartuko zaizkio.

PROKURADOREA: Horren ondotik eni! Loriatu naiz. Hasi naiz zer heinetaraino izendatzen ahal genuen tronpatzea, egiazki iruzurra dena. Nora goaz denak hasten badira lagunen agiriekin ateratzen, Frantziak etorkinekin dituen arazoekin memento honetan preseski eta bereziki muga gune batean baikara. Ordua jina dela probintziak erakus diezaiola Pariseri betebeharra non daukan. Gauza guziek beren izena merezi dutela eta honek ageri publiko faltsutzea daukala ezizen amultsuena. Hortik aintzina, igande goizeko ibilaldia; legea aplikatu behar zela hamar urte presondegi eta bost miliuneko isuna. Labrouche eta bere klienta biak net harrituak mihia tartraren gainean.

AMA: (Nigarrez). Azkarregi da, azkarregi. Eta nik ukan behar nuela haren emaztea izateko xantza. Eskerrak, Jainkoari.

SYLVIE: Ez diozue hori guzia ezarri?

PROKURADOREA: Ez muņuņu gero errexa zuxun. Gero konprenitzen duenarena egin ziexut. Lehen aldia zelakoan, hortzenatik etab, presondegia gibelatzapenarekin ukan dixu eta bakarrik bost miliunak emaiteko. (Irriz). Gero nahi ukan naixu eskertu eta nahi ukan dixu bere frantsesa ateratu. Iduri zinan hire Heletako illoba laborantzako sindikatuan dena, uste baitu frantsesa badakiela.

AMA: Ixiltzen balitz bederen.

PROKURADOREA: Familian daiteken. Bainan kontent nindunan, hor iduritu zaidan ni eta juje gazte horren artean zerbait pasatzen zela, bazinan holako irriņo makabro bat begietan, iduritzen zaidan lan ona eginen dugula.

AMA: A hobe, lanean puxka bat lasai bazintez bederen...

SYLVIE: Zure kozina hobea atzeman lezake.

HERVE: (Espakatzen zaio). Kozina...

PROKURADOREA: (semeari ohartuz). A seme, gazte haiz hi oraino. Hire adinean berdin ninduan. Bainan ikusiko duk ba hik ere ofizio miresgarri horretan hastean... Jende xeheak zer galdegiten dio justiziari? Senditzea justizia bat badela: so egik oaixteko gure Prost traktoreduna, ebe senditu diat partitzean fier zela bere herriaz, fier Frantzia xutik baitago. Bon bizpahiru marmarmar eginen ditik bere 5 miliunen pagatzeko, bainan ororen buru gogotik emanen ditik Frantziak duen itxuraz ideia garbia atxikitzeko. Gero kasu emak, e, ofizio honetan behar dik noiztenka erakutsi justiziak gizatasuna baduela, badakiela ulertzen gure gizarteak jasaiten dituen aldakuntzak. Konparazione, bazuan emazte bat, ama familiako bat, ebasten atzemana supermerkatu batean... iduritu zaidak bihotz-ostatuak egiten diren garaian behar dugula gure bihotz ona erakutsi eta nihaurek galdegin diat, eguberri sei ilabeten buruan izanik, utz dezaten aske fitxik atxiki gabe haren kontra, nahiz laugarren aldia zuen.

AMA: Zer gizon ona! Araiz horiek oro kondatuak izanen zaizkio egun batez.

PROKURADOREA: Ona naiz. Ona naiz. (Irriz). Iduritzen zaidak, badakik Herve ttipi hintzelarik biziki maite huen komiki hura, kalifa batekin, erraten baitzuen beti, hi hi hi, ho ho ho, ona naiz, nola zen hori? Haroun el pusah kalifa, eta beste bat baitzen ere kalifa izan nahi baitzuen kalifaren orde. Ttipiņo mekalla bat muztatxa luxe batzuekin. Berriki leitu diat dentistaren etxen. Zer izena zuen horrek? A be te! ezagutzen xintuen Xilvie dentista hark, nolaz hori?

SYLVIE: ee, haren alaba fakako laguna dut.

PROKURADOREA: Kontent nauxu lagun onak baititutxu. Baionako familia zaharrenetarik duxu gero Laborde hori; horren aita aitatxi ere, kontseilukoak egon ditutxu. Seigarren axuant ere izan zuxun zaharra.

HERVE: Iznogood.

PROKURADOREA: Ez kirol arduradun ene ustez.

HERVE: Ez kalifaren lekuan kalifa izan nahi zuenak Iznogood zuen izena. Baina justiziak...

PROKURADOREA: (Pedagogikoki). Kasu seme, ez hadila engana. Prokuradore on bat ez duk hor justiziaren egiteko. Ez gaituk Luis Sainduaren denboran. Jujeek ditek epaitzen eta konzientzian hautuak garraiatzen. Prokuradoreena gidari lana duk, guri tokatzen zaiguk populu tetelduari bidearen erakustea: zeruen zazpigarren ezferan justiziaren argiņo hitx-hitx, xuhail xuhail, mendre mendreari ohartzea. Egiazko paradak bakan dituk, bainan gertatzen direlarik, hobe duk humanitate guziarentzat hor egiazko lemazaina izaitea, burua hotza eta tente, eragin maltzur guziei ihardokiko dien bat. Aratsalde honetan bezala.

AMA: Ez da makurrik gertatu?

PROKURADOREA: Erbinudea lepoan dudalarik, behin betikotz, buru izena merezi ez duen kuia horretan sar ezan ez zaidala makurrik gertatzen ahal, nik dizkiedala besteei jasan arazten. Eta epe normal batean ixtorioa konpreni dezanan xantzarik ez baita hobe huke ahamen baten prestatzea. Onaren egiteak urdaila zilatzen din. (Fier bere ateraldiaz).

AMA: Uii uii, behar ere oroit arazten didazu, hortxe nindukazun zure ele xoragarrieri zintzilikaturik.

PROKURADOREA: Herve, segur nauk hiretako garrantzia haundia ukanen duela, orroit nauk ixtudiant nintzelarik, nihaurek nola idealisatzen nuen ikasten ari nintzen ofizioa, jakin behar duk beste itxaropenak hazten ahal ditutzuela, guk, zaharrok ofizioari ematen diogun tornui berriarekin. Badakik Baiona ttipian izan ziren ekintza terroristak, koktel molotov bat aurdikia izan baitzen polizia gaixo baten etxearen kontra. Terrorista atxilotua izan duk: badakik nola? Zapartingarria duk: Telebixtak ilabeteko boskarren droga hartze kari, muga-zainei filma oparitu zietean. Horretan filmatua zen erdiz erdi.

HERVE: Bainan grabaketak balia daitezke?

PROKURADOREA: Baliatzen dituk jakiteko, frogatzea ene gain. Bitarteko tradizionalak badituk. Ez dituk baztertu behar komerzio ttipi horiek: telebixtak muga-zainen beharra badik bere minuta euskaraz betatzeko, guardetarik kanpo ez baita euskaldunik dudarik gabe, eta guardek eskuz esku egon behar poliziarekin ez badute Turkiako mugan lan egin nahi, hemen duten lanarekin edo lan eskasarekin; hola zaiguk hasteko eskutan erori Patrick Jutant terrorista.

HERVE: Nola erran duzu?

PROKURADOREA: Patrick Jutant, haren aitak ikasi dik gurekin batean Patxi izena ezarri ziotela. Batzuek interesgarri atzemaiten baitute beren bataioko izenaren aldatzea. Izenpetze bat gehiago guretzat. Eta hemen zaizue interesatuko, ikasle gazte horieri, jakin dezazuen zuen geroa eraikitzen ari garela hemen, nola laster trenkatua izan behar baitzuen afera horrek, Baionan berean egiteko deliberatua izan duk. Pentsimak ez dugula holako parada bat airatzera uztekoa eta lana borobilki egina izanen dela, Frantzia guzian adi daitezen gure pruntasunaren oihartzunak, hemen ekoizten diren afera interesgarrien mozkina hemen berean jastatua izan dadin. (Irri batekin). Batzutan autonomiak alderdi onak dauzka.

HERVE: (Zintzurra tinki). Eta nola pasatu da?

PROKURADOREA: Nik, ene partetik 10 urte hauetan prestatzen nuen jokoa ateratu zieat, ikaragarria izan nauk, denak xintxikatu dizkiat, errexa haren aita alde nian, konprenitzen nindian, eta hor halarik ere, behar dat aitortu xantza ukan dudala. Damutuaren jokoa egitea hautatu baitute, “Urrikal juje” eta holakoen kantatzea. Bonnemazou zitean abokatutzat hautatu. Auzia aintzin berex hartua nian eta esplikatu zioat holako aukerarik ez genuela berehala ukanen eta bon, frango fite konprenitu dik joko eņulena ateratu behar zuela. Jujea, orai ikusiko, bainan ontsa senditu baldin badut...

HERVE: Hamar urte egin beharko du. (Jeikitzen da eta ateratzen).

PROKURADOREA: Ez behar bada hamar urte, ni erdiarekin satisfos nintekek. A gazte horien gormandiza! Dena nahi lukete berehala.