Aurkibidea
Alua alegia Juan Kruz Igerabide
Aurkibidea
Alua alegia Juan Kruz Igerabide
08. ESZENA
HAITZULOA
(Pantailaren albo batetik espe agertzen da begiak Tabletari emanak. Lasai dator, lasai eta burumakur...)
ESPE: (Tabletean irakurtzen ari denari ahotsa jarriz) Potone... Platonen arreba. Potone... Egia! (Ozenago) Egia!!!
LEO: (Keroseno gel ontzia hartuta) Zer baina?
ESPE: E?
LEO: Ea zer den egia.
ESPE: Potone...
LEO: Potone?
ESPE: Bai, Potone. Platonen arreba.
LEO: Haitzuloko Platon?
ESPE: Bai, Platon, Haitzuloko Platon. Arreba bat zuen, bazenekien? Eta Potone zuen izena.
LEO: (Errezitatuz) ... Gizon batek kobazulo honetan bere kateetatik askatzeko aukera izango balu, argirantz egingo luke ihes. Hasieran itsu geratzeko arriskua hartuko luke, baina pixkanaka-pixkanaka...
ESPE: (Moztuz) Nola? Gizon batek kobazulo honetan bere kateetatik askatzeko aukera izango balu, argirantz egingo lukeela ihes? Potone emakumea zen. Emakumea!
LEO: Zer?
ESPE: (Haserre) Zuri normala iruditzen al zaizu? Normala, zuzena, egokia, zentzuzkoa, jus-tu-a iruditzen al zaizu?
LEO: (Ezdu ezer ulertzen) Zer baina?
ESPE: Ba guri sekula esan ez izana Platonek arreba bat zuela. Arreba nagusiago bat!
LEO: Arreba nagusiagoa?
ESPE: Bai. Potone. Platonen arreba.
LEO: Potone... Platonen arreba...
ESPE: Arreba nagusia! Ulertzen al duzu? Arreba nagusia!
LEO: (Sorbaldak uzkurtzen ditu) Ez ...
ESPE: Mundu guztiak daki Platon filosofo handia nor den, baina Potone zergatik ez du inork ezagutzen? (leo errezitatzen imitatuz) “Gizon batek kobazulo honetan bere kateetatik askatzeko aukera izango balu, argirantz egingo luke ihes”... Kaka zaharra! Kaka zaharra eta berria! Ez da justua! Unibertsitatean irakatsi behar ligukete: “Zabaldu liburua, gaur Potoneren anaia ikasiko dugu” ... Potoneren anaia alua! Ondotxo zekien Potonek, bai, zer den haitzuloan bizitzea!
LEO: Tira, ez zaitez horrela jarri... Platoni buruz ari zara...
ESPE: (Gero eta haserreago) Potoneren anaia zen! Eta Potonek potota zuen! Ulertzen al duzu? Potoneren anaia txikia. Ez al duzu uste Platonek gauza asko ikasiko zituela bere arreba nagusiarengandik?
LEO: Nik beti miretsi izan dut nire ahizpa nagusia..
ESPE: (Amorruz) Nik beti eduki nahi izan dut ahizpa nagusiago bat! (Pantailaren atzetik korrika irteten da)
LEO: Dakidan guztia ahizpari zor diot... Dena erakutsi zidan... Saxofoia jotzen erakutsi zidan... Saxofoia... (Zerurantz egiten du oihu izaki ahalguztidun bati ariko balitzaio bezala) E, ametsen sorgina! Ametsen sorgina! Saxofoia? (Bi txalo lehor jo eta saxofoi bat agertzen da pantailaren atzeko aldetik)