Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Denonartean, 2020

 

11. ESZENA

MUSEOA

 

(Argi aldaketa. espek “potone askatu” irakur daitekeen grafitti bat egiten du zeharkatu berri duen pantailan... Agertu bezala desagertzen da espe. leok banderatxo bat atera eta museoko gida bihurtzen da. Pantailan leok aipatuko dituen artisten irudiak agertuko dira)

 

LEO: Zatozte, zatozte hemendik, mesedez. Pototaventure museoaren bisitarekin jarraituko dugu. Ongi da, hemen Jacguelin Secor artistaren “Alu loratuak” ikus ditzakegu... Nahiz eta Jacquelin Secor-en “Alu loratuek” funtsean printzipio berberak aldarrikatzen dituzten, izan ez dute zerikusirik ikusi berri ditugun Marina Abramovich eta Pussy Riot-i eskainitako salakoekin... Jarraian agian hain ezagunak ez izan arren, garrantzi gutxiagokoak ez diren beste artista batzuen obrak ikusiko ditugu. Hona hemen Megumi Igarashi artista japoniarra, Rokude Nashiko “sasiko neska” bezala ezagunagoa dena. Rokude Nashikok bere aluaren 3D irudi bat hartu, eta tamaina handiagotuta, piragua bat ondu zuen. Bere genitalak erakusten zituelakoan, obra honengatik atxilotu egin zuten artista japoniarra... Beste artista hau Casey Jenkins da, australiarra... Casey Jenkinsek performance bat ondu zuen 28 egunez bufanda bat ehuntzean zetzana. Bufandaren artilea bere alutik pasatzen zuenez, hilekoaren arrastoak ere ikus zitezkeen bertan... Eta bukatzeko erreferente handi bat: Rocio Boliver artista mexikarra “La congelada de uva” bezala ezaguna... Rocio Pototafonoaren asmatzailea da; inbutu eta puzgailu batez osatutako haize instrumentu bat da, aluan airea presioan pasaraziz funtzionatzen duena... Baina xehetasunik galdu gabe gozatu ahal izateko, zuzenean Pototafono pieza bat entzungo dugu gure artista gonbidatuaren eskutik... Zuekin guztiokin... Espe Troglobio! (Pantaila zeharkatu eta espe alura lotutako puzgailu eta inbutu batekin agertzen da. Pieza motz bat interpretatzen du. Pieza bukatu ondoren, Hip-Hop doinu bat entzuten da. leo eta espek doinu hori erabiliz kantatuko dute)

 

Bufanda izan arren

Casey-ren laguna,

Pototafonoa da

gu bion kuttuna

ukitzen dugunean

hunkitzen gaituna.

 

Sasi guztien gainetik,

laino guztien azpitik,

sorgin batek ametsak

ipuin bihurtzen dizkit,

ikimilikiliklik,

ipuin bihurtzen dizkit.