Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Denonartean, 2020

 

13. ESZENA

TROGLOBIOAK

 

(espek estalaktika zatia kontu handiz zakuan gorde eta plastikozko pote txiki bat eta metalezko pintza batzuk ateratzen ditu. Haitzuloko hormetan zerbaiten bila hasten da)

 

LEO: Noizbait irten ere egin beharko gara, ezta? (Haitzuloan sartzeko erabilitako soka hartu eta poliki-poliki biltzen hasten da)

ESPE: (Serio) Lehenik troglobio batzuk hartu nahi ditut.

LEO: Troglobioak... Ikaragarrizko grazia egiten dit hitz horrek, tro-glo-bi-o-ak.

ESPE: Ba ez dakit zergatik. Troglobioak. “Troglo”: haitzuloa eta “Bio”: izaki biziduna... Haitzuloetan bizi den izaki biziduna. Ez dakit arrarotik zer duen.

LEO: (Soka biltzen jarraitzen du) Bai, behin baino gehiagotan entzun dizut, baina grazia egiten dit.

ESPE: (Paretako alutik gertu zerbait aurkitzen du) Begira, sasieskorpio bat!

LEO: (Gerturatuz) Nolako besoak dituen, e! Arin-arina dantzatu behar duela dirudi.

ESPE: Ziur hauek gizakiek baino kultura handiagoa dutela.

LEO: Ez al duzu hartuko?

ESPE: Ez. Horrelako gutxi geratzen dira... Jarrai dezala bere bidea. (Pauso batzuk aurreratu eta frontalaren fokua publikoarengana zuzentzen du) Begira! Hemen troblobio pila batdaude...

LEO: Bai erraz ikusten dituzula! Eskarmentua...

ESPE: Trikimailu bat erabiltzen dut. Burua astiro-astiro biratzen dut frontalaren argia mugitzeko, eta zerbaitek distira egiten duela ikustean...

LEO: Fokua aldatu!

ESPE: Ba bai. Funtsean gauza bera da: fokua aldatu.

LEO: (esperengana hurbildu eta publikoari begiratzen dio) Ikusten ditut. Ze distiratsuak diren, e? Seguru guri begira daudela.

ESPE: Ezin dute ezer ikusi. Ez duzu ikusten ilunpetan bizi direla?

LEO: Tira, benetako jakinduria itzaletan dago. Gogoratzen?

ESPE: (Irribarre egiten du) Irudikatzen dituzu guri begira eta hau guztia antzerki obra bat dela pentsatzen?

LEO: (Publikoa agurtuz) Kaixo troglobio maiteak!

ESPE: (Barrez) Begira! Distiratsuagoak dirudite. Kaaaaiiiiixooo!

LEO: (Berak ere barre egiten du) E! Joan aurretik antzezpen bat egingo diegu? Ni bere haitzuloan arropa garbitzen ari den lamia bat izango naiz

ESPE: Lamiek arropa ere garbitzen al dute? Nik uste nuen ilea orrazten zutela.

LEO: Kondaira batzuetan arropa garbitzen agertzen dira.

ESPE: Orduan gure amonak kontatzen zigun Galiziako istorio baten antzekoa da... As Lavandeiras.

LEO: Primeran! Orduan zuk “Lavandeira”rena egingo duzu eta nik “Lamia”rena. (Pantailaren atzeko aldera joaten da)

ESPE: (Interpretatzen) Troglobio maiteak, zuekin “Lamia” eta “Lavandeira” eta gure azken sorkuntza: “Sorgin baten ametsak”... (Pantailaren atzeko aldera joaten da) Zugatik, amona!