Tu quoque fili
Antton Luku
Tu quoque fili
Antton Luku
Kutxa Fundazioa, 1996

 

Lehen agerraldia

 

jacqueline dunat, ama eta sylvie bere alaba

 

(Egon gela burges batean pasatzen da, sinbolisatua izanen da, kubak, zur eta holako batzuk baliatuz: kanape bat, mahai apala, sartzea aintzinean eta, gibelean ezker eta eskuin ateak etxeko beste geletara joateko, sihetsean mahai eta jargi, beste besalkia, eritzeko klasikotasuna. Ama-alabak hor dira, batek “Viens suis-moi” besteak “Elle” edo “Biba” irakurtzen. Beha daude, ama urduri dela ageriko da).

 

AMA: Zazpiak... eta gure Leon ez oraino sartua. Bainan zer ari da!

SYLVIE: Bo! Axolatzekorik ez da, errazu! Zazpiak! Edateko baten hartzera joana dukezu.

AMA: Baina! Ez ezanala, Sylvie xoxokeriarik erran! Badakin hire aita ez dela ostatuetan ibiltzen diren horietarik.

SYLVIE: (Arinki). On luke alta, zainen laxatzeko. Jada erran dizut ez garela 19. mendean jende xintxoak mezan eta margolari sudur gorriak fama txarreko nexkekin ostatuetan abzinta xurgatzen. Baionako jende normal guziak ostatuetan ibiltzen dira, gostu guziehdako badira.

AMA: So egizan, ostatuen aldetik mila aldiz errana dinat familia guziaren partea egiten huela aise, eta oraiko martxa segituz, zuen hiruen mezak entzun behar baditut aldebat Katedralean egoiten ahal naizela.

SYLVIE: (Irriz). Ez zaizu biziki kanbiatuko...'

AMA: A irri egiten dun, agian iraunen zain... urtero fakultatez kanbiatzen ez haiz ixtant batez hire gain... senar planttako bat atzeman baheza bederen... bainan ostatu horietan...

SYLVIE: (Kexatu gabe beti). Izanen da senar... eta planttakoenak, erraten dizut, ostatuetan dira... moltsaren aldetik hasteko. So egizu “Arrain sotoa”n: klienten erdia dentistaz egina da.

AMA: Eta gehienak diborziatuak!

SYLVIE: Zer nahi duzu... gizartea aldatzen da. Hortako, oraiko nexka behar bezalako batek behar du, denekin ontsa egiteko, deneri kausitzeko kultura “hedatua” ukan. Eta ez da hori biltzen zuzenbidea gau eta egun ikasten egonez.

AMA: Diborzatuekin mozkortuz ikasten da... beharrik lagun onak baditun. Hori bederen.

SYLVIE: Denetan eta denekin ikasten da, behar da idekia izan. No! Zer da hau? Artikulu bat Donibane Lohitzunetaz “Elle”n. “Ez ezazuela Euskal-Herriaren uzteko bekatua egin Atlantikako perlaren usaina gozatu gabe...” Ebe! Ez dute dudarik, mando zoko horrentzat, perla! O! Ez dun posible! “Xarma, kemen, kartsutasun, bizitzeko alaitasuna biltzen dira Stephanieren irriņo xoil batean... Euskal herriko misterio lanbrotsu guzien ezagutzen lagunduko zaituzte”. Stephanie Pouchain putaņo kixkil hura turismo aholkulari... pottoka hori... arizana daitekeela gogotik, behar direnekin, horretara heltzeko.

AMA: Sylvie!

SYLVIE: O! Eta Jojo elefant hori orrialde osoan: “Donibaneko bihotza, Jojo Amorategiren ostatua” Zer pitoa! Tirantea hustu diken bai oraikoan bere publizitatearen egiteko, funtsean talazoterapia baino merkeago dun, urtu duken kotsia flasharen argiaren beroarekin.

AMA: Zer gaixtoa haizen! Bainan zer ari da? Aldi oro hola berantzen delarik afera tzarrak ditizten.

SYLVIE: (Jeikiz). Ez dakizu nola den oraino? Sagar ohoin bat aski dute auzitegiratzea, eta sekulako zinema egin behar diote beren buruari, pzikologo andana bat jinarazi kondatzeko zer sofritu duen gaztean ttantta krudel baten peko ilar-biribil bihikatzen, eta kontzientzia xurituta, barkamendu galdeginez desarraņatzearengatik, laxatzen dute mertxika ebastera joan dadin.

AMA: Hori lehen zunan! Orai bazterrak minduak ditun, droga trafikatzaile eta terrorista horiekin, denak mafiari lotuak. Perpiņaneko kusiari bezala gertatzen bazaio gure Leoni, presondegian ezarri zuen terroristak urte guziz “urte berri on” desiratzen baitio orroitarazteko zenbat urte gelditzen zaizkion egiteko. Hala, xuxen eta leiala izatearen mozkina! Eta nik ulertzen ez dudana: dena, Baionako justizia eta seguritate guzia, gure Leon gaixo horren gain izan behar. Aldi oro zainetan jarrarazten nin horrek. Labrouche eta Bonnemazou hona auhaitera heldu direlarik ari dira, ez dela aski larderiarik hor gaindi, eta gero zazpi egin ahalak egiten ditizten gaixtaginen defendiatzeko auzitegian direlarik.

SYLVIE: Labrouche eta Bonnemazou, Ama, abokatuak dira, defendiatzeko pagatzen dituzte...

AMA: Aski diten alegia egitea! Errexegi luken! Gure Leonek baino gehiago irabazten, irriskurik gabe! Labrouchen emaztea igande guziz apezpikuari eskua ematen eta eskua pottakatzen, zaia berri batekin Baionan gaindi ez baita nihon ere atzematen holakorik... habil jakitea zenbat pagatu duen igandekoa ere!

SYLVIE: A! Aberats izateko ezta prokuradore izan behar, dentista aise hobe da.