Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Denonartean, 2020

 

10. ESZENA

SAKONTZEN

 

(espe atzetik bueltan dator)

 

ESPE: (leori) Leo!

LEO: Zer...

ESPE: Gogoan al duzu lehen erakutsi didazuna?

LEO: Lehen?

ESPE: Gehiegizko argiak egia ezkutatzen duela...

            Benetako jakinduria itzalean dagoela...

LEO: Fokua aldatzearena.

ESPE: Bai. Fokua aldatzearena...

LEO: Esaldia iltzatuta geratu zaizu, e?

ESPE: Badakizu? Gaur egunera iritsi izan balitz, Potoneren haitzuloko mitoaren bertsioa oso ezberdina izango zela iruditzen zait.

LEO: Ez dizut ulertzen... Zer esan nahi duzu?

ESPE: Jakin nahi duzu zer esango lukeen Potoneren Haitzuloak?

LEO: Jakina.

ESPE: (Errezitatuz) “... Emakume batek kobazulo honetan bere kateetatik askatzeko aukera izango balu, ez luke gizon batek bezala argirantz ihes egingo; barrurago sartuko litzateke itzaletan barrena unibertsoaren funtsa ulertzen saiatzeko”.

LEO: Potoneren Haitzuloa! Handia zara gero!

ESPE: Itzaletan dago jakinduria... Unibertsoaren esentzia.

ESPE eta LEO: Amalurren alabak eta Potoneren ahizpak!!!

LEO: Hainbeste urte ikasten eta ez nekien Platonek arreba bat zuenik... Mito bat erori zait.

ESPE: Baina lasai, beste bat jaio da-eta: Potone! Seguru nago Platonek bere arrebarengandik asko ikasi zuela.

LEO: Seguru! (Pausa) Badakizu Platon Sokratesen jarraitzailea izan zela?

ESPE: Bai. Sokratesi buruz dakigun guztia Platoni zor diogu, ezta?

LEO: (Buruarekin baiezkoa egiten du) Eta badakizu zer den maieutika?

ESPE: Maieutika? Hitza ezaguna egiten zait, baina...

LEO: Sokratesen ama emagina zen. Maieutikak hori esan nahi du: erditzen laguntzen duena, sortzen laguntzen duena.

ESPE: Sokratesen ama ere sorgina zen?

LEO: Sorgin handi bat! Sokratesek Maieutika bere amagandik ikasi zuela esaten zuen. Emaginek erditzen laguntzen dute, baina beraiek ez dira erditzen... Modu berean, Maieutikak ikasleari bere ezagutza sortzen laguntzen dio. Bere jakinduriaz erditzen laguntzen dio jakin behar duena zer den adierazi gabe... Gure arimak erdiminetan daude!

ESPE: Eta fokua aldatu nahi dute. Sorgin handi bat Sokratesen ama, bai... Eta zein zen bere izena?

LEO: Ez dakit, ez naiz gogoratzen. Potonerekin bezala gertatzen da... Inor ez da beraietaz gogoratzen... Tableta! (espek Tableta hartu eta informazioa bilatzeari ekiten dio)

ESPE: Hau zortea koba honetan kobertura izatea!

LEO: Jarri “Sokratesen ama” edo “Maieutika”!

ESPE: Hemen dago... Fenareta! Fenareta zuen izena.

LEO: Fenareta! Fenareta sorgina!

ESPE: Potone eta Fenareta... Guk oroitu eta oroitaraziko zaituztegu.

LEO: Amalurren alabak eta Potone eta Fenaretaren ahizpak.

ESPE: (Irrintzi egiten du) Aiaiaiaiaiaiiiii! (Pausa)

LEO: A, ia ahaztu zait zuri kontatzea... Lehen, pixa egitera joan zarenean, sorgin amets horietako bat izan dut...

ESPE: Soņos da meiga?

LEO: Bai. Berriro ere saxofoia elkarrekin jotzen genuela egin dut esna amets. Eta kobazulo honetan jotzen genuela.

ESPE: Hemen ezin hobeto entzungo litzateke...

LEO: E! Zein zen Charly Parker-en esaldi famatua?

ESPE: A, bai! Ez saxofonoa ukitu, hunkitu zaitzala saxofonoak zu!

LEO: Ni ez nau ba aspaldian ukitu...

ESPE: Ezta ni ere hunkitu... Nik ere sorgin amets bat izan dut zurekin.

LEO: Benetan?

ESPE: Bai. Telebistako lehiaketa batean nengoela egin dut amets, elkarrekin Belgikara bidaia bat irabazteko, Dinantera...

LEO: Marveilleuseko kobak ikusteko?

ESPE: Eta Adolph Saxen etxe-museoa...

LEO: Eta saria irabazten al zenuen?

ESPE: Ez... Baina Potone ezagutu dut.

LEO: Eta Fenareta!

ESPE: Ez gara Dinantera joango, baina sari ona da, ezta?

LEO: Biok saxofoiekin egin dugu amets...

ESPE: Tira, lehiaketaren aurretik beste amets batzuk izan ditut e... Hitzaldi bat ematen genuela amestu dut, trogloditak ginela, terapia batera joaten nintzela nire potota ikusteko...

LEO: Hara! Aditua zara sorgin ametsetan! Eta nahi duzunean izan ditzakezu?

ESPE: Ez dakit... Jar nazazu proban. Zeren inguruan nahi duzu soņo da meiga bat izatea?

LEO: Ba... (Pentsakor geratzen da paretan dagoen aluari begira) Arte garaikidean aluek duten presentziaz?

ESPE: Joe! Ezin al zenidan zailagorik eskatu? (Tableta hartu eta pantailaren atzeko aldera joaten da) Aluen presentzia arte garaikidean... Izorrai!

LEO: Ez zaitez joan. Beste gai bat proposatuko dizut nahi baduzu...