Aurkibidea
Aurkibidea
Laugarren agerraldia
aita alabak
SYLVIE: Ez itzazula gazte guziak zaku berera ezar, batzu egoten dituzu gutirekin.
PROKURADOREA: O ene alabaņo muņuņu ahanzter xintudan. Xauri, xauri aitaren ganat, arren. Ez dixut bonxour, planttan ere erran oraino. Xauri, xauri altxorat.
SYLVIE: (Musu egiten dio). Xmack. (Sudurrean).
(aita loriaturik alaba denetan “hunkitzen” du bi urte balitu bezala eta zerenda anatomiko guzia bihikatzen dio).
PROKURADOREA: Sudur pipi hori norendako?
SYLVIE: Aitarendako. (+ potta).
PROKURADOREA: Ttitti pipi horiek norendako?
SYLVIE: Aitarendako. (+ potta).
PROKURADOREA: Ipurdi pipi hori norendako?
SYLVIE: Aitarendako. (+ potta).
PROKURADOREA: lep! hor ez da behar e! Norendako dira ixter pollit horiek? Ohou ontsa beltxatua dela gure alaba mimiņo hau, ondartzan izan xara!
SYLVIE: Bo doi doia, aizina guti ukan dut.
PROKURADOREA: Biba xu. Ez xaitela sobera egon e eguzkitara. Kaxu ema’ioxu, gero eguzki gaixto horri. Ez nikexu nahi e, ene alaba maiteak pintzak ukan ditzan bere ixter pollitetan. (Hor zaia altxatuz porte-jarretela agerian ezartzen dio). O andderea bezala beztitzen dela gure alaba pipiak. Xe gauxa pollita! Xenargaia uros eginen duela honek!
SYLVIE: (Alegia jenatua). Bo ez dut oraino holakoeri pentsatzen.
PROKURADOREA: (Potta emanez frenetikoki). O gaixoa, nexka ona xara xu, Amaren alaba, bainan beharko duxu pentsatu egun batez. Ez duxu mutxurdin eginen e?
SYLVIE: (Irriz). Ez dut uste ez. Bainan haunditu arte behar da iraun. Eta nola eginen dut irauteko, beti zure auziak gogoan ahanzten baldin baduzu ene ilabete sariaren pagatzea.
PROKURADOREA: (Jeikiz). O gaixoa erran behar xenidan. Bainan hamabosta gaituxu.
SYLVIE: Aintzineko ilabetean ere hamabostean eman zenidan, ilabeteko berantarekin ez bainintzen atrebitu galdegitera.
PROKURADOREA: Ez atrebitzen? Aitari? Nahi nauxu lekuan berean kalitu! Egiten dixut berehala, gaixoa. (Txeken xeka badoa eta hasiko delarik iskiriatzen). Bi hilabete ezarriko dizkixut, ez baitut nahi nik ene alaba gaixoa gosez hil dadin.
SYLVIE: (Jostatuz bezala). Ez ezazula ahantz heldu den astean ene besta dela.
PROKURADOREA: A bon?
SYLVIE: Bai ene hirugarren izen ttipia Therese dela ahantzi duzu, Ama beilaz izan baitzen Aldudeko beretterren bidaiaz, Biscarosseko Santa Theresen otoiztera, biziki orroitzapen ona atxikitzen baitzuen egun horretaz.
PROKURADOREA: Ahanzten ditudala ene muņuņuren izen ttipiak, eta gero higatuko naizela aski izen ttipi ezin atzemanez. (Txekea egiten dio, nexkak bularretakoan ezartzen du, berriz bere kadirara badoa prokuradorea eta belaunak joz). Xauri, xauri apalla. (nexka bere lekuan erdi beltzuri). Zer duxu kezkatzeko, erra’ioxu attattori. Ikasketak nola joaiten zaizkitxu.
SYLVIE: Preseski nahi nuke fakaz kanbiatu, geografia ikasi nahi nuke.
PROKURADOREA: Geografia! Nahi nikexu ikusi! Biloak jinen zaizkitxu zangoetan ene lehenko erakasleari bezala. Artearen historia biziki ontsa zuxun nexka batendako. Zergatik behar duxu hori utzi, biziki gustatzen xinen lehen horretan.
SYLVIE: Ba bainan erakaslea kanbiatu zaigu. Eta berriak behartzen gaitu Apokalipziaren irakurtzera ez dakit zer denborako margo zahar batzuen aztertzeko, non agertzen diren beti Jesu Kristo aihartu batzu sofrikarioaren pean kurutzean kukurubilkatuak, eta hori madarikazioaren begitartea zela azalduz geroztik ez dut gehiago lorik hartzen ahal gauaz.
PROKURADOREA: Uii uii! Ez dixut nahi ez orduan, Utz ezaxu hori berehala, zuen ama bezala bilakatzeko dena ifemu solas! Bainan halarik ere Geografia, gero zortzietatik epilatzeko lana zerbait duxu ere. Zergatik utzi xenituen hizkuntz zaharrak? Ontsa zuxun hori neska batentzat. Labrouchen emazteak beti ateraldiak egiten ditixu latinez errezebiltzen duelarik. Beti efektu haundia egiten zaiexu Suprefeteri.
SYLVIE: Hebraiera kurtsoa ez nuen segitzen ahal, estheticienak ez baininduen beste tenore batean hartzen ahal. Eta kurtsoan ez bainintzen hor erakasleak gaizki notatu ninduen eta ez nuen azterketa gainditu.
PROKURADOREA: Ez dixu muntarik, ultramore azterketa ukan baxenuen.
SYLVIE: Eta gainera erreformaz geroztik, hori tzarkeria zen e, arameera sartu ziguten.
PROKURADOREA: Arameera? Zer duxu hori?
SYLVIE: Paleztinako lenguaia zahar bat, arabiera nahi baduzu.
PROKURADOREA: Arabiera? A hori ez e, gero duxun bihotz haundiarekin araba bihurri horien heztera joaiteko bilduko xaituzte, hiri bazter haietara. Araba tzar haietara, beren kamelu irri higuingarriarekin, andea diezadatela ene alaba maiteņo hau. Utz ezaxu hori berehala. (Pentsakor). Gero behar bada orai metodo berriekin geografiak ez dixu hainbeste bilo... bo... erremedio bat pentsatu diketexu ba arte horretan... geroztikako denboran.
SYLVIE: (Jostatuz). Eta ez nauzu ideiaz alda araziko. Oraikoan biziki motibatua naiz. Xehetasun guziak hartuak ditut fakan, heldu den urteko programa eta denak hartu. Kasik dena klima tropikaletaz baita, bidaiaz joaitea ere deliberatu dut Eguberriz, begiz ikusteko nolakoa den.
PROKURADOREA: Lanean ariko xara bakantza denboran! Han egiten den beroarekin kontra sasoinez! Zuhaur joanen xara, beltzez beteak diren leku horietara! Ez zekixut nexka batendako...
SYLVIE: Ez naiz nihaur partitzen, bizpahiru lagunekin, segurrago sendituko gara. Dentistaren alaba ere gurekin da.
PROKURADOREA: (Txeke bat egiten dio). Orixu! Ez nikexu nahi sosik gabe egon zaitezten zer gerta ere. Eta kasu ema’zue beltzeri mintzatu gabe.
SYLVIE: (Berex). Egiten ahal da ba mintzatu gabe ere... (Txekea bularretakoan). Milesker aita maitea, ez zen behar, atxikiko nuen ba ene ilabete saritik. Ez da Baiona guzian zu bezalako gizon onik. Orai jenatua nauzu nahi bainizun zerbait galdegin...
PROKURADOREA: Kokina, zer duxu oraino?
SYLVIE: Badu hamabost egun ez naizela Bidarteko ttanttaren ikustera joan eta bihar libro bainaiz...
PROKURADOREA: Itxuxia, erran dauxut mila aldiz aste guziz ibili behar dela han, a ontsa dituxu zaharrak zuekin. Gazama duxu. Eta berriz errateko, autobidearen ondoan dituen lurrak laborantzako sailkatuak izanen ez direlarik miliunak balioko dituztetela. Xoaxi fite hara e, bihar berean.
SYLVIE: Ba baina autoa behar nuke.
PROKURADOREA: (Orroaz). Amak ez dixu prestatzen!
SYLVIE: Ba bainan 205ean joateko Bidarte urrunxko duzu, pentsatzen nuen Mercedesean...
PROKURADOREA: Har’axu, har’axu maitea, 205a hartuko dixut. On eginen zioxu Amari komisioneak oinez egiteak. Bon, joanen nauxu aldatzera auhaiteko. ‘ka’txu potta hona. (Masaje partida ttipi bat eta ateratzen da).