Aurkibidea
Aurkibidea
Bigarren agerraldia
ama, sylvie, herve
(Hor herve sartzen da gitarra elektrika eskuan).
HERVE: Gauon!
SYLVIE: Addio.
AMA: A! Baņo bederen! Nondik heldu haiz? Musikatik?
HERVE: Eta bai! Azken kantua punduan! Hemendik aintzina publizitatea egiten ahal duzue, “Lisa burdinak” Rock taldea prest dela plazaz plaza eta antzokiz antzoki ibiltzeko. Presta zaitezte uda guzian ez baituzue besterik entzunen!
SYLVIE: Harri nintekek hainbeste besta bagenu ekiditzeko. Non ariko zarete, ospitaleetan, skuatetan marrantatu diren hire lagunei elektroshock egiteko?
(hervek ontsa hartzen du, irri egiten du).
AMA: Zer domaia! Gitarra klasikoaz hain ontsa ari hintzelarik, musika ero horretan talenduaren xehatzea!
HERVE: Moda da Ama! Zure denboran Luis Mariano bezala! Berri ona badut, Zuzenbide hirugarren urtea ukan dut aipamen bereziarekin eta Bordalen presentatu nuena, zientzia politikoetan, ere bai. Musika basa xorta bat balio du ez!
AMA: Biba hi Herve, haugi hona potta, hitaz fier nauk! Te! Lizentzia, urte bateko abantzarekin sekulan doblatu gabe. O! Zein ontsa!
SYLVIE: Nik ere potta zor diat, anaia ttipi, haugi hona eta zorionak, behar hindudan igorri ene orde artearen historiaren lehen urteko etsaminetara, behar bada... abiatua haizen bezala...
HERVE: Zer? Berriz ere huts egin ditun? Bainan zertan xahutzen dun denbora?
SYLVIE: Ez ditiat denak pasatu ere! (Irri egiten du). Azken finean ez zaidak iduri arteako egina naizela. Hola nauk... sobera gauzek interesatzen naitek, ez nauk jartzen ahal. Orai geografiak naik motibatzen, joan behar nikek Antillak nolakoak diren ikustera.
HERVE: (Elle erakutsiz). Hau bezalako zozokeriekin urtea joaten bazain...
SYLVIE: O! Badakik anitz baduk ikasteko horietan ofizio berrietaz.
AMA: Hau! Hau! Ez dakit noiz atzartuko den... Bidaiaz joan behar orai. Hobe huke sosa geroko atxikitzea, ezkontzeko pusken erosteko edo... Ondarrean, perestuki egoten deno, eta ez Labrouchen alaba bezala komunista bilakatzen... Senar on bat atzeman baleza bederen.
HERVE: Ama, Labrouchen alaba abertzalea da. Politikan beste gauzetan bezala da, segitu behar da poxi bat. Kozinan bezala edo...
AMA: Nola behar dut segitu hitzak beti aldatzen badituzue? Gaixtoa! Hi ere orai hasi baihaiz politika zikin horren ikasten ez haiz hobetzen ari hire ama zaharrarekin. Bainan zer ari da... a ez dut maite e... hor. gazte bihurri batzuen ohointza edo... zoazte jakitera zer tzarkeria...
SYLVIE: Ale! Ama ez diguzu errepika bera xerbitxatuko.
AMA: Hala dun! Alfer atxikitzen ditizten eskola horietan plegu txar hartzen, laneko gostua galtzen eta besteen arrakastaz bekaizti. Hobe lituzketen aprendiz igortzea... Erran din lehen ministroak Alemanian hola egiten dutela eta denak izigarri kontent direla han.
HERVE: Behar nauzu Mousseroles-eko oletara igorri.
AMA: Ez diat hiretako erraten, xoxoa. Hi, ba! Ez duk konprenitzen ahal. Sobera argia haiz. Hi bezalako batekin balio dik aritzea eta eskolak ezartzea. Bainan ez ezadaala erran. Beste hura bezala... hire eskolako lagun hura, latinean bazarra ezartzen baitzuen aldi oro... nongoa baitzen ere menditar hura.
HERVE: (Trufan). Mendiak du egiten? Ontsa johan zaizu menditar erratea: Alduden sortua. Ez zenigun sekulan kondatu hori, fitxik ez zenutelarik konprenitzen Aldudeko eskola ttipian, mahaietan dantzan ari zineztela, koktel molotova eskuan.
AMA: Preseski biziki ontsa aritzen ninduan eskolan eta Aldudarra banaiz bazekiat hik baino hobe jendea zein gaixtoa den herri ttipi horietan.
HERVE: Jendarmen kontra. Ez erran Aldude ezagutzen duzula, eskolatik elizara eta handik jendarmeriara, indigenen beldurrez.
AMA: Uste ez baduk ere biziki ontsa ikusiak gintuan, aitak harreman onak zitian denekin.
HERVE: Bistan dena! Sakatzen zuen Ricard aldiarekin.
SYLVIE: Heve! Bakea emak. Arren!
AMA: Haren eginbeharra zuan... Berriak behar zitian nonbaitetik jakin, Patelle eta Bigomeau ez baitziren euskalduank. Gaixoa bere ofizioari bizia eman ziok. Bainan bo, orroitzapen onak ditiat halarik ere, ontsa akomatzen gintuan. Orroit nauk hiruak kamioneta berriaren bila joan zirelarik Akizera, zuen aitatxi behar zenuten ikusi, zukrea muztatxetan eta, zainetan zuan gaixoa...
HERVE: Ez zutena egun hartan, gibeleratekoan Bankako errekara uzkali?
AMA: Ez, ez! Marratu bakarrik, Baigorrin egon zituan aperitifa hartzen, kamionaren erakusteko, hainbestetaraino fier baitziren... zerbait zen e, lehen Citroen bat berri berria... Gaixo Aita arrunt etsitua zuan. (Irriz). Bigomeau bo... lurrean jarririk marra hari so, mututurik. Orroitarazten zidak, behar zioat haren alabari telefonatu, gaixo Marie Claude. Senarra Issoiren izendatu ziotek. Ez omen duk han batere hemengo giroa jendarmerietan... herrian ere ez funtsean: ez ditek meza ematen ere igande guziz. Gaixo Mari-Claude. Ez daitekek guti enea, Alduden hura zuen hoberena katiximan, guk jendarmeriakoek gure alkia baikenuen elizan, apezak beti hura galdezkatzen zian.
HERVE: Apezak jendarma alabak persekutatzen. A! Orai konprenitzen dut zergatik jendarmek biziki maite duun Hiribumko apez terrorista hura galdezkatzen duten, ordainxka bat badukete hartzeko.
AMA: Hiribumko apeza ez duk terrorista, erran dik berak apezpikutegiko boletinean, ez zela batere... horietarik, ebanjelioaren jarraikitzeko zuela gaixtagin hura etxen hartu...
SYLVIE: Ebanjelioari jarraikitzeko duke elizaren erdiak konprenitzen ez dituen kantuak orroarazten... Atzar zaitez egun batez.
AMA: Hi ere atzartzen ahal hinteke... mezara ardurago joateko. Tradizioneak mantendu behar dira jendeen atxikitzeko elizetan. Labrouchen koinataren ehorzketetan izan bahintzen Pauen, ikusiko huen zer txarra zen. Bo, nehor kantuz, nehork arrapostuak ez jakin, ahalgegarria. Konparatzen delarik, gure kusiarenarekin, Betarramitarenak. Saran. Super! Dantza eta, eman diote kutxaren gainean. Super! Abantxu esku zartaka hastekotan nintzen.
HERVE: Pauen ere ideia emanez geroz, lot balitez mejorretak ezar litzakete ba balio duten enterramenduetan. Sokorri katolikoari, noiztenka ematen dituzun bostehun liberetan hartuz. Baina nahiago dute autoz aldatu.
AMA: Hi hago ixilik, hire aita ere lehen aldikotz ikusi nuelarik Baionako ttanttaren etxen, hola zuan beti, Elizarendako dena hitz arin eta kokin. Bainan nik ezagutu bainuen, ezagutu nik bere mintzatzeko molde elegantearen gibelean zuen bihotz haundia. Eta konbenzitu diat emeki emeki erligionearen beharraz, jendeak bide xuxena atxik dezan. Gaixoa ez zitian bere liburuak baizik gogon; sinple eta herabe: norbait izateko prest... norbait hartaz arduratuz geroz. (alabari). Bainan horretako behar liketen batzuek beren burua prestatu ezkontzan duten eginbidearentzat.
HERVE: Zure plana baldin bada, prokuradore bilaka nadin; zor dizudan errespetuarekin...
AMA: Zerendako ez! Leonek ere ez zian nahi. Bainan lana horretan bada. Zuek bezalako gizon xuxen eta argiek egin behar. Ondarrean, ahalaz abokatu egi’zak hobeki irabaziko duk irrisku gutiagorekin.
SYLVIE: Eta fakako hire perreka andana horien artean, klaseen xeka jiten baitzaizkik, begiak lilluraturik eta ezpain gorria humi, atzemanen duk ba baņo prest laguntzeko, hire biharko lanean, lan dorpe bainan zein amultsu, fin eta gizonei hurbila. (aita sartzen da, leon dunat prokuradorea).