Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Denonartean, 2020

 

02. ESZENA

KONFERENTZIA

 

(Espeleo-arkeologian adituak diren bi lagunen hitzaldia irudikatzen du eszenak. bi aktoreen aurrean atril bat. Hitz egiten duten bitartean, pantailan harkaitzetan hilezkortutako aluen irudiak eta gaiaren inguruko beste hainbat izango dira ikusgai)

 

LEO: Gabon guztioi. Lehenik eta behin, ongietorria eman nahi dizuegu komunitate zientifikoko ordezkari guztioi.

ESPE: Guretzat ohore handia da txosten hau zuekin partekatu ahal izatea: “Haitzuloak, kobazuloak eta beste zulo batzuk”.

LEO: 2017ko uztailean albiste batek zientzia aldizkarietako lehen orrialdeak bereganatu zituen.

ESPE: Errenteriako Aitzbitarte IV kobazuloan paleolito garaiko aurrekaririk gabeko grabatuak aurkitu zituzten, duela 15.000 urteko metro bat baino luzeagoko alu baten grabatua besteak beste.

LEO: Albistea irakurri ahala, izan, bi alu direla jabetuko gara, lehenengoaren azpian txikiago bat ageri dela alegia.

ESPE: Asko dira historiaurreko aluen irudiak aurkitu diren kobazuloak.

LEO: Frantziako hegoaldean bereziki...

LEO: ...Angles, Cazelle, Cavaille, Magdeleine, Montespan, Le Blanchard, La Ferrassie, Cellier, Abri Castanet, Arcy-sur-Cure, Pergouset, Bedeilhac, Gargas, Chaucet edo Fronsac...

LEO: Eta iberiar penintsularen iparraldean...

ESPE: Micolon, La Lluera II, El Castillo, Chufín edo hain famatua den Tito Bustillo haitzuloko El Camarín de las Vulvas... Edo hegoalderago dagoen Los Casares-ekoa.

LEO: Euskal Herrian ere aurki ditzakegu Praile-Aitz, Ekain edota Oxocelhaya-n.

ESPE: Eta, jakina, Errenteriako Aitzbitarte IV kobazuloan.

LEO: Margotutako aluak badiren arren, gehienak silexezko puntzoiekin zizelkatutako grabatuak dira.

ESPE: Alu itxiak daude, eta baita ireki eta dilatatuak ere.

LEO: Batzuk haitzuloko hormen forma eta zuloak baliatuz eginak dira.

ESPE: Zenbait okrez edo gorriz margotuak...

LEO: Ingurua pubiseko ileez irudikatua dutenak ere badira...

ESPE: Zaharrenak orain dela 40.000 urte ingurukoak dira.

LEO: Eta ia alu guztiak haitzuloetako txoko ezkutu eta sarbide bihurriko lekuetan ageri dira.

ESPE: Amalurren umetokian.

LEO: Amalurren umetokian!

 

(Atrilaren atzetik atera eta aurrez alua kokatua zuten hormara gerturatzen dira)

 

ESPE: Amalurren umetokian.

LEO: Amalurren umetokian!

 

(biek aluari begiratzen diote)

 

ESPE eta LEO: Baina...nola egin ote zituzten?