Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Denonartean, 2020

 

09. ESZENA

BAKARDADEA

 

(leo saxofoia jotzen hasten da. Hasieran garratz eta kirrinkari. Arian-arian bere estiloa fintzen joaten da melodia goxo bat interpretatzera iritsi arte. Jo ahala, esaldiak tartekatzen ditu...)

 

Bakarrik nago...

Bakar-bakarrik...

 

Ez naiz inor...

Ez naiz ezer...

 

Inork ez zaitu gogo---an...

Ez han eta ez hemen.

 

Maitia, nun zira?

Ez zaude, baina bazara...

 

Emadazu eskua...

Ez zara sekula bakarrik egongo...

 

Emadazu eskua, maitea!

Ahizpa!

Hola, eskua, hola.

Esku hola, Potone!

Esku hola!

 

(leok goxo jotzen du abestia. espe pantailaren atzealdetik agertzen da. Belarriak abestian, oin-puntetan, astiro gerturatzen da, leo bere presentziaz ohartarazi gabe. Eskuak atzean ditu, eta estribillora iristean, beste saxofoi bat atera eta interpretaziora batzen da. Abestia bukatzean, hunkituta begiratzen diote elkarri)

 

ESPE: Niri zuk erakutsi zenidan saxofoia jotzen... Gogoratzen?

LEO: Bai... Odolak odol, beti izan gara elkarren ahizpak... (elkar besarkatzen dute)

ESPE eta LEO: Potoneren ahizpak! (Pausa) Amalurren alabak eta Potoneren ahizpak!

 

(Abestu egiten dute)

 

Jaun ez direnak izan

al litezke jabe?

Potone izar bat zen

zalantzarik gabe,

argia ta argiak

itzalpean daude.

 

Sasi guztien gainetik,

laino guztien azpitik,

sorgin batek ametsak

ipuin bihurtzen dizkit,

ikimilikiliklik,

ipuin bihurtzen dizkit.

 

Platon iritsi arren

arrakasta handiz,

Haitzuloak bestela

egingo luke hitz,

Potoneren eskuak

idatzia balitz.

 

Sasi guztien gainetik,

laino guztien azpitik,

sorgin batek ametsak

ipuin bihurtzen dizkit,

ikimilikiliklik,

ipuin bihurtzen dizkit.

 

(espek bi saxofoiak hartzen ditu eta pantailaren atzeko aldera doa. Irten aurretik alu bat irudikatzen du bi saxofoiekin)