Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Denonartean, 2020

 

05. ESZENA

ESPLORATZEN

 

LEO: Tira neskak, erlaxazio eta arnasketa ariketen ondoren, autoesplorazioarekin hasiko gara. Joan prestatzen autoesploraziorako eman dizuegun materiala: izara, toalla, lubrikatzailea, ispilua, espekulua, argi frontala... (espek zakutik manta termiko bat eta ispilu modura erabiliko duen Tableta ateratzen ditu) Bizkarra paretaren kontra duzuela eseri eta jarri hankak loto jarreran. (espek leoren azalpenak zintzo-zintzo jarraitzen ditu) Hotzik ez pasatzeko edo intimitatea babesteko, izara erabil dezakezue... Ea, arnasketa sakon bat... Oso ondo. Ispilua hanka artean jarri eta argi frontala piztuko dugu... (espek Tableta behar bezala kokatu eta bere kaskoko argia pizten du) Zuzendu zuen frontaleko argia ispilura, argiak bueltan zuen aluak bistaratu ditzan... Arnasketa sakonarekin jarraituko dugu... Oso ondo. Arreta osoz erreparatuko diogu. Lubrikatzailez igurtzi eta esku bateko hatzekin astiro eta goxo-goxo joango gara aluko ezpainak zabaltzen... Gure aluaren xehetasun guztiak aztertzen saiatuko gara... Espekulua erabili nahi baduzue, erabili goxo-goxo zuen buruari atximurrik egin gabe... (espek izututa begiratzen dio. Une batez zalantza egin ondoren, izarapean biltzen da. esperen intziria entzuten da) Oso ondo neskak... Uste dut hobe dela espekuluak biharko uztea... Goazen poliki-poliki... Hemendik aurrera garrantzitsua da pubokoxigeo muskuluaren kontrakzio ariketa guztiak errepikatzea.

ESPE: (Burua ateratzen du harrituta) Zer?

LEO: Kegel ariketak... Imajina dezagun gure erdigunea, edo hobeto esanda gure Korea, zumitzezko saski bat dela.

ESPE: Korea?

LEO: Bai, gure korea. Gure abdominala eta bizkarraren beheko aldea biltzen duen zonaldea... Zeiharrez osatutako zumitzezko saski imajinario hori; abdomeneko muskulu zuzena, zoru pelbikoa, multifidoa eta garrantzitsuena, zeharkako muskulu abdominala. (espek keinu arraroak egiten ditu azalpenak jarraitzen saiatzen den bitartean) Orain, saski horren tapakia bezala, gure diafragma irudikatuko dugu.

ESPE: Saskiaren tapakia?

LEO: Korearen goiko aldea.

ESPE: Korea? Baina zer da korea?

LEO: Tira, neskak, bakarrik utziko zaituztet pixkana-pixkana deskubritzen joan zaitezten... Eta gogoratu: Nire alua nire parte da, eta ni nire aluaren parte naiz! Nire alua sakratua da!

ESPE: Eta nire korea? Zeinena da nire kore alu hau?

LEO: Bukatzeko, gaur goizean egindako zuen aluen marrazkiak atera eta ikusi berri duzuenarekin antzekotasunik duten azter dezakezue... Hamar minutu barru gela handian elkartuko gara. (leo atzeraka irteten da)

ESPE: Marrazkia? A, gaur goizeko marrazkia... (Izara zakuan sartu eta bere buzoko poltsiko batetik tolestutako paper bat ateratzen du. Publikoari hitz egiten dio.) Hori “kore-grafia”! (Papera zabaltzen hasten da) Egia esan, ez dakit zer marraztu dudan... Ez dakit daukadala uste dudana marraztu dudan... Eduki nahi dudana... Lagunen bati ikusi diodana... (Paperera begiratzen du, pantailan bere aluaren irudi naif bat proiektatuta ikusten dugun bitartean) Hori bai, hemendik aurrera bi gauza ditut argi. Bat: nire alua sakratua dela ... Eta bi: depilatu beharra daukadala! (Arrapataka, Tableta hartu eta interneten informazio bila hasten da. Pantailan aluen irudi ezberdinak ikusten ditugu, depilazio modu ezberdinak. Agertu ahala, espek izendatu egingo ditu) Brasildar konpletoa... Hiruki brasildarra... Diamantea... Bihotza... Correoseko zigilua... Gezia... Izarra... Ilargia... Martinia... Champagnea... (Publikoarengana zuzentzen da) Ze ona! Martinia eta Champagnea...