Aurkibidea
Alua alegia Juan Kruz Igerabide
Aurkibidea
Alua alegia Juan Kruz Igerabide
01. ESZENA
ZULOA
(Pertsonaiak: espe eta leo. Bi espeleologo-arkeologo. Eszenak kobazulo txiki baten barnealdea irudikatzen du.
Eszenografia alde batetik bestera zeharkatzeko moduko oihal geruzaz osatutako pantaila batean oinarritzen da.
Pantailan kobazuloaren pareta ikusten da. Erdian pertsona bat nekez sartzeko moduko zulo estu bat. Eszena osoan zehar koba barruan lehertzen diren ur tanten eroria entzuten da)
ESPE: (Off ahotsa) Benga, zuk ahal duzu-ta!
LEO: (Off ahotsa) Aaaaaahhh! (Ez dago argi oihu bat edo hasperen bat den)
ESPE: (Off ahotsa) Benga! Bultza!
LEO: (Off ahotsa) Aaaaaaaaaahhh!
ESPE: (Off ahotsa) Hartu arnasa, hartu arnasa! Benga, beste ahalegin bat!
LEO: (Off ahotsa) (Arnasaldi sakona entzuten da) Aaaaaaaaaaahhhh! (Pantailako zuloan zerbait mugitzen dela ikusten da)
ESPE: (Off ahotsa) Hori da! Hori da! Burua bidean da!
(Poliki-poliki, pantailaren erditik leoren burua agertzen hasten da. Pixkanaka, buruan duen kasko gorriak leku egiten du, burua bere osotasunean agerian utzi arte. Jarraian, alimaleko ahalegina eginez, ezker besoa kanporatu eta frontaleko argia pizten du. Harrituta, ingurura begiratzen du. Emeki-emeki, zulotik gorputz osoa ateratzea lortzen du: beste besoa, gorputza, hanka bat, bestea... Mugimendu guztietan nabarmena da egin beharreko ahalegina, hasperen eta arnasestuak ez dira nolanahikoak. espeleologia buzo zikin eta maiztu bat du jantzia. Soka bat du gerrira lotua. Sokaren beste muturra irten berri den zuloaren beste aldean dago, zilbor-heste bat bailitzan. Osorik irtetea lortzen duenean, bi pauso aurrera eman eta harri eta zur gelditzen da kobazuloko paretei begira)
LEO: (Harriduraz) Uuuaaaauuuu! (Burua ezker-eskuin mugitzen du frontalaren argiarekin zokomoko guztiak bereganatu nahian. Bat-batean, geldi-geldi geratzen da gora begira, aurrera, kobazuloko horma jakin bateko puntu zehatz batera. Segundo batzuen buruan, emozioek gain hartzen diote eta malkotan lehertzen da) Buuuuaaaa! Buuuaaaaa! Tumatxa! Ikaragarria!!!...
ESPE: (Barrutik. Off ahotsa) Ezer ikusten al duzu?
LEO: Buuaaa! Buuaaa! Ikaragarria!
ESPE: Banoa, e!
(Zerbait mugitzen da eta pantailaren atzealdea bultzatzen du)
LEO: (Begiak harri, puntu berera begiratzeari utzi gabe) Benga, zuk ahal duzu-ta!
ESPE: (Off ahotsa) Aaaaaaaahhhh!
LEO: (Begiak horman iltzaturik jarraitzen du) Benga! Bultza!
ESPE: (Off ahotsa) Aaaaaaahhhh!
LEO: (Mantra bat errepikatuko balu bezala) Hartu arnasa! Hartu arnasa! Benga, beste ahalegin bat!
(Pantailaren zulotik kasko itxurako zerbait hasten da agertzen. espek hasperenka jarraitzen du, eta saiakera batzuen ondoren, kasko bat zela uste, eta izan, tripodea duen foku bat da)
ESPE: (Off ahotsa. Fokuaren pisua jasan ezinik) Aaaaaaaahhhhhhhh!
LEO: (Azken oihuak birarazi eta bere baitatik ateratzen du) Bultzaaa, bultzzz....! Uiii, barkatu!
(Azkar batean tripodea hartu eta agertokiaren izkina batean kokatzen du. esperen hasperen gehiago entzuten dira barruan, eta bigarren foku bat ateratzen da zulotik. leok jaso eta agertokiaren beste aldean pausatzen du. leok bi argiak pizten ditu. Argi hauek, kaskoen argiekin batera, antzerki obra osoaren argiztapenerako erabiliko dira. Bigarren fokua piztean, petate bat agertzen da zulotik, eta leok jaso eta foku baten ondoan kokatzen du)
ESPE: (Off ahotsa) Banoa, e!
(Zerbait mugitzen da eta pantailaren atzealdea bultzatzen du)
LEO: Benga, zuk ahal duzu-ta!
ESPE: (Off ahotsa) Aaaaaahhhh!
LEO: Benga! Bultza!
ESPE: (Off ahotsa. Kaskoa agertzen hasten da) Aaaaaahhhh!
LEO: Hartu arnasa! Hartu arnasa! Benga, beste ahalegin bat!
ESPE: Aaaaaaahhhh! (Zulotik burua ateraz. Nekearen nekez, hasperenka)
LEO: Oso ondo! Benga, orain eskua!
ESPE: (Ahal duen moduan ezker besoa atera, eta behin ezker besoa aterata, eskumuturra ixten du amorruz eta oihuka...) Baaaaaiiiiii!
LEO: Oso ondo! Benga, beste eskua!
ESPE: (Eskuineko besoarekin ekintza bera errepikatzen du, eta bukatzean, eskuak ukabil, bi besoak goratu eta tanto egin berria ospatzean pilotariak nola, hala egiten du oihu) Baaaaaiiiiii!
LEO: Ezin hobeto ari zara! Orain gorputza!
ESPE: (Ahalegin betean, gorputz osoa ateratzen saiatzen da. Gerriarekikoak egin nahi eta ezinean, egitekoaren zailtasunaz jabetzen da. Arnasa sakon hartu, besoak gerrian pausatu eta oihuka...) Ezzzzzzz! (Sakon hartzen du arnasa berriz. leok keinuen bidez bideratzen dizkio arnasketak. espek, prest dagoela sentitzen duenean, beste saiakera bat egiten du gorputza osorik kanporatzeko. Ez du lortzen) Ezzzzzzzzzzzz!
LEO: Animo! Benga, nik lagunduko dizut!
(Sokatira saio batean balego bezala, elkarren gerrietara lotutako sokari tira egiten dio leok espe zulotik ateratzen saiatzeko. Ondo kostata, eta modu oso komikoan, espek hanka bat ateratzea lortzen du eta ondoren bestea, osorik irtetea lortu arte. espe bera ere espeleologo jantzi zikin batekin agertzen da. Biek, elkar besarkatuz, lortutakoa ospatzen dute....)
ESPE eta LEO: Baiiiiiiiiii! (Nekeak akituta, baina aldi berean lortu izanaren pozak hartaratuta, lurrera amiltzen dira belauniko) Baiiiiiiii!
LEO: Lortu dugu!
ESPE: Barruan gaude, barruan gaude!
(Emozioz beteriko besarkada estu batean biltzen dira. Pausa. Pixkanaka-pixkanaka, besarkada laxatu eta publikoaren aurrean belaunikatzen dira. leok lehen aurkitutako puntura zuzentzen ditu begiak. espek ezker-eskuin mugitzen du burua kobazuloko paretak aztertzeko. Handik gutxira, bere laguna hartaratu duen puntuan iltzatzen ditu begiak. Hasieran ez dio taxurik hartzen. Imintzio arraroak egiten ditu, eta modu eta jarrera ezberdinetan erreparatzen dio zentzua aurkitu nahian. Azkenean, zer den asmatu duelakoan, aurpegiera guztiz antzaldatzen zaio. Biak belauniko eta ahozabalik geratzen dira paretan dagoen “horri” begira)
LEO: Uaaaaauuu! Ikaragarria!
ESPE: Bai, ikaragarria! Uaaaaaaauuuu!
LEO: Izu... izugarria da!
ESPE: Izugarria da, bai.
LEO: Tu-tumatxa!
ESPE: Bai, tumatxa!
LEO: Hori.. “hori” da, ezta?
ESPE: Bai... hori... “hori” da.
LEO: Argi dago... “Hori”. (Bere pubisa seinalatzen du eskuekin)
ESPE: “Hori” da. (Berak ere berea seinalatzen du)
LEO: Alu bat.
ESPE: (Baieztatuz) Potota bat.
LEO: (Zutitu eta irudia neurtzeko Tablet bat ateratzen du petatetik) Metro eta erdiko alu bat.
ESPE: (Bera ere altxatu egiten da) Potota erraldoi bat.
LEO: Uaaaaauuuu! Ikaragarria!
ESPE: Bai, tumatxa! Uaaaauuuu!
LEO: Zenbat urte ote daramatza hemen? Hamar mila? Hamabost mila? Hogei mila?
ESPE: Betidanik...
LEO: Betidanik!
ESPE: Badakizu? Sentipen arraro bat dut...
LEO: Zer esan nahi duzu?
ESPE: Sentitzen dut... Ez dakit... Denak bertatik ateratakoak garela. (“Horri” erreferentzia eginez)
LEO: Jakina! Denak hemendik ateratakoak gara (Bere pubisa seinalatzen du)
ESPE: Ez da hori. Esan nahi dut denok hemendik atera garela iruditzen zaidala. (Bere ingurura begiratzen du argi uzteko kobazuloaz ari dela)
LEO: Zulo horretatik?
ESPE: Ez. Ea... Lurraren barnean gaude; Amalurren barnean.
LEO: Orduan...
ESPE: Behinola denok irten ginen leku horretan gaudela hain justu.
LEO: Amalurren bilobak gara!
ESPE: Amalurren alabak!
LEO: Amalur... Aiba, konturatu zara?
ESPE: Zertaz?
LEO: (“Horri” begira, eskuekin alu bat itxuratzen hasiko da hitz hauek esaten dituen bitartean...) Amalur... ama... alu... lur...
ESPE: (Berak ere bere eskuekin alua itxuratzen du) ama... alu... lur... Amalur!
(Geldiunea. Eskuak goratuta, alua itxuratzen dute biek tarte batean)
LEO: Aske sentitzen naiz (Gerrietara lotua duten soka askatzen hasten da) Amalurren umetokian gaude!
ESPE: Amalurren umetokia! (Bera ere soka askatzen hasten da) Aske gaude! Amalurren alabak!
LEO: Aske! (Askatu berri duen soka seinalatuz) Zilbor-heste berak lotuak... Amalurren alabak!
ESPE: Leo eta Espe! Betidanik! Betidanik eta betiko bat eginik!
LEO: Espe eta Leo! Amalurren alabak!
ESPE eta LEO: (Sokarekin alu baten irudia egiten dute) Leo eta Espe! Betidanik! Amalurren alabak! (Sokari eragin, eta ume txikien modura, jauzika hasten dira bertsoak kantatzen dituzten bitartean)
Bultza, bultza barrura,
barrendu, barrendu!
Nola mundu borobil
batean gauden gu,
hiruki honek hemen
ondo koadratzen du.
Sasi guztien gainetik
laino guztien azpitik
sorgin batek ametsak
ipuin bihurtzen dizkit,
ikimilikiliklik,
ipuin bihurtzen dizkit.
Espe eta Leo bi
herritar koittadu,
jakinmina noranahi
harro daramagu,
Ama-alu-lurraren
alabak gara gu.
Sasi guztien gainetik
laino guztien azpitik
sorgin batek ametsak
ipuin bihurtzen dizkit,
ikimilikiliklik,
ipuin bihurtzen dizkit.
(Bertsoa bukatu ondoren biek barre egiten dute eszenografia aldatzen duten bitartean)