Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Denonartean, 2020

 

12. ESZENA

HUTSUNEA

 

(Kantua amaitzean, leo ikusiko dugu haitzuloan hormako aluari begira)

 

ESPE: (Pantailaren atzetik atera eta rap keinuak eginez leorengana hurbiltzen da. Mikrofono modura darabilen zerbait dakar eskuan) Ez Pototafonoa ukitu, hunkitu zaitzala Pototafonoak zu!

LEO: Nola?

ESPE: Ezer ez... Nire gauzak...

LEO: Sorginen ametsak?

ESPE: Bai, sorginen ametsak...

LEO: Zer daukazu eskuan?

ESPE: Ezer ez... Lurrean aurkitu dudan estalaktita zati bat. Hasieran historiaurreko hezurrezko xirula bat zela pentsatu eta amesten hasi naiz...

LEO: Ametsak... artea eta aluak?

ESPE: Artea eta aluak.

LEO: Ea, utzidazu estalaktita ikusten. (espek eman egiten dio)

ESPE: Ez dakit nola apurtuko zen.

LEO: Tira, hau behintzat ez da etxera oroigarri modura eramateko apurtua izan... Gorroto ditut oroigarri modura eramateko estalaktitak apurtzen dituztenak. Egoista zikinak!

ESPE: (leoren eskuetatik estalaktita zatia hartuta) Uste dut estalaktitekin gertatu dena gertatu dela emakumeekin historian zehar: norbaitek oroigarri modura eraman, eta azkenean ahaztuak izan gara.

LEO: Hori ere zure Galiziako amonak esaten al zizun?

ESPE: Ez. Oraintxe bururatu zait... Baina ziur amonak baduela zerikusirik.

LEO: Oraindik bizi al da?

ESPE: Bai, jakina! Nire baitan.

LEO: Ezagutuko nuke gustora!

ESPE: Gure amonak esaten zuen gerra ostean emakumeak eta umeak haitzuloetan babesten zirela. Irakurri dudanaren arabera, horixe bera gertatu izan da han-hemen lehertzen ziren gerra ezberdinetan. Galtzaileen bandoko emakumeak haitzuloetan babestu eta han beren arbasoekin jartzen ziren harremanetan.

LEO: Eta sorgin izatea leporatzen zieten! (Pausa)

ESPE: Zergatik uzten gaituzte beti emakumeok historiaren orrietatik kanpo?

LEO: Heteropatriarkatua!

ESPE: (Paretako aluari begira) Baina lehen bestela ziren kontuak, ezta? Tribu bat ginenean ezberdina zen.

LEO: Agian arrazoi izango duzu. Agian dena zibilizazioaren etorrerarekin iritsi zen. Edo jabetza pribatuarekin.

ESPE: Egoista zikinak! Atzera tribuan bizitzea gustatuko litzaidake.

LEO: Kontatu nirekin tribu horretarako.

ESPE: Baita sudurrean makila bat edo ahoan platera horietako bat jarri behar badut ere.... (Estalaktita zatia sudurrean jartzen du)

LEO: Badakizu ze esaten zigun Historiako gure irakasleak kontu horien inguruan?

ESPE: Nork, Aizpeak? Feminaziak?

LEO: Ez horrela deitu.

ESPE: Tira, fakultatean feminazi deitzen genion, ez? Feminazia. (leok gutxiespen keinu bat egiten dio) Orain ez nioke horrela deituko...

LEO: Ba hori, badakizu zer esaten zuen Aizpeak tribuetako emakumeen apaingarriei buruz?

ESPE: Esan...

LEO: Esaten zuen tribuetako emakumeek eramaten zituzten apaingarri gehienak ez zituztela tradizioagatik eramaten. Esklabu ez izateko modu bat zela.

ESPE: Ez dut ulertzen...

LEO: Ba agian matxito zuriak Afrikako herrixka batera iritsi eta emakume guztiak sexu-esklabu bezala saltzeko eramaten zituzten. Eta agian istripu edo infekzio baten ondorioz ezpaina desitxuratuta zuen emakumeren bat zegoen tartean... Eta matxito zuriek han uzten zuten ezpain desitxuratuekin ezingo zutelako saldu. Orduan, tribu horietan bizirik irauten zutenak neska jaioberriei berariaz ezpainak desitxuratzen hasi ziren handitzean bahituak ez izateko. Ulertzen?

ESPE: Orduan, sexu-esklabu ez izateko egiten zuten? Ikaragarria iruditzen zait.

LEO: Hori esaten zuen Aizpeak... Tira, teoria bat da.

ESPE: Eta belarriak desitxuratuta dutenekin berdin?

LEO: Bai. Eta lepoa luzatu edo eskarifikazioak egiten dituztenekin.

ESPE: Ai ama! (Eskuko estalaktita zatiari begira) Orduan... Klitoriaren ablazioa ere matxito zuriengandik libratzeko...? No me jodas!

LEO: (Entzundakoa ezin sinestuta) Ostras! Aizpea baino feminaziagoa zara!

ESPE: Eta erlijioagatik dela sinestarazten digute! Ikaragarria da!

LEO: Ikaragarria da, bai, baina Aizpeak ez zuen sekula adibide hori ipini e... Agian...

ESPE: Baina zentzua du, ezta? Zentzua du... (Pausa) Egoista zikinak, kabroiak!!!

 

Ikusi haitzuloan

dauden irudiak,

gora gure aluak

eta klitoriak...

izorratu zaitezte

matxito zuriak!

 

Sasi guztien gainetik

laino guztien azpitik

sorgin batek ametsak

ipuin bihurtzen dizkit,

ikimilikiliklik,

ipuin bihurtzen dizkit.